Ikerketak, gizartearen zerbitzuko

Ikerketa parte-hartzaileak egiten ditu Bidarteko Biharamunen Lantegiak, gaiak herritarrekin finkatuz. Kasu baterako, hilabetekoak ikertuko dituzte Irunen eta Donibane Garazin sortu taldeekin.

Biharamunen Lantegiko langileak, Bidarteko egoitzan, ekainaren 12an. NAHIA GARAT
Biharamunen Lantegiko langileak, Bidarteko egoitzan, ekainaren 12an. NAHIA GARAT
Joanes Etxebarria.
2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikerketa akademikoa da zabalduena, baina bada besterik ere: Biharamunen Lantegiak egiten duen ikerketa parte-hartzaile «erradikala», kasurako. Kooperatiba 2011n sortu zuten, eta Bidarten plantatu 2015ean. Parisen hasi eta Euskal Herrian garatzen ari da orain. Ikerketa gaiak hautatzeko, herritarren xerka joaten dira kooperatibako bitartekariak, hausnartzeko, zientzialariekin eskuz esku lan egiteko eta emaitzak zabaltzeko. Jakintza unibertsaletik jakintza kokatura, lekuan lekukora. Lantzen ari diren ikerketa xedeen artean da bi herritar talderekin abiatu duten hilabetekoei buruzkoa. 

Ikerketa munduan parte hartzaile izatea moda bilakatu bada ere, Frantziako Estatuan ez da Biharamunen Lantegiak plantan ezarri duen protokoloaren parekorik. «Helburua da denbora hartzea jendearekin eta gogoeta kolektiboa sustatzea», laburtu du Loretxu Berguñan ikerlari eta kooperatibako bitartekariak. Hamabost urtez neurozientzien ikerketan aritu da Berguñan, Parisen, Suedian eta Donostian. Ikerketak egiteko diru laguntza gehiago ez galdetzea deliberatu zuelarik igorri zion lagun batek Bidarteko kooperatibaren lan eskaintza. Xerkatzen zuten ikerlari bat balio batzuk dituena eta akademia kritikatzen duena, eta Berguñarengan pentsatu zuen lagunak. 

«Hainbat etapatan, lehena da taldea sortzea gaiaren inguruan sentsiblea eta zuzenean hunkitua den jendearekin»

LORETXU BERGUÑANBiharamunen Lantegiko bitartekaria

Geroztik, Graxi Irigarai ikerlaria ere sartu da taldean. AEK-ko langile izan ondotik, euskal zinemaren inguruko tesia egin zuen politika publikoen ikuspegitik, eta Ipar Euskal Herriko prismatik. Orain, Euskal Hirigune Elkargoan zinema arloko misio karguduna da, batetik, eta Biharamunen Lantegiko langilea, bestetik. Kooperatibaren lan moldeak, Irigarairen ustez, «ikerketa gizartetik hurbiltzen du, eta balio ekologista eta feministak aitzinean emanak dira». Euskara ere baloratzen dela gehitu du. Beste hiru ikerlari badituzte lankide gisa.

Parte hartzailea

Ikerketa parte hartzailearen beharrak ekarri zuen kooperatibaren sortzea, kritikatik abiaturik. «Ohartzen ziren azkenean beti ezaugarri beretako ikerlariek zutela ikerketa bideratzen, eta beti ber ikuspegitik: gehienetan klase sozial gorako jendea, gizonak, adin batekoak... Eta, azkenean, biziki urruntzen zela gizartetik eta problematika batek hunkitzen duen jendeetatik», adierazi du Irigaraik. Ikerlari akademikoetatik abiatzeko partez, ikerketa parte-hartzaileak gai baten inguruko sentsibilitatea duten herritarretatik abiatzea proposatzen du. 

 Biharamunen lantegia
Biharamunen Lantegiko langileen arteko bilkura bat, Bidarteko egoitzan, ekainaren 12an. NAHIA GARAT

Donna Haraway biologo eta filosofo feministak «nehon ez eta denetan» izateko pretentsioa lukeen «objektibotasun zientifikoaren» parean jakintza kokatua teorizatu zuen, 1988an. Bruno Latour antropologo eta filosofoak Biharamunen Lantegiko kide batzuei ikerketaren arloko protokolo bat sortzeko eskatu zien elkarte gisa antolatuak ziren garaian; geroztik, kooperatiban baliatzen den protokoloan «badira hainbat etapa, eta lehena da taldea sortzea gaiarekin sentsiblea den jendearekin, eta zuzenean hunkitua denarekin», argitu du Berguñanek. Lehenago artean egin zen gisa bereko urratsa, herritarrei arte obrak manatzeko ahala emateko, gehienetan dirudunek baizik egin ez zezaketen gisan.

Kooperatibako langileak bitartekari lanetan ari dira, arlo desberdinetako ikerlarien eta herritarren arteko zubi lanak eginez. Gai batek hunkitzen dituen pertsona multzo bat bildu, gogoetatzen hasi, eta ikerketagai bilakatuko den galdera bat atzematen dute urte bat edo urte eta erdiko epean. Ikerketa galdera bat zehaztu eta gero, Irigarairen hitzetan, «gai horren inguruan lan egin dezakeen ikerlari baten xerka» joaten dira kooperatibako langileak. Ikerketa bera ere «beti kolektibo horrekin» egiten dela gehitu du.

Hilabetekoak ikergai

Biharamunen Lantegiak landu eta lantzen dituen ikerketa gaiak orotariko gune geografiko eta gaiei lotuak dira: laborantzako tresneriaren politika, koloreek zertan eragiten duten irakaskuntzan, nola diagnostikatu haur euskaldunen mintzamen arazoak... Gai bezainbeste herri edo eskualdetan zentratzen dira ikerketak. Berguñan eta Irigaraik esku artean dituzten proiektuetan da hilabetekoak lantzeko xedea. Batzuetan gaia herritar talde batek proposa lezake; beste batzuetan, ikerlari batek ekartzen du. Hilabetekoak ikertzeko beharra Leila Perie biologo zelularraren proposamena izan zen.

CNRS erakundeko ikerketa zuzendari eta Curie institutuko biologo Periek diru laguntza txosten bat prestatzeko odola eta zelulak ikertzen dituzten zientifiko batzuk bildu zituen hilabetekoen inguruko xedea aurkezteko. «Beste ikerlariek, gizonek, erraten zioten ez dela interesgarria, guti dela hilabetekoetan galtzen dena. Baina ez dakigu zenbat zelula galtzen diren, ez da izenik zelula horientzat... Baditu talka batzuk beste ikerlariekin, ez baita batere jakina eta interesik ere ez baita», kontatu du Berguñanek. Periek, dena den, zelulen inguruko lan bat eginen du bere aldetik. Baina Biharamunen Lantegiak Irunen eta Donibane Garazin bildu dituen bi taldeetan beste bi ikerketagai aterako dira, Irigaraik adierazi duenez: «Ez dakigu oraino batere zer galdera mota izanen den. Galderaren arabera joanen gara xerkatzera erantzuteko gaitasuna duen ikerlari bat». Irunen, Ara!Gorputz taldearekin lan egiten dute.

Biharamunen lantegia copie
Loretxu Berguñan eta Graxi Irigarai, Biharamunen Lantegiaren Bidarteko egoitzan, ekainaren 12an. NAHIA GARAT

Kooperatibako langileek, ikerlari diren heinean, badituzte eurek sareak gai bakoitzean berezitua izan daitekeen ikerlariak bilatu eta diru laguntza eskaerak egiteko. Baina lehenik, Bidasoan eta Donibane Garazin gaiaren gaineko interesa erakutsi dutenekin hausnarketa bideratuko dute, urte batez gutxienez. Ondotik, ikerketa fasean ere «ideia da pertsona horiek parte hartzea, nahiz eta, beharbada, metodo batzuek ez duten haien inplikazioa ekarriko», azaldu du Irigaraik. 

Militantzia kutsu bat badu ikerketa parte-hartzaileak. Hilabetekoen gaiarekin bezala, Bordelen (Okzitania) endometriosiak hunkitzen dituen bost pertsonak jo zuten Biharamunen Lantegira eritasunaz jakintza xerka. Berguñanek esplikatu du lehen fasea bukatu eta ikerketa abian dela: «Bost pertsona ziren lehen taldean, eta bostek segitu nahi dute ikerketan. Biolentziaren filosofian ari den Elsa Dorlin hautatu dute, filosofiaren inguruko galdera bat badutelako».  

«Ohartu ziren beti ezaugarri beretako ikerlariek zutela ikerketa bideratzen, eta beti ber ikuspegitik»

GRAXI IRIGARAIBiharamunen Lantegiko bitartekaria

Aipatu gaietan agerikoa denez, ikerketan parte hartzen dutenei denbora galdetzen diete, baina haien probetxuko izan daitekeen jakintza ekoizteko. Irigarairen erranetan, baldintza bat da parte hartzaileen interesa asetzea: «Ikerketak behar du izan berritzailea, ekarpen bat egiten da, baina behar du lehenik kolektiboarentzat lagungarria izan. Hori da interesgarria: ikerketa baliagarri izatea zuzenean jende horiendako».

Kooperatibaren egoitza Bidarten izanik, pentsa daiteke kolektibo militanteen interesa kilika dezakeela. «Guretzat tresna bat da, edo izan daiteke», baieztatu du Berguñanek, baina militantzia esparrua eta zientifikoa bereiziz: «Ez da sinetsi behar militantzia pausan ezarri behar dela ikerketa horiek egiteko; kontrarioa da. Biziki poliki joaten den prozesu bat da, nahi dugulako hausnarketa sakona eratua izatea. Hori ez dugu egiten militantzian; zientzia desberdina da». 

Errepresioaren gai bat ere bidean dute, beste hainbat proiekturen artean. Ikerketa horien fase desberdinak luzera begirakoak izanik, paraleloki aitzinatzen dituzte gai desberdinak, galderen zehaztea, ikerlariak eta diru laguntzak xerkatzea, eta ikerketak egin eta zabaltzea. Proiektuak bukatzean, ikerlariek ohiko bideetan hedatzen dituzte emaitzak eta, bestalde, parte hartu duten herritarrek sortu jakintza hori beste kanal batzuetatik zabaltzen dute.

iker Herria ikerketa zentroa

Curie institutuarekin batera, Biharamunen Lantegia kooperatibak «aitzindari eta sortzaile» gisa aurkezten duen Iker Herria ikerketa zentroa sortuko du heldu den udazkenean, Bidarten. Kooperatibaren arabera, «biziaren zientzietako diziplina desberdinak» elkartuko dira gune horretan. Zehazkiago, biologia kuantitatiboan eta osasungintzan berrikuntzak ikertuko dira Lapurdiko poloan. 

Curie institutuko eta CNRS erakundeko ikerketa zuzendari Leila Periek gidatuko du polo berria, Biharamunen Lantegiaren parte hartzearekin; Perie kooperatibako kide da, gainera. Berrogei bat ikerlari ariko dira lanean Bidarteko gunean, eta diziplina desberdinetako ikerlari gehiago gomitatuko dituzte beharren arabera, proiektu parte-hartzaileak gauzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.