Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria

Aritz Bidegain: «Pentsatzen dut gure hezkuntza eredua ona dela; emaitzak hor dira»

Aritz Bidegain gai jartzailea Bertsularien Lagunak elkarteko burua da. Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteen maila goraipatu, eta helduen Xilabari so jarri da, udazkenean hasiko baita. Xilaban izen ezagunak faltako dira, eta «haize berri bat» ikusten du.

Aritz Bidegain, Uztaritzen, Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan, uztailaren 3an. JOANES ETXEBARRIA
Aritz Bidegain, Uztaritzen, Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan, uztailaren 3an. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
2025eko uztailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aritz Bidegainek (Baiona, 1982) Xumai Muruaren segida hartu zuen Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari gisa. Aktualitate handiko urtea du elkarteak aurten: 2005. urteaz geroztik zuten Senpereko Larraldea utzi, eta elkarteak egoitza Uztaritzen du orain. Bestalde, lehiaketa urtea da; Gazte Xilaba iraganik, helduen Xilaba prestatzen ari dira, udazkenean hasteko. 

Nola bihurtu zinen Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari?

Betidanik bertsozale izan naiz. Uztaritzen bertso saioak bazirelarik, gai ematen aritzen nintzen, eta gero proposatu zidaten elkarteko gai-emaile taldean sartzea. Onartu nuen, inplikatu ere bai, eta gero zuzendaritzan sartu nintzen norbaitek lekua utzi zuelako. Ondotik, Xumai Muruak lehendakaritza utzi zuelarik, norbait behar zen, ni hautatu ninduten, eta hara. Nahiz ez naizen bertsolari, beti ukan dut lotura bertsolaritzarekin.

Gai emaile aritu izan zara bertso saioetan. Zuk egin gaiekin pentsatzen zenuena kantatzen dute bertsolariek?

Beti badira sorpresak. Gai bat pentsatzean, beti zeure buruarekin edo beste gai egileekin eztabaidatzen duzu gai horrekin zer bide irekitzen den, bertsolariak zer erranen duen... Azkenean, saioan berean bertsoak kantatzen dituztenean gai horrekin, ez da batere gauza bera gertatzen: arrunt beste bide batzuk hartzen dituzte. Erran nahi du bertsolariak gaia bereganatzen duela eta ez duzula aitzinetik asmatzen ahal nola hartuko duen. Eztabaidatzean oren bat pasatzen dugu gaiaren inguruan; bertsolariak, gaia entzun, eta kasik kolpez hasten du bertsoa. Ez du hainbeste asti gogoeta egiteko. Hori da bertsolaritzaren xarma.

«Biziki kurios naiz, eta segur naiz saio politak izanen direla Xilaban, eztabaida politak piztuko direla, eta umorea ere sortuko dela espero dut»

Ez omen da gai txarrik.

Bistan dena badirela gai txarrak, ez da dudarik horretan. Baina gai batekin ez duzu jakiten ahal bertsoaldi bikaina izanen den, edo ertaina... Gai bat ona denetz ez duzu jakiten ahal bertsoa entzun arte. Eta bada halako gai zer bertsolariri ematen diozun ere; gai bat bertsolari batentzat inspirazio iturri izanen da, eta beste batentzat, gutxiago.

BERTSOLARI TXAPELKETA GOTAINE
Aritz Bidegain gai jartzaile Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, Gotaine-Irabarnen, 2022ko urriaren 1ean. BOB EDME
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak indar handia du. Ipar Euskal Herrian ere errealitate berdintsua da?

Lurraldetasuna biziki ardatz inportantea da guretzat. Aurten Xilaba izanen da, eta saiatzen gara saioen lekuak hiru probintzietan izatea. Xedea dugu bertsolaritza garatzea ere leku jakin batzuetan: Zuberoan, Garazin, Baigorrin, Amikuze aldean... Egiten dira saioak, baina nahi genituzke gehiago sortu.

Xilaba urtea dela aipatu duzu. Elkarteko zuzendaritzaren gai nagusi bilakatu da?

Xilaba urtea delarik, bistan da egutegiaren parte handi bat hartzen duela, antolaketa potoloa baita. Ez da hori bakarrik: bertso eskolen gaia lan ardatz handia da. Baina Xilabarekin hasiak gara, eta irailean hasiko dira gauzak harrotzen. Hamar saio izanen dira orotara; lan potoloa izanen da, baina polita, aldi berean. Espero dugu polita izanen dela, eta jendeak eta bertsolariek gozatuko dutela.

Izen emateak itxiak dira, eta zozketa egin zen. Nola ikusten duzu panorama?

Ni kontent naiz, zeren badira izen berri batzuk; bertsolari batzuek lehen aldikoz kantatuko dute Xilaban. Kurios naiz, eta segur naiz ontsa moldatuko direla. Bertsolari batzuek ez dute berriz ere izena eman: Ametsek [Arzallus], Xumaik [Murua] eta Odeik [Barroso], adibidez. Finaletan izan dira ardura, ez bada beti. Beraz, batzuek haien lekua hartuko dute orain, eta berrikuntza baten usaina izanen du Xilaba honek, haize berri bat. Ni biziki kurios naiz, eta segur naiz saio politak izanen direla, eztabaida politak piztuko direla, eta umorea ere sortuko dela espero dut. Bertsozale bezala, ilusioz hartzen dut. Azarotik goiti gauza interesgarriak pasatuko dira, ene ustez.

 DSC7356 00001
Aritz Bidegain Uztaritzen, uztailaren 3an. JOANES ETXEBARRIA
Badira bertsolari gazteagoak, Xilaban parte hartzeko adina ez dutenak, ongi ari direnak.

Bai. Aurten ere Unaxek [Aizpurua] irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa [azken sei urteetan Ipar Euskal Herriko bertsolariek irabazi dute txapela]. Gazte Xilabako finala ikusi nuen, eta harritu nintzen zer bertso politak egiten dituzten. Esperantza ematen du: ez dira bakarrik bertsolari berriak heldu; bertsolari onak heldu dira! Euskal Herri mailan halako emaitza onak ukaitea ez da zerutik erori, lan baten emaitza baita. Pentsatzen dut gure hezkuntza eredua ona dela, eta emaitzak hor dira. Gerorako konfiantzaz naiz ni bederen. Ikusiko dugu gazte horiek helduen mailan izanen direlarik zer emanen duten, baina pentsatzen dut ontsa moldatuko direla. Heldu dira oraino urte ederrak bertsolaritzarentzat Iparralde honetan.

«Gazte Xilabako finala ikusi nuen, eta harritu nintzen zer bertso politak egiten dituzten. Esperantza ematen du»

Euskalgintzan nekezia ekonomikoak badirela usu aipatzen da. Bertsularien Lagunak elkartearen kasua da?

Bai, arrunt. Gero eta zailagoa da diru laguntzen lortzea. Hor da EEPrena, eta gu zuzenean hunkitzen gaitu, haren diru laguntzak ere hunkitzen baititugu. Uste dut kulturgintzan denak hunkituak garela, eta ez dira garai errazak diru aldetik. Euskal Elkargotik diru laguntza gehiago hunkitzea ere ez da erraza, estatutik ukaiten dutena mugatua baita. Diru laguntzen aski menpekoak gara, nahiz ez den gure diru iturri bakarra. Bada arranguratzekoa, euskararentzat eta kulturarentzat, eta ez du iduri gauzak hobetuko direnik ondoko urteetan. Ikusi beharko da plantan zer ezartzen ahal den horri aurre egiteko.

Zer xede du elkarteak gerorako?

Hezkuntza saila segitzea inportantea da. Eta sustapen aldetik, txapelketatik harago saio gehiago lortzea. Pertsonalki, nahi nuke herriko bestetan saio gehiago egin daitezen; lehen herriko besta guztietan baitziren bertso saioak. Orain badira han-hemenka, baina guti. Udan bertso saio guti izaten da. Uztaritzen lortu da; azken hamar urteetan egiten da bertso saioa. Hori izaten ahal da erronka bat; ez bakarrik bertsolaritza sartzeko herriko bestetan, baizik eta euskarazko programa bat ekartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.