Yoseikan budoan aitarekin hasi zen Gorka Perez Ihidoi (Pagola, 1996). Arte martzial horren zalea izan da beti, eta, kirol ikasketak egin ahala, profesionalizatzeko gogoa jin zaio. Euskal Herriko yoseikan budo elkartean ari da lanean, Amets elkartean; irakasle da, eta egitura kudeatzen du. Yoseikan budoa ez da kirol biziki ezaguna, baina Perez Ihidoik uste du «aberatsa» dela, «gizakiaren garapenean» eragiten baitu. Klase gehienak euskaraz ematen dituzte.
Familiatik jaso duzu yoseikan budoaren zaletasuna. Halere, hautatu duzula erranen zenuke?
Aitak yoseikan budoa irakasten zuenez, horretara eraman nau, arrebekin batera, eta bultzatu gaitu. Baina ez dugu hori bakarrik egin; beste hainbat gauza ikusteko parada eman digute gurasoek. Arrebek marrazketa, artea, antzerkia eta dantza egin dute; nik, saskibaloia... Zinez maite genuelako segitu dugu yoseikan budoarekin, eta hirurok maila handiko txapelketak egin ditugu. Arrebek utzi zuten, beste gauza batzuk garatu nahi izan baitituzte, baina nik banekien zerbait egin nahi nuela arte martzialarekin. Ikasketak horren arabera bideratu ditut; ene praktika hobetzeko eta kirol ikasketak egiteko, Marseillara joan nintzen.
Nola erabaki zenuen hori izango zela zure ofizioa?
Hastapenean, ez nuen baitezpada yoseikan budoaren arloan lan egin nahi; kirolean bai, baina ez zehazki horretan. STAPS kirol ikasketa klasikoak egin nituen, eta, gero, hezkuntzara bideratu nintzen, heziketa eta transmisioa lantzeko. Azkenik, lizentzia profesional bat egin nuen kirol egituren kudeaketan eta garapenean lan egiteko. Horretan ari nintzela, ohartu nintzen pixka bat hetsi nintzela, besteen proiektuetan ari nintzela, eta nik ez nuela proiekturik garatzen. Euskara eskas nuen, eta Euskal Herriaren falta sumatzen nuen. Amets Euskal Herriko yoseikan budo elkarteari proposamen bat egin nion orduan, elkartea garatzeko. Baiezkoa eman zidaten, baina irakasleak behar zituzten sustut. Horrela hasi nintzen irakasle lanetan, eta, aldi berean, elkartearen garapena sustatzen entseatzen naiz.
Ez da kirol biziki ezaguna. Zer du berezi?
Bada kirola bera, baina bada kirol hori nola proposatzen den ere. Euskal Herrian betidanik euskaraz irakatsi da yoseikan budoa; aspaldiko proiektu sozial eta politiko bat da, eta Amets elkartearentzat garrantzitsua da. Lehen jarduerak euskaraz proposatzea inportantea dela iruditzen zait. Ni horrekin handitu naiz: euskaraz bizi izan naiz arte martzialetan, baita kirolean ere, oro har, eta sekulako enbeia eman dit horretan segitzeko. Kirol hori, berez, biziki aberatsa da, eta horrek egiten du berezi: denetarik egiten ahal da, eta heziketaren ikuspegitik biziki aberasgarria da. Haurrekin kirol heziketa egiten dugu, eta helduekin, borroka eta arte martziala. Helburua bera da beti: norbere garapena lantzea, jokoen bidez edo oposizio egoerak sortuz. Helburua ez da garaipena lortzea eta baitezpada txapeldunak trebatzea, baizik eta gizakiaren garapenean eragitea. Guk sustatzen dugun pedagogian jendea da interesgarri, ez emaitza.

Alde espirituala ere badu, ezta?
Norbere garapena eta norbere ezagutza lantzen dira, hori segur. Ikasten duzu zuhauren burua egoera deserosoetan ezartzen eta halakoak kudeatzen. Ttipidanik lantzen da frustrazioa: besteak min egin dizu, ez da gisakoa izan zurekin, baina egoki erantzun behar duzu. Helburua da egoera horiek kudeatzeko tresnak garatzen ikastea. Umeei oinarri fisikoak eta emozionalak ematen dizkiegu, gero edozein tokitara joan daitezen, edozein kirol egin dezaten. Nerabeekin autonomia, ardurak hartzea eta gaitasun fisikoen garapena lantzen dugu, gehienbat, eta helduekin, bide martziala: filosofia eta espiritualitatea. Kirolarekin helburua ez da besteak zapaltzea, elkarrekin momentu bat partekatzea baizik.
Irakaslea izateaz gain, lehiaketetan parte hartzen duzu. Nola prestatzen dituzu?
Enetzat, lehen hitza —eta garrantzitsuena— diziplina da. Ez besteei esplikatzeko zer egin behar duten, baizik eta nork beretako. Zerbait egin nahi badut, ahalak eman behar dizkiot nihauren buruari. Alde horretatik, entrenamendu anitz egiten ditut klaseetatik kanpo.
«Munduko Federazioarekin batera, euskal selekzio bat muntatu genuen 2015ean, baina, bi urte geroago, Frantziako Federazioak debekatu zigun euskal selekzioaren izenean aurkeztea»
Sakrifizio bat da?
Batzuetan hautatu behar da: lagunekin joatea, besta batera joatea, jendearekin egotea edo entrenatzea. Erabakia hartzea ezinbestekoa da, baina ziklikoa da, eta beharrik.
Frantziako txapelketa irabazi zenuen apirilean. Nola pasatu zen?
Helburu argi batekin joan nintzen: titulu bat nahi nuen, eta ez nuen nolanahiko garaipena nahi. Biziki zaila izan da, urrun zen, bide luzea egin behar... Baina, oro har, lortu dut epaileei eta publikoari erakustea merezi nuela titulua.
Selekzioaren afera hor da.
Munduko Federazioarekin batera, euskal selekzio bat muntatu genuen 2015ean, eta parte hartu izan dugu txapelketa batzuetan euskal selekzio gisa, baina, bi urte geroago, Frantziako Federazioak debekatu zigun euskal selekzioaren izenean aurkeztea. Baldintza horietan, hainbat urtez uko egin genion lehiaketetan aritzeari. Afera da horrela protesta eginez geure burua mozten dugula erabat. Parte hartuz, hor garela erakusten dugu, eta haien arauen barnean irabazten dugu. Gu beti ikurrinarekin joaten gara; jendeak badaki euskaldunak garela, eta argi uzten dugu nor garen.
Zertan da Amets elkartea garatzeko proiektua?
Edozein tokitara joateko prest gara. Baina ohartzen gara Iparraldeko herri txikietan dugula eraginik handiena, eta pixkanaka gure jarduna hedatzen dugu hor. Hiri handietan itoak gara, lehia biziki zorrotza baita kirol elkarteen artean, eta ez dugu horretan sartu nahi. Nahiago dugu gure aldetik garatu, irakaskuntza eraginkor bat egiteko. Adibide gisa, iaz Azkainen ikasle gehiago izan nituen Baionan baino.