Duela zenbait egun ospatu zen Maiatzaren Lehena. Langile munduarentzat aldarrikapen eguna da. Maulen ere bai; eta hau berri ona: CGTk eta LABek intersindikala azkenean adostu dute. Aldi honetan, ELB ez zen han ofizialki, azken orduko tratua izan delako.
Ene ustez, heldu den urtean ELBk han behar luke izan. Alabaina, laborariek beti argiki borroka antikapitalista eraman dute industria agroalimentario pribatua eta kooperatiba batzuk begitan hartuz, haien joko zikinak salatuz. Ororen buru, kontzientzia badugu kapitalak gure lan indarra baliatzen duela gure mozkinen saltzearen bitartez.
Adibidez, duela zenbait urte gertatu zen esnearen grebarekin: behiak jetzi eta esnea jaurtiki zuten asteetan zehar hemen, Frantziako Estatuan, baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Laborariek ez dute lana gelditu ahal izan langile batek bere lantegian egin zezakeen bezala.
Esnea jaurtikitzeak, galtze handiak eraginez, ez du erran nahi, haatik, behien artatzea eta bazkatzea bazterrera uzten ahal denik. Hori egin baleza, bere ekoizpen tresna kinka txarrean edo arriskuan ezar bailezake.
Hori da bereizten gaituena laborariak eta langileak; behi hazlea kasu horretan bere etxaldeari lotua baita.
Horretan da beharbada gure eta proletario baten arteko desberdintasuna.
Langilea greba denboran ez da lantegiaren arduradun. Gu, aldiz, gure etxaldeaz arduradun gara.
Horretarako dira laborariak beti borrokatu beren lan indarra ontsa ordaindua izan zedin, baita beren mozkinaren ekoizteko karguak ere.
Beste gisan, proletarioak badu ontsalaz hilabete sari baten garrantzia. Laborariak ez daki sekula ea esnearen kostu saria eta bere lansaria ukanen dituenetz.
Eskuineko ideologiak sinetsarazi nahi dio laborariari enpresaburu bat dela, eta gezur alimale hori sartuta daukate beren buruan gutarteko frankok. Alta, arrunt kapitalaren menpekotasunean bizi gara gehienak, traktore ederra izanik ere etxe aitzinean...