Euskal Elkargoak prebentzio neurriak hartu ditu itsasbazterrean 'Ostreopsis' algaren kontra

2021az geroztik, 'Ostreopsis' mikroalgak emendatu dira Lapurdiko kostaldean, larrialdi klimatikoaren ondorioz. Gizakiari ezinezkoa zaio itsas bizidun hori begiz ikustea. Gehienetan, larritasun gutiko gripe sintomak eragiten ditu.

Bainulari batzuk, Miarritzeko hondartzan, iazko urtarrilean. GUILLAUME FAUVEAU
Bainulari batzuk, Miarritzeko hondartzan, iazko urtarrilean. GUILLAUME FAUVEAU
2025eko uztailaren 18a
17:29
Entzun 00:00:0000:00:00

Uztailaren 15ean egindako datu bilketak Ostreopsis algaren gehiegizko presentzia erakutsi du Lapurdiko kostaldean. Izan ere, joan den ostiralean, Euskal Hirigune Elkargoak eta ARS eskualdeko osasun agentziak hainbat proba egin zituzten kostalde osoan. Ondorioztatu dute mikroalga «oso» presente dela batez ere Miarritze eta Donibane Lohizune artean (Lapurdi). Ez da lehen aldia ikerketa bat plantan ematen dela eskualde horretan. 2021ean agertu zen alga kostaldean, eta ondoko urtean ikerketa plantan eman zuten fenomenoa ulertzeko eta osasun arauen finkatzeko.

Hori dela eta, Euskal Hirigune Elkargoak eta ARSak zenbait ondorio eta gomendio atera dituzte, kostaldeko hainbat eragileri zuzenduak. Ostreopsis algaz babestea «zaila» da, gizakiak ez baitu begiz ikusten ahal. Dena den, zehaztu dute algaren presentzia handiagoa dela arroken gainean. Ondorioz, harriak diren bazterretatik urrun egotea aholkatu dute. Bestalde, itsasoko urarekin kontaktuan egon ondotik, dutxa baten hartzea gomendatu dute. Gainera, algaren presentzia handia denez, pertsona «ahulek» bainatzea edo itsasbazterrean ibiltzea saihestu behar dutela aholkatu du Elkargoak.

Ez dituzte bainurako gomendioak bakarrik eman. Arrantzari dagokionez, arrantzaturiko itsasoko arrainak «ongi» garbitzea eta erraiak ateratzea galdegin dute. Azkenik, eman gomendioez gain, itsasbazterrean prebentziorako baliabideak plantan ezarriko dituela segurtatu du Elkargoak. 

Ostreopsis alga ez da baitezpada arriskutsua, baina, osasun agentziak zehaztu bezala, hainbat traba sortzen ahal ditu hunkiz gero. «Mikroalgarekin kontaktuan egon direnek gripearen sintomak izan ditzakete, baina larritasun gutikoak izan ohi dira: eztula, eztarriko mina, sudurreko eta begiko infekzioak, arnasketa arazoak, sukarra, dardarak, giharretako mina, buruko mina eta abar. Sintoma horiek alga hunki eta sei orenera agertzen dira, eta, normalean, hiru eta lau egun artean konplikaziorik gabe desagertzen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.