Arantxa Idieder

Ez du nehoiz bere izena erraten

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hau da hau estrategia fina. Vincent Bollore miliarduna bere inperio ideologikoa garatzen ari da, ttuku-ttuku. Urtez urte, erreakzionarioak Frantziako hedabideak eta argitaletxeak erosten ditu, bereganatzen eta propaganda tresna gisa erabiltzen.

Telebista, irrati edo aldizkari, hedabide guziak osagarri dira. Batek polemika botatzen du, beste batek komentatzen du eta hirugarrenak politikariak galdekatuko ditu lehenak bota duen polemikaz. Ondorioa da eremu mediatiko osoa eskuin muturrera mugitzen dela. Eta, azkenean, hedabide guziek aipatzen dute. Immigrazioaren inguruko obsesioa, segurtasunik eza, ezkerraren «lerratzea», «trans lobby-a», «wokismoa» eta eskuin muturrak sortu beste gai eta kontzeptuak iritzi publikoaren eztabaidetan sartzen dira.

Islamofobia, xenofobia, sexismoa, transfobia ikuspegi onartuak bezala agertzen dira orain, adierazpen askatasunaren edo ideien aniztasunaren izenean. Hara zertan garen.

Aipatzen dudan hedabideen bilakaera hori Salome Saque kazetariak idatzi duen Résister liburutik atera dut, kasik hitzez hitz. Liburua laburra da, argia, irakurterraza, begi eta moltsa alferrentzat egokia, bost eurotan salgai baita. Eskuin muturraren igatea, haren lekua, eta hedabideetan eta sare sozialetan hartzen duen lekua ditu gai nagusi, eta, sustut, aurre egiteko bide batzuk proposatzen ditu. Ez da aterabide magikorik hemen, baina Pierre-Edouard Sterin eta haren lagunak, Miarritzen instalatzen ari direlarik, edo Irunen pintaketa faxistak agertzen diren garai honetan, egoeraz eta mekanismoez kontzientzia hartzeko balio du. Liburuan irakurri François Girouden hitzekin bukatzeko: «Horrela hasten da faxismoa. Ez du nehoiz bere izena erraten, arrastaka ibiltzen da, airean da, sudurraren punta erakusten duenean, erraten da: 'Uste duzu? Ez da handiegitu behar!'. Eta egun batean, muturrean hartzen duzu, eta berantegi da botatzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.