«Peut-on être basque sans parler basque?». Ezin bukatuzko eztabaida, ezta? Beti gure irekidura justifikatu beharra, gure afera ez dela konturatu arte. Azkenean, euskarak ez baitu eztabaida hori bere baitan. Euskalduna eta Euskal Herrikoa berex doaz. Euskal Herrikoa izan gaitezke euskalduna izan gabe? Maluruski, bai. Baina euskalduna argiki euskaraz egiten duena da. Integrazio sistema ezin irekiagoa. Zertarako euskaradun, euskahaldun edo ezdakitzerdun hitzak? Azkenean, gure gaiak besteen hitzekin eztabaidatzeak ditu arazoak sortzen.
Duela gutti, hizkuntza guttituetan sortu proiektu batean parte hartu dut, Frantziako Astaffort herrian. Han ginen hainbat hizkuntzatako kantariak, gure hizkuntzak nahasirik kantaldi baten sortzeko bilduak. Esperientzia polita. Jende zoragarria. Kolaborazio berrien menturak.
Baina lehen egunetik eztabaida sortu zen (nuen): proiektua Langues de France azpititulatu zuten. Ni ez naizela frantses sentitzen, independentista naizela... Hau ez zela hitz larri bat; independente izatea edozein humanoren helburua dela; haurrak egun batean independente izateko hezten dituela burasoak. Gainera, Frantzia baino aitzinagokoak garela eta Frantziak gure hizkuntzak desagerrarazten pasatzen duela denbora. Eztabaida aitzinetik galdua…; irekiduraren izenean, beti…
Etxeratu eta konturatu nintzen guk denominazioarena trenkatu dugula. Frantziako hizkuntza? Hizkuntza guttitua? Ez. Tokiko hizkuntza. Sinpleki. Orain segur naiz gure eztabaidak besteen hizkuntzetatik eramateak beste horien arazoetarat eramaten gaituela.