Azaroa hilabete iluna da. Egunak laburrak dira; eguzkia guti agertzen da usaian eta argitu orduko iluntzen du. Fresko eta ilun, xerria hiltzeko garai aproposa. Neguari begira baserriko biltegia hornitu behar.
Xerri-hiltzea auzolanean egiten zen, gaur baten etxean, bihar bestearenean, partekatze ohitura ederrean. Egun handia zen. Besta eguna. Baina hori, lehen zen. Gaur egun gero eta leku gutxiagotan egiten baita.
Azaroaren 11n hasten ziren xerria hiltzen, San Martin edo Jondoni Martin egunez. Gaur egun «euskara baizik ez zekiten haiek» omentzen diren egun horretan.
San Martin egunez baserri edo etxalde aldaketak egiten ziren ere bai: «Jondoni Marti, prest dena, parti!». Etxetiar edo maizter batek nagusiarekin kalapita zerbait izan bazuen edo bere ustez etxalde hobe baterako tratua egin bazuen, San Martin egunerako hustu behar zuen bere etxea.
Larresoron, beste herri anitzetan bezala, herriko bestak Jondoni Martinez ospatzen ziren. Gure etxean betidanik hori entzun dut, nahiz eta aspaldi orain agorril hondarreko asteburuan finkatuak diren. Neguko ospakizunak udara pasarazi dituzte, leku frankotan bezala. Aro hobea kausitzeko, opor giroaz baliatzeko eta udatiarrak erakartzeko ere hain segur. Joaldunak udan eta tomateak neguan bezala...
Ote Lore sortu zelarik duela 41 urte hori izan zuen lehen helburua: garai bateko herriko bestak berpiztea. Hots, azaroan Jondoni Martineko bestak ospatzea. Ote Lore elkartearen kasuan hasteko, estakuru edo abiapuntu ederra izan zen elkartea sortzeko eta indartzeko. Geroztik urtez urte antolatu izan ditugu, hilabete guzian hitzordu aberats eta anitzak eskainiz. Baina, zer oihartzun dute iraganeko ohitura horiek guregan gaur egun? Aurtengoak ate joka ditugularik, beste galdera batek kilikatzen nau: norendako ari ote gara? Norendako ari gara bertsoa, kantua, antzerkia, literatura, film proiekzioak euskaraz proposatzen? Jendea hurbilduko ote da? Herritarrak?
Euskararen arnasguneak lanjerrean direla badakigu, kultura eta sormena ditugu beharrezko eta azken arnasguneak menturaz. Gure herriko xoko ezberdinetan piztuko ditugu gune horiek: liburutegian, kaperan, herriko salan, Debrutegian eta patronage gelan entzunen da euskara. Norendako? Guretako sinpleki. Elkarrekin partekatuko ditugu aurtengo xerri puskak. Gure etxea atxikiko dugu. Eta urreliliz estaliko ditugu hilobiak euskara baizik ez zekiten haien oroimenez.
