LAB sindikatua departamenduko Laborantza Ganberako hauteskundeetan lehiatuko da

Laborantza ekoizpeneko langileen eta laborarien elkarte profesionaletako langileen hautagai multzoetarako osatu dituzte zerrendak. Prefeturak hauteskundeen «antolaketa prozesutik kanpo mantendu» dituela salatu dute.

Bazterretan Délia Delanne eta Peio Lacoste bi zerrendaburuak; horien erdian Joana Urruti LABeko kidea. GUILLAUME FAUVEAU
Bazterretan Délia Delanne eta Peio Lacoste bi zerrendaburuak; horien erdian Joana Urruti LABeko kidea. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
IZURA-ASME
2025eko urtarrilaren 8a
17:30
Entzun

Langileen bi hautagai multzoetan zerrenda bana aurkeztu du LAB sindikatuak departamenduko Laborantza Ganberako hauteskundeetan lehiatzeko: laborantza ekoizpeneko langileen (3A) zerrendaburu Peio Lacoste izendatu dute, Xixtroak kolektiboko langilea; laborarien elkarte profesionaletako langileen (3B) zerrendaburu, berriz, Delia Delanne ezarri dute, Euskal Herriko Laborantza Ganberako animatzailea. Zerrenda bakoitzean beste bost langilez akonpainatuak dira buruak. 

«Argi dugu departamenduko batzorde horretan langileen arazoak ez direla serioski jorratuak, bestela azaletik», erran du Lacostek. Uste dute, baina, bozak interesgarriak izan daitezkeela «ordezkagarritasunaren» ikuspegitik, «hitzarmen kolektiboak negoziatu ahal izateko edo lan auzitegiaren kontseiluan epaileak izendatzeko».

Horiek horrela, laborantza arloko langileak barne hartzen dituzten bi hautagai multzoetan aurkeztu da LAB, hauen aldarrikatzeko, batez ere: lan oren guztiak aitortuak eta ordainduak izatea, lurraldean duintasunez bizitzea eta bizitoki baten ukaitea ahalbidetuko dien lansaria lortzea, sasoilarien harrera eta bizitokia baldintza onetan bermatzea, laneko arriskuen prebentzioa hobetzea laborantzako langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, eta formakuntza eskubideak bermatzea kalitatezko prestakuntzak segitzeko lan denboran.

Tokiko Batzorde Parekidea

LABen aspaldiko proiektua da Tokiko Batzorde Parekidea. Batzorde horretan sartuko lirateke langile sindikatuen ordezkariak eta patronalaren ordezkariak. «Elkarrizketa gune bat litzateke lan baldintzez hitz egiteko eta lan sari minimo bat adosteko, adibidez». Laborantza Ganberarako hauteskundeetarako proposamenetan aurkezten dute Tokiko Batzorde Parekidearen xedea, «langile guztiek ber baldintzak ukan ditzaten». Aukera litzateke, bestalde, Ipar Euskal Herri mailako egitura baten ukaiteko.

Eremu horretan, erraterako, ELB sindikatua lehiatuko da Laborantza Ganberarako hauteskundeetan, baina lehen eta laugarren hautagai multzoetan honakoan, laborariei dagozkienetan, hain zuzen. Julen Perez ahatezaina izanen da hogei laborariko zerrendaburu. Hiru ildo nagusi izanen dituzte: lansariak, etxaldeen transmisioa eta elkartasuna. Frantzia mailako CR Baserrialdeko Koordinazioak egun jakinarazi du, bestalde, bera ere hauteskundeetara aurkezten dela lehen hautagai multzoan; Pirinio Atalntikoen departamenduko CR sindikatuaren lehendakari Benjamin Loste laboraria dute zerrendaburu.

Prefekturaren mespretxua

«Hauteskundeen prozesuaren hastapena ez da erraza izan. Beste urteetan bezala, prefekturak zuen hauteskundeen antolaketaren kargua, eta antolaketa prozesutik kanpo mantendu gaitu gure ordezkagarritasun izaera ukatuz», salatu du Joana Urrutik, LABeko kideak.

Alta, duela sei urte, LAB sindikatua hauteskundeetako bigarren indar bezala sailkatu zen, «bozen %24 eskuraturik», CFTC-AGRI sindikatuaren gibeletik. «Baziren batzordeak, eta sindikatu bakoitza gomitatua da bilkura horietan parte hartzera. Aurten, guk gomita ez dugu ukan. Galdetu diogu prefekturari, eta erantzun digute ez ginela ordezkari eta ez genuela bilkuretan egoterik». Ezezko horrek zaildu die hauteskundeen prestatzeko prozesua, informazio anitz delako batzordeetan eskuratzen baitituzte usaian.

Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbera —beste departamenduak bezala— 33 kidek osatuko dute, sei urteren luzeran. Hamar hautagai multzotan banatuak dira eskuratu daitezkeen lekuak, horien artean laborantza arloko langileen biak. Bi hautagai multzoen artean, orotara, 10.000 laborantza arloko langilek bozkatzen ahal dute —MSA laborantzako gizarte segurantzari afiliatua den langile orok bozka dezake—: urtarrilaren 15a eta 21a artean, hautesle bakoitzak materiala gutunez jasoko du sindikatuen propagandarekin, eta gutunez edo Internetez bozkatzeko argibideekin. Hilaren 15a eta 31 artean, gero, bozkaren aldia izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.