Baionako iazko bestak «lasaiak» eta arazorik gabeak izan ziren, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak besten biharamuneko agerraldian erran zuenez, eta gaineratu zuen «besten egiazko izpirituarekin» iragan zirela berriz ere. Alabaina, Planning Familial elkarte feminista ez da iritzi berekoa, eta Baionako bestetan erasoak jasan, ikusi eta egin dituztenen lekukotasunak biltzeko inkesta bat abiatu du sarean, otsail bukaeran. Inkestaren bidez, zenbaki ofizialek eta herriko etxearen komunikazioak «gordetzen» dutena agerrarazi nahi dute, bortizkeria kasuak erraten duten baino gehiago direla salatzeko. Sexu erasoak ez ezik, beste mota batzuetako erasoak ere aipa daitezke lekukotasunetan: arrazistak, lodifoboak...
Duela hiru urte, Planningean lantalde bat sortu zen herriko etxearekin erasoen gaia lantzeko eta komunikazio kanpaina ofizialek zituzten hutsuneak betetzeko. Catherine Perlinski Planningeko kideak erran duenez, «kanpaina horiek pixka bat zaharkituak ziren biktima izan zitezkeenei zuzentzeko moduan»; adibidez, neskei etxera elkarrekin sartzea galdeginez. Horrez gain, komunikazio irudietan «itzalezko munstro bat» erakusten zuten emazte baten gibelean, bortizkeria arriskuak munstro ezezagunaren mito gisa seinalatuz. Nahiz eta Planningeko kideek herriko etxearekin elkarrizketa sortu nahi izan, zaila izan zitzaien. «Ohartu gara ezin genituela lagundu beren komunikazioa aldatzen, ezta emazteekiko errespetu handiagoko ekintza bat egiten ere», deitoratu du Perlinskik. Ondorioz, beste ekintza mota batzuk egiten hastea erabaki zuten, hiritarrei zuzenkiago dei eginez, eta horrela sortu zen inkestaren ideia.
Sarean den galdetegia galdera labur eta zehatzez osatua da. Zerbait arina proposatu nahi zuten, zenbait hautu dituzten galderak erabiliz. «Badakigu bortizkeria sexualen berri ematea nor bere traumek berriz gainditzeko arriskua hartzea dela; beraz, entzunak izateko beharra luketenentzat harrera lekuak plantan eman ditugu». Nahi duenak aukera du lekukotasun luze eta idatziak uzteko ere.
Uztailaren 8an hasiko dira inkestako datuak aztertzen —Baionako besten bezperan—, baina Planning Familialek jadanik ehun bat erantzun errezibitu ditu. «Ukan dugun lehen sorpresa zera da, denei zuzentzeko gure nahia entzuna izan dela: biktimei, lekukoei... eta baita egileei ere. Izan ere, egileen erantzun batzuk errezibitu ditugu jadanik eta hori ez da hutsaren hurrengoa. Gertatzen denaz ohartzea jadanik pauso garrantzitsua da», erran du Perlinskik.
Segurtasun neurri gehiago
Baionako bestetako gaur egungo segurtasun neurriak eskasegiak dira, Planning Familialaren iritziz. Horri aurre egiteko, beste neurri batzuei pentsatu dute. Izan ere, hainbat elkartek besten denboran Maina gunean karpa bat ezartzen dute, baina horren ikusgarritasuna handitzea beharrezkoa ikusten dute Planningekoek. «Horrez gain, horrelako harrera gune gehiago behar genituzke. Pertsona bat biktima delarik, ez doa segidan eta bere baitarik Baiona osoa zeharkatzera, agian bere burua berriz arriskuan jarriz. Hori dena, elkarteko boluntarioak aurkitzeko...», dio Perlinskik. Harrera orduak luzatzea ere egokia litzatekeela gehitu du, oraingoz arratseko bederatzietan gelditzen direlako, jakinez eraso gehienak gauez gertatzen direla.
«Ukan dugun lehen sorpresa zera da, denei zuzentzeko gure nahia entzuna izan dela: biktimei, lekukoei... eta baita egileei ere. Gertatzen denaz ohartzea jadanik pauso garrantzitsua da»
CATHERINE PERLINSKIPlanning Familial elkarteko kidea
Inkesta lehen urrats bat litzateke, orduan, Baionako bestak denentzat leku seguru eta babestu bat bilakatzeko bidean. Elkarteko kidearen erranetan, anitz espero dute horretatik. «Beti egon dela erran dezakegu. Omerta hori eta bestak ontsa iragan direla erratearen erraztasun hori gelditu behar dira. Garrantzitsua da bestetan gauza tragiko eta mingarriak bizi izan dituztenak entzutea, eta hortik ondorioak ateratzea».
Anartean, Baionan apirilaren 10etik 13ra iragan zen Xingar Feriak ere eman du zererrana. Itaia kolektiboko militante batzuek Xingar Feriako ekitaldi nagusia oztopatu zuten, Baionako Herriko Etxeak erasoen abiapuntu diren besta handi horiek antolatzen dituela salatzeko. Publikoak txistuka eta irainka erantzunik ere, Xingar Ferian bortxatu zutela salatu zuen andre batek. Bada, beraz, oraindik bide egiteko.