Unescoren kultur ondare immaterialean sarturik, transhumantzia babestu nahi dute

Frantziako Estatuko hainbat mendi eskualdek, Europako herrialde gehiagorekin, Unescoren kultur ondare immaterialean sarrarazi dute transhumantzia; artzaingoa azkartu eta babesteko balioko du.

TRANSHUMANTZIAREN BESTA
Transhumantziaren besta Ligi-Atherein, 2021eko irailean. HITZA
Joanes Etxebarria.
2023ko abenduaren 17a
05:05
Entzun

Transhumantzia Unescoren kultur ondare immaterialean sarrarazi nahian, Grezia, Italia eta Austria izan ziren lehenak hari eskaera egiten; gero juntatu ziren Albania, Kroazia, Errumania, Andorra, Luxenburgo eta Espainia eta Frantziako estatuak. Frantziakoan, besteak beste, Ipar Euskal Herriko eragileak lanean aritu dira horretan. Iragan abenduaren 5ean ukan zuten Nazio Batuen Erakundearen baiezkoa.

Ikur bat da sailkapena; sinbolikoa, hein batean. Sinbolikoa soilik ez ote zenetz ikertu zuten eskaera lantzen hasi aitzin, Claude Soulas Urdiñarbeko Ardi Zentroko zuzendari ohiaren arabera: «Galdera hori genuen buruan, ea soilik balio sinbolikoa zuenetz, ea babes neurri zorrotzak ekartzen zituenetz. Frantziako Laborantza Ministerioko ordezkari batek esplikatu zigun zer ekartzen zuen, eta hortik hartu genuen eskaera egiteko deliberoa».

Palanka politikoa

Maila lokalean, mahai inguruan ziren Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko ardi eta behi arrazen elkarteak, eta soldatapeko artzainen elkarteak. Soulasek dioenez, ulertu zuten ezen, kultur ondare materialean izateak «zinez kontserbaziora bideratzen» badu ere, arrunt desberdin gertatzen dela kultur ondare immaterialarekin: «Interesgarria da hori ukaitea, politikoki, aktoreen komunitatea mobilizatzeko jakintza baten inguruan». 

Eskaera egiteko, bi ardatz landu dituzte. Batetik, artzaingoaren inguruko jakintzak zehaztea. Alde horretatik, «jadanik idatziak ziren gauza anitz», eta bilketan aritu direla argitu du Soulasek. Bestaldetik, ofizioa lanjerrean ezar lezaketen parametroak aztertu dituzte: ofizioaren transmisioan diren hutsuneak, kasu batzuetan belaunaldi berriek ofizioaren inguruan duten interes mentsa, errentagarri ez izateko arriskua eta mendietako espazioei lotu arriskuak, Soulasek xehatu duenez: «COVID-19aren ondotik, espazioaren erabilpena areagotu da, bereziki kodeak ez zituen jende anitz mendira joan delako, eta posible da erabilpenaren inguruko gatazkak sortzea». Soulasek argitu du arrisku hori agerikoagoa dela, adibidez, Alpeetan Ipar Euskal Herrian baino.

«Artzaingoak bere lekua birnegoziatu behar duelarik, interesgarria da politikoki».

CLAUDE SOULASEskaera egin duen taldeko kidea

Palanka politikoaren efektua zenbait mailatan izan daitekeela erran du Soulasek. Ofizioaren defentsarako tresna izan daiteke Unescoren izendapena, haren ustez: «Artzaingoak bere lekua birnegoziatu behar duelarik, interesgarria da praktikoki eta politikoki». Bestalde, lekuko dinamika batzuei indar emateko; adibide gisa hartu du Buru Beltza elkarteak artzainak laguntzeko plantan ezarri duen diru laguntza: «Ez dituzte behar diren ahalak, baina pentsa daiteke Unescoren ezagupenarekin diru iturriak negoziatzen ahalko dituztela. Proiektu global bat da, eta jakintzen transmisioa du bihotzean».

Hezkuntzarako jauzia

Formakuntza lan ardatz nagusietarik bat izanen da ikurra kudeatuko duen lantaldearentzat. Jadanik abian diren dinamikak sostengatzeaz gain, urrats gehiago egin nahi lituzkete formakuntza ziklo luzeak abiatzeko. Gazteenekin hasteko, eskoletan ofizioa ezagutarazteko, Unescoren izendapenak berak irekitzen du atea, eskolen programan sarrarazten ahal delako erakundeak kultur ondare izendatzen duen oro. Ikasmaterial berezia prestatuko dute, beraz, laborantza eskoletarako, eta ziklo orokorretako kolegio eta lizeoetako ikasleentzat ere bai.

Beste lan ardatzak ere finkatu dituzte: juridikoki indartzea transhumantziaren praktikak, eta ofizioaren behatoki bat martxan ezartzea, «datu anitz eskas» direlako, Soulasen erranetan. Eskaerak ukan duen arrapostu baikorraz zinez kontent bada ere, hark azpimarratu du izendapena, «helmuga baino gehiago, hastapena» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.