Laborariek beren ofizioan dituzten zailtasunak arintzea zen omen Duplomb legearen xedea. Bistan dena balitekeela zer egin bazterren zaintzeko eta jendea elikatzeko hain beharrezkoa den ofizioaren iraupena eta erakargarritasuna bermatzeko...
Orokorrean, laborantza gaizki doa gaurko bidetik segituz. Bere buruaz beste egiten du anitzez laborari gehiagok beste lanbideei konparatuz... %43 gehiagok!
Baina aterabidea zer da? Frantziako Parlamentuan eskuineko legebiltzar kideek FNSEA sindikatuaren proposamena onartzea? Eta zer diote? Goazen, goxoan, orain arte debekatuak ziren pestizida lanjerosen berriz baimentzera?
Azetamipridoa, adibidez, neonikotinoideen familiako neurotoxikoa da, minbizia eragiten du eta gizonezkoetan emankortasuna ahultzen du. Horrelako ondorioak ezagututa, argi da laborarien osasuna bera kondenatzen dela lehen-lehenik.
MSA egiturak azterturik, badakigu laborariek beste edozeinek baino probabilitate handiagoa daukala minbizi baten atzemateko... Ber gisan, Parkinsonen eritasunak pozoi horiekin kontaktua dutenak gehiago hunkitzen ditu, %13 gehiago. Horiek bai direla oinarrizko zailtasunak... Eta horiei buru egiteko ordez, horien emendatzea ekarriko lukeen pestiziden baimentzea onartu berri dute!
Parisko, urruneko, FNSEAren jukutria ez da zuzena. Hemen berean sindikatu izena ere merezi ez duen egitura horrek badauzka bere ordezkariak. Berriki entzuten nuen Euskal Irratietan Garazi aldeko FNSEAko kargudun bat Duplomb legea defendatzen. Ez dut sinesten arrunt itsua dela, ez dakiela, ez dela ohartzen zer itsuskeria defendatzen duen.
Ez, ez. Badaki. Badakite zer ari diren! Zinikoak dira. Beren ideologia lehenesten dute gure osagarriaren gainetik.
Ez da berantegi! Salatu behar ditugu horrelako ideiak aitzinatzen dituztenak, horiek bai direlako laborantzak dituen zailtasunen arduradunak.