Hutsune handia da haurren errehabilitazio eta birgaitzerako Ipar Euskal Herrian: prozesu guzia egiten duen egiturarik ez da, eta, horren ondorioz, familien gain da haurrek artak ukaiteko joan-jin eta ahalegin guziak egitea. Horren ondorioz, artaren alde batzuk bazter utzi behar izaten dira, eta profesionalen arteko saretzerik ez da. Egoera ikusirik, Kusku elkartea sortu zuten osasun langile eta familia batzuek 2021ean, eta egitura bat irekitzeko proiektua bidean dute. Eskualdeko Osasun Agentziarekin eta lekuko instituzioekin negoziatzen ari dira, eta hemendik zenbait urtera hamabost leku izanen dituen egoitza bat ireki nahi dute. «Beharrezkoa da egitura bat haurren eta familien bizitokitik hurbil izanen dena eta arta prozesu osoa segurtatuko diena», erran du Maddi Errezarret elkarteko lehendakari eta kinesiterapeuta pediatrikoak.
Preseski, gai horren inguruan sentsibilizazio lana egiteko mahai inguru bat antolatu zuen Kusku elkarteak iragan larunbatean, Baionan. Guraso batzuk eta profesional batzuk bildu ziren bata bestearen esperientzien berri eman eta errehabilitazio pediatrikorako egituraren proiektua aurkezteko. Argi utzi dute edozein haurrek izan dezakeela halako egitura baten beharra: istripu baten ondotik, elbarritasun baten ondorioz edo operazio baten ondotik beharrezkoa izan daiteke birgaitzea egitea.
Mahai inguruko hizlarietako bat Nora Poulain izan zen —bideokonferentziaz parte hartu zuen—. Gizarte hezitzailea da, baita Haizeren ama ere. Elbarritasun anizkoitza zuen haren semeak, eta 2020an zendu zen, 10 urterekin. Haizeren Bidean elkartea sortu zuen 2012an, eta Kusku elkarteko partaide da orain. «Batzuetan, errehabilitazioa biziki pisua izaten ahal da familientzat, eta urrun izateak are gehiago zailtzen du prozesua. Familia bizitik arrunt moztuak izaten ahal dira horregatik. Zerbitzu egoki bat behar da», erran du Poulainek.
«Beharrezkoa da egitura bat haurren eta familien bizitokitik hurbil izanen dena eta arta prozesu osoa segurtatuko diena»
MADDI ERREZARRETKusku elkarteko lehendakaria
Pettan Hayetek ongi daki halako joan-jinak egitea zer den; ortofonista da egun, baina paziente ere izan zen. Haurra zelarik, ebakuntza handi bat egin behar izan zioten zangoetan, eta errehabilitazio luzea egin behar izan du. Mahai inguruan parte hartu zuen hark ere. «Ene kasuan, aukera hurbilena Tolosa zen [Okzitania], han zentro bat bai baita, eta sei hilabetez egon behar izan nuen. Aski gogorra da haurrarentzat eta gurasoentzat adin horretan etxetik urrun izatea», aitortu du Hayetek. Uste du bere garaitik gauzak ez direla aldatu.
Arten segurtatzeko, gainera, gurasoetariko batek lan geldialdia hartu behar izaten du —gehienetan, amek—: «Elbarritasun handia eta mendekotasun handia duten haurrekin etengabe egon behar da hor, nahiz eta ospitaleratuak izan, eta horrek, noski, ikaragarri eragiten du familia bizian», kontatu du Poulainek.
970.000
Zenbateko aurrekontua duten funtzionamendurako, eurotan. Birgaitze pediatrikorako zentroaren urteko funtzionamendu aurrekontua 970.000 eurokoa litzateke, Kusku elkartearen kalkuluen arabera. Kostu handiena langileena da: 700.000 euro.
Gizarte hezitzaileak gehitu du halako egitura baten faltak kalte egiten diola artari berari. Izan ere, kinesiterapia egiteko medikuaren agiria nahikoa bada ere, bestelako espezialitate batzuentzat zailagoa da profesionalak lortzea: ortofonosita, ortoptista, psikomotrizialaria, ergoterapeuta... Gainera, arta guziak ez ditu gizarte segurantzak ordaintzen. «Profesional gisa ikusten dudalarik gurasoek zenbat batailatu behar duten zentro horietan leku bat ukaiteko eta haurrek beharrezkoa duten arta ukaiteko, egoera kezkagarria dela iruditzen zait», gehitu du Hayetek. Egoera horri gehitzen zaio Elbarrien Departamenduko Etxean elbarritasun dosierra muntatzea biziki luzea izan daitekeela kasu batzuetan, eta hori gabe artak eskuratzea zailagoa dela.
Egitura bidean
Egoeraren diagnostiko bat egin zuen Kusku elkarteak, eta Ipar Euskal Herrian halako egitura batek 15-20 lagunendako lekua behar luke. Hortaz, muntatu duten proiektuan hamabost leku izatea aurreikusten dute. Bi sistema izanen ditu: eguneko ospitaleratzea eta lantalde ibiltaria. Astelehenetik ostiralera irekia izatea nahiko lukete, eta asmoa da Baiona eta Hendaia artean eraikitzea. Eskualdeko Osasun Agentziarekin harremanetan dira baimena eta diruztatzea lortzeko, Errezarretek esplikatu duenez. Oraingoz, ezin dute zehaztu noiz irekitzen ahalko duten, baina ondoko hiruzpalau urteetan izanen dela espero dute Kusku elkartekoek. Elkartea izanen da egituraren kudeatzaile.
«Profesional gisa ikusten dudalarik gurasoek zenbat batailatu behar duten zentro horietan leku bat ukaiteko eta haurrek beharrezkoa duten arta ukaiteko, egoera kezkagarria dela iruditzen zait»
PETTAN HAYETOrtofonista
Profesionalek elkarrekin lan egiten ahalko dute egitura horretan, eta, Errezarreten arabera, ezinbestekoa da elkarlan hori arta hobetzeko. «Oraingoz, liberalean segituak dira haur gehienak, baina liberalean ari garenok gure kontsultendako baizik ez gara pagatuak. Hortik kanpo paziente bat segitzeko egiten dugun lana ez da kontuan hartua; alta, denbora anitz eskatzen du». Hain zuzen ere, errehabilitazio pediatrikorako zentro batean elkarlan hori lan denboran kontuan hartua da. Hamabost bat langileko egitura osatu nahi dute: erizaintza, kinesiterapia, ergoterapia, ortofonia, psikomotrizitatea, ortopsia, pediatria, kirurgia ortopedikoa, errehabilitazio medikuntza eta endokrinologia zerbitzuak plantan ezartzeko asmoa dute, baita laguntza psikologikoa, heziketa laguntza eta laguntza soziala ere. Lantalde ibiltari bat izanen denez, Ipar Euskal Herri barnealdeko eta kostaldeko «desoreka» arintzea espero dute.
«Osasun arloan eskaintza deialdiak badirelarik, irabazi oparoak dituzten talde handiak lehenesten dira, elkarteen kalterako. Enpresa handi horiek, alta, kostuak murrizten dituzte, eta, beraz, artaren kalitatea apaltzen da»
NORA POULAINGizarte hezitzailea eta ama
Botere publikoek huts egiten duten tokian, beste hainbat arlotan bezala, elkarteen munduak erreleboa hartu behar izan du hutsuneari aurre egiteko. «Gauzak gero eta bertikalago eta zentralistago eramaten» dira, Kusku elkarteko lehendakari Errezarreten ustez, eta gisa horretako proiektuak zailtzen ditu horrek. «Profesionalek ikusten dituzten beharrak eta Kusku elkartean ikusi ditugunak berberak dira, eta gero eta partaide gehiago ditugu inguruan. Horrek erran nahi du Eskualdeko Osasun Agentziarengana berriz joanen garelarik lurralde baten izenean joanen garela».
Poulainek argi du elkarteek beren gain hartu behar dituztela halako proiektuak, baliabiderik gabe, eta botere publikoek arrunt bazter uzten dituztela betebehar horiek. «Osasun arloan eskaintza deialdiak badirelarik, irabazi oparoak dituzten talde handiak lehenesten dira, elkarteen kalterako. Enpresa handi horiek, alta, kostuak murrizten dituzte, eta, beraz, artaren kalitatea apaltzen da», gaitzetsi du. Hain justu, horregatik «beharrezkoa» eta «agerikoa» iruditzen zaio familien eta profesionalen proiektuei lehentasuna ematea.