Ihurtzuri Gazte Feministak

Feminismoa lubaki

Aña Iriart Barneix, Maddi Kintana Morcillo, Elaia Hegi Gorostiaga, Eneka Barnetxe Borda, Irantzu Idoate Funosas
2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pobreziak, prekarizazioak, genozidioak eta despolitizazioak zeharkatzen gaituzte garaiotan: pribatizazio neoliberalak, erretretaren gibelatzea, Macronen politika autoritario neoliberalak, gazte abertzaleen kontrako jazarpena, Palestinako genozidioaren zuriketa, euskal erakundeen kontrako oldarraldia, misoginia eta transfobiaren banalizazioa. Eta zerrenda luza genezake. 

Geldirik nahi gaituzte, isilik, istilurik gabe; ikusi besterik ez da irailaren 10eko blokeatze egunean emandako estatu eta polizia errepresioa. Izutu nahi gaituzte, baina ez dute lortzen, karriketan eta borrokan segitzen dugulako. Euskal feminismoak ematen dizkigu horretarako gakoak: borroka tradizio baten lekukoa hartu, gibelera egin, eta aitzina egiteko grina berretsi. Subjektu feminista erdigunean jarri genuen eta, hala, aldarrikatzen segituko dugu, subjektu eraldatzaile gisa.

Euskal Herriko Gazte Feministen sarea 2017aren bueltan sortu zen, Hego Euskal Herriko hainbat herritan gazte feministen taldeak sortu zirelarik eta lehen udaleku feminista batzuk antolatu zirelarik. Gaur egun Euskal Herriko geografia osoan topatzen ahal dira gazte talde feministak, Basauritik Donostiara, Tafallatik Laudiora. Ipar Euskal Herrian batzeko eta elkarrekin konspiratzeko premiak bultzatuta, 2023ko Baterajotzearen inguruan hainbat gazte bildu ginen: horren fruitu, Ihurtzuri sortu genuen. Ordutik, gazte abertzale feministen boza eramaten entseatu gara: izan sare sozialetan, ekintzen bidez edo elkarretaratzeetan. 

Garrantzitsua da oroitzea elkartzen gaituenak ez dela “neska” izatea, nahiz eta hala sozializatu gehienak: patriarkatuak Euskal Herrian gauzatzen duen zapalkuntzak batzen gaitu, erregimen heterosexualean egikaritzen dena.

Horregatik guztiagatik, urriaren 31tik azaroaren 2ra Zaldibar bihurtuko da gazte feministon lubaki. Lehenengo Baterajotzetik lau urte pasatu diren honetan, hirugarren ediziorako buru-belarri ari gara lanean: gozamena eta borroka batzeko askatasun osoz. Duela bi urte, Usurbilen 800 gazte feminista batu ginen, utopia berriak irudikatzeko asmotan. Aurten, elkargune berri honetan iraultza feministarako gakoak pentsatzen jarriko gara tailerren, mahai-inguruen eta kontzertuen bidez. 

Hartakoz, Ipar Euskal Herritik gazte feminista talde bat joanen gara, geure lurraldetik eta lurralderako ekarpenak egiteko xedez. Bizi dugun egoera tentsionatuan, auzitegien ateetan protestan egotera behartu gaituzte: J’accuse prozesua, blokeatze mugimenduak, Marienea, EHEko aldarriak… eta guk horri planto egin eta elkartasunez eta feminismoz erantzunen diogu. Gazte feminista, zatoz gurekin ongi pasatzera, mintzatzera, eztabaidatzera eta, batez ere, mundu berri baten alde zure alea ematera. Urriaren 31tik azaroaren 2ra zure zain izanen gara Zaldibarren!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.