Artetxea

Aisialdia, plazerez eta neurrian

2025eko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasturtea hasi berria da. Uda frenetiko baten ondotik, bestak, bidaiak, hondartza, mendia, bisitak, kontzertuak, parkeak... Gehienak akiturik sartu gara berriz eguneroko erritmoan. Egia erran, pentsatuz beharbada eguneroko erregulartasun horretan pausatuko ginela, ez dea hala? Hasi orduko, aldiz, ohartu gara ezetz, eta azkar hasi gara berriz, lana, ikastola... Eta aldi berean, nola ez, aisia! Aisialdiko eskaintza zabal eta erakargarria parez pare: kirola?, musika?, dantza?, eskulanak?, formakuntzak? Dena interesgarri, eta denak ezinbestekoa iduri.

Helduentzat, aisialdia ez da bakarrik lanetik ihes egiteko parada: garapen pertsonalerako bide baliotsua izan daiteke, buruari eta gorputzari arnasa emateko aukera. Baina kasu ez ote garen guhauren buruaren akuilu zorrotzegia bihurtzen ari. Autohobekuntza, osasuna, forma fisikoa, oreka emozionala, burujabetza... Dena behar ote dugu landu? Denetan onak izan behar ote dugu? Bide bakarra dea guhauren buruaren maitatzeko eta autoestimuaren elikatzeko?

Eta gure haurrek zer? Eskolaz gain, musika ezagutu, igerika trebatu, pilotan segitu ala hizkuntza berri bat ikasi? Bai, hauta anitz bada. Haur argi, kirolari, artista orekatuak sortu nahi ditugu, baina ez al gara hemen ere perfekzioaren bilaketa zentzugabe batean galduak? Haur kirolaria, argia, artista, eleaniztuna eta zoriontsua ez da existitzen!

Aisialdiak ez luke deia aski ongi ezagutzen eta pairatzen dugun presioaren elikagai izan behar!

Kontsumoaren jendarte honetan, aisialdia bera ere kontsumitzen dugu: ikusi, saiatu, gustatu, utzi, beste bat hasi... aldaketaz aldaketa ibiliz.

Gure egunak, asteak, hilabeteak betetzen dira. Eta pentsatzen dugu: «Lasai, laster uda berriz jinen da eta pausatuko naiz». Baina ez! Badakigu udan ere geldirik egoteko zailtasunak ditugula, gozatu nahi dugulako, bidaiatu, esperientziak metatu eta oharkabean uda joaten zaigu.

Batzuetan, deus ez egitea, gelditzea, lasaitzea da gehien behar duguna, bai haurrek eta bai guk.

Horiek hola, aholku xume bat: aisialdia ongi pentsatu, zentzuz. Ez da eskaintza guziari baietz erraterik. Ez eta ere beti zerbait egiteko beharra sentitzerik. Noizbehinka, aspertzea ere bizitzaren parte da, eta pausatzearen balioa berreskuratu behar genuke. Etxean egon, atseden hartu, lo egin, deus ez egin... Eta gozatu!

Gogoeta horiek eginik, jakin ezazue Artetxean euskarazko aisialdia proposatzen dugula urte osoan: eskulan eta arte saioak, yoga, Komunikazio Ez Bortitza, system-a, step-a, kantua, eta euskara kurtsoak, heldu edo haur, bakoitzak bere erritmoan eta bere nahiaren arabera, libreki parte har dezan!

Ongi etorri guziei, aisialdia neurrian eta plazerez bizitzera!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.