Egunero bezala, emazte langile baten egunerokoa

Irati Fernandez Arbelaitz
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Goizeko 6:00etan jo du alarmak.

Segidan jaiki eta egunean beretzat duen oren erdiaz gozatu du: dutxa eta gosaria. Egunari aurre egiteko prest. Haurrak iratzarri, prestatu. Etxea ahal bezainbat bildu, gosariko gauzak garbitu eta erratz ukaldi bat sukaldean. «Ama, non da nire boneta?»  Bazkaria hartu hozkailutik. Haurrak eta puskak autoan sartu eta ikastetxera bidea.

Euria ari du gaur ere. Haurrak utzi eta Michelen etxera, beranta pixka bat du gaur ere, espero zuzendariek ez diotela aurpegiratuko. Egun on! Gosaria prestatzen dio. Goserik ez, gaur ere. Garbitzera eraman du eta jantzien aldatzera. Ondotik, egunkaria irakurriko dute elgarrekin eta bizpahiru kalaka trukatu, egunero bezala. Batzuetan, kinea edota ortofonista jiten dira eta plazer egiten dio beste profesional batzuekin gurutzatzea, berak ez baitu bere lankiderik sekula gurutzatzen. Pentsatzen du pena dela, gauza anitz lituzketelako trukatzeko, azken finean, pertsona berak zaintzen ari dira.

Etxea garbitzen du, egunero pixka bat. Bazkaria prest da, Michel mahainean ezartzen du. Berak ere bere bazkaria berotzen du. Ondotik, pausarako momentua. Tarte horretan, bizpahiru dei pasatzen ahal ditu: hitzordu bat hartu dentistan senarrarentzat, burasoak deitu erosketak eginen dituenez, zerbait behar duten galdetzeko...

Arratsaldea joan da eta ilundu du Michel agurtu duenerako. Jendeak eta instituzioek behin eta berriz gutxiesten dute bere lana, alta denok behar dugu zaintza bizitzako hainbat momentutan. Erosketak ahal bezain fite egin ditu jendez lepo den supermerkatuan eta etxeratu da, familiarekin elkartzera. Orain afaria bada prestatzeko eta haurren etxeko lanak. Gaur ere ez du denborarik izan jantzien garbitzeko, bihar egin beharko. Facebook ireki eta joan den asteko greba feminista aipatzen dela ikusi du, zaintza omen zen ardatzetako bat, behingoz artikulu bat irakurtzeko denbora hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.