Denek ikusten dugu: mundua ezegonkortasun geopolitikoan da eta gauzak fite aldatzen ari direla dirudi. Baina zenbait diskurtso eta jarrera politikok oraindik gehiago nahasten dute egoeraren ulermena. Azkenaldian, Europako hedabide eta politikari gehien-gehienak ahaleginak eta bi egiten dabiltza bi bando nagusi bereizteko: alde batetik, txarrak, Donald Trump eta Vladimir Putin eroak eta haien segitzaileak, eta, bestetik, europarrak, onak, demokraziaren aldekoak eta arduratsuak. Europak hartzen duen ardura bere «autonomia estrategikoa» indartzearena litzateke, batez ere plano militarrean. Hain zuzen, atentzioa Trump eta Putinen jarreran bakarrik fokalizatuz, Europan bertan plantan ezartzen ari diren austeritatea, autoritarismoa eta politika militarista kriminalak zilegitzen dira. Dena den, argi ukan behar dugu errealitatean diren aldeak ez direla aurkezten dizkigutenak: europar oligarkiaren interesak oligarkia estatubatuarrekin estrukturalki lotuak dira, eta hala segituko dute; izan ekonomikoki, izan militarki. Orokorkiago, mundu osoko burgesia handien blokeak lehian baldin badira ere, denek eramaten duten gerla langile klasearen kontrakoa da; bizi baldintza proletarioen intentsifikatuz eta langile klasearen zati bat zuzenean hiltzera bidaliz.
Alta, Europako eta Frantziako armadak indartu behar direla kontsentsuala da gaur egun parlamentuan diren alderdi guztien artean. Bakoitzak bere argumentuekin defendatzen duen arren, gehienek gorde gabe sustengatzen dute eskalada militarista. Ipar Euskal Herriko Fronte Herritar Berriko hiru diputatuetatik hiruren kasua da, «Europar Batasunari eta bere estatu kideei armamentu eta munizio ekoizpena handitzeko indarrarekin segitzearen» eta «mehatxu zein desafio existentzialei aurre egiteko autonomia estrategikoa lortzearen» alde bozkatu baitute —ikus 2025eko martxoaren 12ko Ukrainari sostengua indartzera deitzen duen erresoluzioa—.
Berez, gerla babestea jarrera koherentea da kapitalismoaren baitan ongizate maila bat mantendu nahi dutenentzat (bistan dena, ongizate mugatua eta pertsona kopuru oso mugatu batendako). Europan ukan dugun bizi maila altua, hein handi batean Europak munduan duen posizio inperialistan oinarritu da, horren bidez mundu osoko baliabideak eta mundu osoan ekoizten zen balioa bereganatzeko gaitasuna ukan baitu. Horrek du ahalbidetu langile klasearen zati batek nolabaiteko erosotasuna lortzea, iraultzaren beharra baztertzeraino.
Baina kapitalismoaren metaketa krisi garaiotan, pastiza ttipitzen den honetan, alde batetik murrizketak jasaten ditugu, eta bestalde, oligarkia bloke handien arteko lehia gogortzen da, eta horrek eskala handiko gerlaren lanjerra handitzen du. Basakeria honetatik ez gaitu nehongo bloke inperialista kapitalistak salbatuko. Ez dezagun horien artean hautatu. Kapitalismoaren krisiak eta ezegonkortasunak beste bide bat irekitzea ahalbidetu diezagutela: langileria subjektu politiko gisa osatzearena, bloke inperialisten eta kapitalismoaren kudeaketa moduen artean hautatu ordez, egunerokoan klase etsaiak jasanarazten digunari buru egiteko, eta gerlarik eta zapalkuntzarik beharrezkoa izanen ez duen jendarte eredu baten alde borrokatzeko.