Xalbador kolegioa: hiru begirada lau hamarkadako bideari

Kanboko kolegioaren berrogei urteak ospatu zituzten apirilaren 19an. Seaskaren lehen kolegioaren ibilbidea oroitu dute ikasle ohi batek, irakasle izaniko batek eta gaurko zuzendariak. 70 ikasle zituzten lehen urteetan; 357 dira orain.

Eñaut Elosegi, Arantxa Hirigoien eta Garikoitz Mujika, Xalbador kolegioan, apirilaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU
Eñaut Elosegi, Arantxa Hirigoien eta Garikoitz Mujika, Kanboko Xalbador kolegioan, apirilaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 19an gaurko eta atzoko ikasleak, irakasleak eta etxekoak juntatu ziren Kanboko Xalbador kolegioan, berrogei urteko ibilbidea oroitu eta ospatzeko. Argazki eta bideo erakusketa batean agertu ziren oroitzapen grafikoak, eta anekdotak solasetan oroitarazi. Egun horretan parte hartu zuen beste nornahiren lekukotasunak balio zukeen Seaskaren lehen kolegioaren historiaren parte bat kontatzeko. 70 ikasle zituen lehen urteetan; 357 dira orain.

Ipar Euskal Herriko Hitza-rekin mintzatu diren hiru pertsonen lekukotasunek garai eta ikuspuntu desberdinak ekarri dituzte: Arantxa Hirigoien lehen belaunaldietako ikasle izan zen, eta Xalbador kolegioko guraso da gaur egun. Eñaut Elosegi fisika eta kimika irakaslea da 23 urte zituenetik, eta Xalbadorreko zuzendari izan zen duela bost urte, MEK Manex Erdozaintzi Etxart kolegiora joan zen arte. Garikoitz Mujikak hamar urte daramatza Seaskan: bost urtez Matematika irakasle gisa aritu da, eta, orain, Kanboko kolegioko zuzendaria da. Hirurek emozio handiz bizi izan zuten apirilaren 19ko eguna, eta parada izan zuten ohartzeko zer bide egin den. 

ARANTXA HIRIGOIEN

Ikasle ohia

Arantxa Hirigoien ikasle ohia, Xalbador kolegioan, apirilaren 19an
Arantxa Hirigoien ikasle ohia, Kanboko Xalbador kolegioan, apirilaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU

«Haurrak izanik ere, sentitzen genuen zerbait diferentea egiten ari ginela»

Xalbador kolegioak urte guti zituen Arantxa Hirigoien seigarrenean sartu zelarik; haren kalkuluen arabera, 70 bat ikasle baziren orotara, eta Ene Pentzea etxean egiten ziren klaseak, orain Seaskaren egoitza den horretan. «Beste guztia oihan, belar edo pentze zen», Hirigoienen erranetan. Ikastolatik kolegiora joatea jauzi handia zen orduan ikasleentzat, gaur egun bezala funtsean. 

Larresorokoa izanik Kanbo hurbil bazuen ere, Ipar Euskal Herri osoko gazteen topaleku gisa oroitzen du Xalbador, «gaur egun, beharbada, [Baionako] Etxepare lizeoa den bezala». «Denboran bakarra zen. Gogoan dut elkartze hori: barnealdeko, Zuberoako, Donibane Lohizuneko, Ziburuko, Hendaiako eta inguru horietako haur eta gazteak juntatzen ginen». 

Hirigoienek erran duenez, garaiko testuinguruaren eragina ikasgela barneraino sartu zen. 1980ko hamarkadan, iheslari politikoen egoera erdigunean zen, eta begi bistakoa zaio oraingo begiradatik: «Irakasleetan ere bagenituen errefuxiatu zirenak; denboran, oroitzen naiz atxiloketak eta sarekadak bazirela, eta egun batetik bestera irakasle gabe gelditzen ginela. GAL ere bazen, eta gure ikaskide batzuen aita-amak hilak edo atxilotuak izan dira».

Kolegioaren lehen urteetako egoera aipatzean, eraikina alokatua zela oroitu du Hirigoienek, eta gehitu du uda aitzin hustu behar izaten zutela. «Garai hartan, ez zen ezagupenik, eta, haurrak izanik ere, sentitzen genuen zerbait diferentea egiten ari ginela». Herriko jantokira oinez joatean, Errobi kolegio publikoaren aitzinetik pasatzen ziren, eta gogoan ditu hango ikasleen «trufak». Lizeoa kolegioaren leku berean sortu zuten gero, eta Hirigoienen belaunaldia izan zen baxo arte heldu zen lehena, «azterketari libre» gisa egin behar izan bazuten ere.

Ezagupenik batere gabeko urteak ezagutu zituen Hirigoienek, eta anekdoten artean gogoan ditu, adibidez, Baionako Herriko Etxearen aitzinean egin zituzten klaseak, «protesta gisa». Lehen Herri Urrats bestaren prestaketa ere aipatu du, eta euskara klasean «gutun azalak» prestatzen aritu zirela ikasleak. Azpimarratu du irakasle, guraso eta ikasleen inplikazioa handia zela, eta Hirigoienentzat aipagarri da, adibidez, guraso batzuek beren etxea hipotekatu izana kolegioa erosteko.

EÑAUT ELOSEGI

Irakaslea eta zuzendari ohia

Eñaut Elosegi irakaslea eta zuzendari ohia, Xalbador kolegioan, apirilaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU
Eñaut Elosegi irakaslea eta zuzendari ohia, Xalbador kolegioan, apirilaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU

«Beti saiatu gara ikasleen parte hartzea atxikitzen proiektuetan eta borroketan»

Duela bost urte utzi zuen Xalbador kolegioaren zuzendaritza Eñaut Elosegik, eta, geroztik, MEK kolegioan ari da, Fisika eta Kimika irakasle. Kanbon hasi zeneko lehen urte «zoragarriak» gogoan ditu oraino, baita langileen prekaritatea ere, udan langabezia hunkitzen zutela eta soldatak gurasoek pagatzen zituztela: «Manex Goihenetxek eta nik ber soldata genuen: hura doktorea zen, bazuen 30 urteko antzinakotasuna, eta ni 23 urteko mukizu bat nintzen». 

Ibilbide profesionala hasi zuelarik, «familia handi batek» osatzen zuen Seaska, eta ikasle gehienek ezagunak zituzten irakasleak. Garai hartako kideen engaiamendua aipatu du Elosegik: «Hastapeneko mundua oso-oso militantea zen, gurasoak zinez engaiatuak ziren, dena eztabaidatzen zen, biltzar nagusiak egiten ziren, batzuetan ikasleekin ere bai... Toki handia zuten funtzionamenduan».

1994. urtean aldatu zen egoera, Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin kontratua izenpetu zuenean, Hezkuntza ministroa François Bayrou zelarik. Hortik aitzina egoera aldatu zela gogoan du irakasleak, eta Seaskari «alimaleko lasaitasuna» ekarri ziola. Ifrentzua ere aipatu du: «Halako normaltasun bati buruz joan beharra eta programa eta gauza horiei gehiago kasu egin beharra ekarri zuen kontratu hark». Gainera, antolaketa aldarazi zuela gehitu du Elosegik, nahiz eta uste duen hastapeneko balio batzuek bizirik irauten dutela: «Beti saiatu gara ikasleen parte hartzea atxikitzen proiektuetan, eta borroketan ere bai. Adibidez, azterketak euskaraz egiteko azken urteetako borrokan».

Elosegiri zaila zaio bere ikasgelatik iragan diren belaunaldien arteko konparazioa egitea, uste baitu diferentziak badirela, «denborak aldatzen baitira». Belaunaldien arteko diferentziez mintzatu baino nahiago du azpimarratu belaunaldi anitzetako ikasle ohiak nola inplikatzen diren heldu bilakatzen direlarik. «Mugimendu abertzalean, mugimendu politikoan eta sindikalean, kulturalean, herriko besta komitean...» aktibista bilakatzen baitira anitz, Elosegiren ustez. Irakasle gisa horrek «betetzen» du, erran duenez.

GARIKOITZ MUJIKA

Zuzendaria

Garikoitz Mujika zuzendaria, Xalbador kolegioan, apirilaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU
Garikoitz Mujika zuzendaria, Xalbador kolegioan, apirilaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU

«Uste dut lortzen dugula harreman baikor eta eraginkor bat eraikitzea»

Xalbador ikastetxeko zuzendaria da Garikoitz Mujika Matematika irakaslea, eta 357 ikasle dituzte egun —azken urteetako kopururik apalena da—. Apirileko ospakizun eguna, harendako, beste parada bat izan zen agerian uzteko Xalbador ez dela «kolegio hutsal bat, herri proiektu bat» dela.  

1998an eraiki zuen Seaskak bigarren kolegioa, Ziburun, eta, orain, bost dira orotara. Mujikak erran du denboran ba omen zela beldur bat, Ipar Euskal Herriko gazteen topaleku izateari utzi baitzion Xalbador kolegioak. Baina, zuzendariarentzat, egoera «anormala» zen kolegio bakarrarena: «Herri ikuspuntutik ikusten badugu, ez da batere normala Ipar Euskal Herrian kolegio bat ukaitea, bakarra. Eta ez da batere logikoa Ipar Euskal Herrian euskaraz irakasten duen lizeo bakar bat ukaitea ere». Baionako Bernat Etxepare lizeoa ttipi gelditzen ari denez, beste baten sortzea aipagaietan da, erran duenez.

Berrogei urteko bidean ikastetxea zenbateraino garatu den ikusarazteko, Mujikak mugarri gisa aipatu du 2010ean proiektu pedagogikoaren inguruan egin zen gogoeta. «Gogoeta egin genuen ikusteko kolegioaren erronkak zein ziren eta nola erantzun behar zitzaien nerabeen beharrei, ahalik eta ikasle gehien ikasle eta pertsona gisa aurrerantz eramateko bokazio horretan».

Ospakizun egunean ikusi zituen ikasle ohiak aipatzean, ikastetxeko zuzendariak ondorioztatu du «belaunaldi baikorrak» ateratzen direla Xalbadorretik. Mujikak adierazi du ikasle ohiek usu «irri ederrekin» agurtzen dituztela irakasle ukan dituztenak, eta gehitu du «harreman baikor eta eraginkor bat eraikitzea» kausitzen dutela ikasleekin, «nerabezaroan pertsona baten bizitzako urterik zailenak» bizitzen badira ere eta kolegioa handiturik ere.

Seaska bezala, Xalbador ikastetxea «bizia» da, haren arabera. Uste du urtemuga iraganera so egiteko parada bat izan zela. «Balio du ohartzeko gutxiengo ero hark irekitako bideari esker garela gaur egun garen guztia». Duela lau hamarkadako ikastetxetik gaur egungora heltzeko bezala, «pixkanaka-pixkanaka» aitzina doazela segurtatu du Mujikak. «Lanbide bizia baita hau, erronka zahar eta berriak mahai gainean jartzen dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.