Iparraldeko Pilota Batzordea kargualdi berriari buruz ariko da igandeko biltzar nagusian

Batzordeak urteko biltzar nagusia du, Hendaian. Jean-Mixel Garaiar lehendakariak kargua utziko du, eta talde berritua aurkeztuko dute irailean. Garatzen segitzea, ohizko jokoak hedatzea eta jokalekuak sortzea ditu desafioen artean.

2023ko Biltzar Nagusia, Kanbon
Iparraldeko Pilota Batzordearen 2023ko biltzar nagusia, Kanbon. IPB
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Iparraldeko Pilota Batzordeak urteko biltzar nagusia eginen du igandean, Hendaian. Lau urteko kargualdiaren bururatzeko azkena izanen da, eta kargualdi berrirako menturen aipatzekoa. Hain zuzen, Jean-Mixel Garaiar gaurko lehendakariaren azken biltzar nagusia izanen da, kargua utziko baitu. Talde berritu bat aurkeztuko du egungo zuzendaritzak heldu den buruilaren 14an, kargudun berriak bozkatuko dituzteneko.

Henri Errandonea Ipar Euskal Herriko Pilota Batzordeko idazkari nagusi saratarrak dioenez, herrietako pilota batasunetatik jin belaunaldi berriko jendea sartuko da zuzendaritzan eta lan batzordeetan. «Orain arte 33 ginen, eta orain berrogeitarat hupatuko garela pentsatzen dut». Talde berritu horretan «gutti gorabehera hamar bat lagun berri» sartuko dira.

Bigarren lau urteko kargualdia du Errandoneak. «Halere, erran zidatenl lau urteko denboraldi oso bat behar zela, sistema ulertzeko eta garapena gogoetatzeko; tresna bat martxan ezartzeko». Duela zortzi urte IPB Iparraldeko Pilota Batzordearen giderrak eskuetan hartu zituztenek egin zuten parioaren emaitzak bildu dituzte geroztik. Azken urteetan, zortziehun lizentziadun gazte berri sartu dira pilota batasunetan.

Errandoneak dio 2020tik ikusi dituztela ondorioak. Elkartea garatu dute azkar. Hiru hezitzaile baditu Ipar Euskal Herri osoan ibilki direnak eskoletan pilotaren dasta emateko. Partaidetzak egin dituzte erakunde publikoekin, eta haur eta gazte pilotariei azkarki balioa eman diete, herrietako pilota batasunekin eskuz esku eraman lanaren berri zabalduz zernahi komunikazio bide direla medio: Internet ataria, kolorezko aldizkaria, sare sozialak, bideoak eta abar.

Pilota heziketa metodo eta programa landua plantan eman zuen IPBko eramaile taldeak hastapenetik. IPBko hezitzaileek 3 eta 5 urte arteko haurrei Nini pilota programa eginarazten diete: «Ez dute pilotan ikasten, baizik eta mugitzen, jokoak, trinketa batean eta dena pilota batekin». Ondotik, herriko pilota batasunean sartzen dira haur horiek, eta IPBk herrietako elkarteei galdegiten die eskaintza zabal batekin segitzea eta ez helduek nahi luketen berezitasun bakarra behartzea. «Hola, haurrak dena entseatuko du, eta bere baitarik ikusiko du zer maite duen, zertan den trebea». Beti aise ez bada ere, gauzak aldatzen ari dira heziketari buruz pilota batasunetan ere. «Bada arduradun belaunaldi berri bat heldu dena», azpimarratu du Errandoneak. Adierazgarria zaio gero eta emazte lehendakari gehiago badela batasunetan.

Formakuntza

Ondoko adin tartea dutelarik, haurrak ez dituzte txapelketa egiten ezartzen, baizik eta «topaketak» eginez elkartzen ezkerparetetan, hiru hilabetez. Bukaeran, denak biltzen dituzte, zuriz beztirik aritzeko. «Jostatzeko da eta pixkanaka-pixkanaka sartzen dira pilotaren munduan, goxoki, errespetua atxikiz». Hori egiten dute bai esku huskan, bai joko garbian.

Errandoneak dio batasunei lagungarri zaiela metodoa. IPBk boluntarioak formatzen ditu, gauzak nola eraman jakin dezaten: «Adibidez, topaketa nola animatu behar den. Hola, Mauleko arduradun batek eginen du Hazparneko edo Miarritzeko batek bezala. Bada halako batasun bat eta erraztasun bat arduradunentzat».

HENRI ERRANDONEA
Henri Errandonea Ipar Euskal Herriko Pilota Batzordeko idazkari nagusia.

Horri esker ohartu dira haurrak 9-11 urtera heltzen direnean «prest» direla trinketean aritzeko, adibidez. «Haurrari astia eman behar zaio jostatzeko, ikasteko». Ondotik, haurrak ez daitezen txapelketako presioen pean aritu, IPBk mintegiak antolatzen ditu final-laurdenetarat heltzen diren gazteekin. «Denak biltzen ditugu eta nahasten; Baigorriko bat arituko da Sarako batekin. Trebatzailea bertze bat izanen dute; erran nahi du diskurtso berri bat, motibazio berri bat». Usaiako ingurutik kanpo gauzak bere gain hartzen dituzte gehiago pilotari gai gazteek. «Hor ikusten da hilabete batez igotzen direla laster kalitatean», ondorioztatu du batzordeko idazkari nagusiak.

«Helburua da herrietako elkarteak laguntzea eta boluntarioek ez dezatela pentsa bakarrik direla». HENRI ERRANDONEAIpar Euskal Herriko Pilota Batzordeko idazkari nagusia

Teknika, gorputza eta burua hobetzeko ikastaroak ere proposatzen dizkie IPBk pilotari gazteei. Horrez gain, berrehun bat pedagogia orri eskuragarri jartzen dizkie batasunetako boluntarioei bere Internet atarian. «Hor esplikatuak dira ariketak, zure joko zelaia nola antolatu, zer animazio egiten ahal duzun». Azken urte hauetan bideoak ere gehitu ditu batzordeak, Kanalduderekin eginak. «Helburua da herrietako elkarteak laguntzea eta boluntarioek ez dezatela pentsa bakarrik direla».

Ohizko jokoak atxiki

Pilota batasunak dituzten Euskal Herritik kanpoko eskualdeetan ez bezala, Ipar Euskal Herrian oraino jokatzen dira ohizko joko batzuk, eta ez baitezpada nazioarteko federazioak onartu eta garatu nahi dituen joko mota berriak: frontenis, goma hutsa eta frontball bezalakoak. IPBk joko zaharrago horien atxikitzeko eta garatzeko lana ere badauka betekizunetan.

Joko garbia, pasaka, sare jokoa eta atxiki handia dira, nagusiki, azkartu nahi lituzkeenak. Joko garbian badira batasun batzuk oraino trebe direnak, baina bakar batzuen esku da, eta arizale kopurua ez da mugitzen. Pasakan are larriagoa da egoera. Sarean ere beheiti ari da, eta desagertzeko lanjera izan dezake hala segituz gero. «Sarean, maila guziak hartuz, aurten 50 talde badituzu; eta horietatik, 35 talde hiru elkartetarik heldu dira», argitu du Errandoneak. «Itzali da zenbait pilota elkartetan non aritzen zen sarean, edo non aritzen den joko garbian. Han behar da berpiztu». Ez du kentzen nazioarteko joko berriak ere garatu behar direla iduritzen zaiola Errandoneari.

Beste desafio bat ikusten du IPBko idazkari nagusiak: pilotaleku aski izatea bihar. «Trinketa guziak beteak dira, ezkerpareta guziak beteak dira». 6.000 lizentziadun dira pilotan Ipar Euskal Herrian gaur egun. Azken urteetako garapenak segitzen badu, ez litzateke joko eremurik aski 7.000 lizentziadunentzat. Ondorioz, IPBk joko eremuak sortzeko bideak aztertzen ditu.

Zaharrer Segi batasunaren 100 urteak

Ehun urte eginen ditu aurten Baigorriko Zaharrer Segi pilota batasunak. Urte osoko egitaraua pentsatu du urtemuga ospatzeko. Orotarik izanen da: ohiz kanpoko pilota partidak, pilota lehiaketak, kantaldiak, dantza emanaldi bat eta beste.

1924ko azaroaren 24an sortu zen, ofizialki, Zaharrer Segi batasuna, haren izena Mauleko suprefeturan pausatu zutelarik sortzaileek. Luzean eta joko garbian aritzea jarri zuten helburu gisa, ordukoz baitzuten luzeko taldea, ondoko jokalariekin: Arnaud Haritxelar, Leon Cabillon, Gratien Harizpe, Firmin Zuburu eta Jean Alfaro.

Gaur egun Zaharrer Segik 303 kide ditu, pilota joko frankotan ari direnak; 198 gizon eta 105 emazte. Baigorri ibarreko herrietan trebatzen dira: Aldude, Anhauze, Arrosa, Baigorri, Banka, Bidarrai, Irulegi, Ortzaize eta Urepele.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.