Herri Urratseko lehendakariordea

Mañu Erbiti: «Herri Urratsen helburua besteei ere euskara zabaltzea da»

Maiatzaren 11n iraganen da Iparraldeko ikastolen 42. besta, Senperen. Antolaketa taldeko bulegoko lehendakariorde Mañu Erbitik erran du eguna hurbildu ahala «presioa» handitzen dela.

Mañu Erbiti, Herri Urratseko lehendakariordea, Kanboko Seaskako egoitzan apirilaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Mañu Erbiti, Herri Urratseko lehendakariordea, Kanboko Seaskako egoitzan, apirilaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko maiatzaren 2a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 11n izanen da Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta, Senpereko aintzira inguruan. 42. aldia izanen da aurtengoa, Elgarrekin leloarekin eta erle beltza ikur grafiko gisa harturik, eta irabaziak sute baten ondorioz kaltetu zen Arberoako ikastolara joanen dira. Herri Urratseko antolaketa bulegoko lehendakariorde Mañu Erbitik (Uztaritze, 1971) erran du geroz eta handiago bilakatzen den besta dela.

Herri Urrats hurbiltzen ari da. Nola bizi dituzu azken asteak?

Bulegoak lana ekainean hasiko du; beraz, lanean segitzen dugu. Duela bi urte berrantolaketa bat egin genuen, eta bulegoa aldatu zen. Ikastola bakoitzak bazekien zer egiten zuen, baina lan txandetan ez zen batere orekatua. Ikastolen artean orekatzeko lan egin dugu, eta jakin behar da orain enpresa bat bezala antolatua dela; badira milaka gauza egiteko, eta bulegoan antolatuak gara bakoitzaren konpetentziekin. Batzuk jan eta edanen manatzean, besteak logistikan...; bakoitzak badu bere lana. Urteko lana da, eta, beraz, bai, presioa bada hurbiltzen delarik, baina lana egina dugu. Nik badakit nola lan egin dudan; beraz, presioa ez da hain handi. Azken momentuko gauzak dira orain. Motibazioa heldu da geroz eta gehiago, adrenalina positiboa da!

Iragan urtean erasoen kontrako protokolo bateratu bat lantzeko lanak abiatu ziren. Zertan da?

Guk bagenuen jadanik protokolo bat, EHZn bezala eta Nafarroaren Egunean bezala, baina bakoitzak berea zuen. Egia errateko, iaz izan ziren eraso batzuk ez genituenak ordura arte ezagutu Herri Urratsen; batzuk drogatuak izan ziren, eta gero eta gehiago aldatzen dira erasoak. Ez dira bakarrik nesken kontrako erasoak. Anitz aipatzen da denetan, baina, ene ustez, ez dugu aski aipatzen holako gauzak gertatzen direlarik. Herri Urrats familiendako besta bat da, eta hor gertatzeaz harrituak ginen. Pixka bat naif zen, baina uste genuen babestuak ginela eta ohartu gara erasoak denetan badirela. Gazte batzuez hurbil gara, besta komite edo gaztetxeetakoez, eta, elkarrekin aipatuz, sortu genuen talde bat. Zaila da elkartzea guztiak biltzeko eta ez dugu oraino protokolo bateratua sortu. Luzea izanen da.

«Oraindik lortzen dugu egitea, baina loditzen bada gehiago... Talde batzuk ez ditugu hartu pentsatzen genuelako sobera jende ekarriko dutela»

Aurten zuenarekin ariko zarete?

Gurea hartu dugu, Herri Urratsekoa, eta berriz landu dugu. Potoloa da. Besteei igorri diegu, erabili nahi badute. Helburua da Herri Urrats pasatuta berriz hastea talde zabal horrekin. Iaz arte, bagenuen arduradun bakar bat, eta txandaka boluntarioak ibiltzen ziren txaleko ubelekin denetan. Hor, hobeki antolatu dugu: hiru arduradun dira, hiru lekutan. Eskuorrian ubelez markatuak dira hiru puntuak. Hobeki antolatu gara. Protokoloa sare sozialetan ere zabalduko dugu, guraso guztiei banatuko zaie, jotzen duten taldeei ere bai... Denek ukanen dute protokolo horren berri. Aurten indartuko dugu, eta jakin behar da erasoak ez ditugula batere onartzen. Jakinarazi dugu zer eginen dugun zerbait gertatzen baldin bada, momentuan zer eta arrapostua nola emanen dugun. Espero dugu martxatuko dela.

Erran duzu dimentsio handiko besta bilakatzen dela.

Aurten lema Elgarrekin da. Eman dugu logo gisa erle bat, euskal erlea. Jadanik erran dudan bezala, gure eztia euskara da. Euskara zabaltzea izugarri inportantea da, eta ikastolaren ingurutik kanpoko jendea heldu bada ere, dena euskaraz da: taldeek euskaraz kantatzen dute, dena euskaraz idatzia da... Helburua da euskara besteei ere zabaltzea. Egia da antolaketan anitzetan arrakasta hori aipatzen dugula. Erraten digute festibal bilakatzen garela, baina ez gara festibal bat. Frantziako prentsan aipatzen da Herri Urrats festibala, baina mamia ez da hori. Egia da ez dugula zailtasunik taldeak atzemateko: haiek deitzen dute Herri Urratsen jotzeko. Antolaketan eztabaida bat badugu horretan, oraindik lortzen dugu egitea, baina loditzen bada gehiago... Talde batzuk ez ditugu hartu pentsatzen genuelako sobera jende ekarriko dutela.

«Jakin behar da erasoak ez ditugula batere onartzen. Jakinarazi dugu zer eginen dugun zerbait gertatzen baldin bada»

Haurrak Seaskatik ateratzean, antolatzaile taldea aldatzen da?

Bulegoan ari garen bi burasok ez dugu gehiago haurrik Seaskan; beste batzuen haurrak terminalean dira eta gero joanen dira, eta beste batzuenak bigarrenean dira... Zailtasunak ditugu beste buraso batzuk sarrarazteko; nire ustez, beldur dira bulegoan sartzeaz. Alta, beti esplikatzen dugu giro onean ari garela, bakoitzak baduela bere lana, eta, guti bagara, zailagoa dela. Hor, hamar bat gara, bakoitza bere konpetentziekin. Hori bikaina da, bulegoan ez ditugulako hamar orduko bilkurak egiten; bi ordukoak, eta kito. Badugu animazio talde bat mundu horretan ibiltzen den jendearekin, medikuak ere baditugu... Entseatzen gara ikastola guztietan ikusten zein diren burasoen konpetentziak. Nahi badute, talde batean sartzen ahal dira, edo bulegoan. Bulegoarekin beldurtzen dira, ez dakit zergatik, baina ongi etorriak dira. Emazte bat sartu zen joan den urtean, eta pixkanaka-pixkanaka hartu du bere lekua.

Herri Urratsen gozatzeko denbora ukaiten duzue?

Asteazkenetik goiti lakuan izanen gara, eta hortik ondoko asteartera arte ez dugu deus ere ikusten. Lanean ari gara, bakoitzak badaki zer egin behar duen. Lehenago joan ginen sagardotegira elkarrekin, eta Herri Urrats pasatu eta gero, bai, momentu bat hartzen dugu elkarrekin gozatzeko. Baina egun horretan ez, kirola da!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.