Erle beltza eta klima aldaketa

Erle Beltza elkartea
2025eko uztailaren 4a
07:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken ehun urte hauetan, gure klima azkar berotu da. Bi gradu bederen goratu da, eta gorakada horren hobenduna gure gizartea da, parte handienean.

Badakigu eurite handiak emendatuko direla, itsasoak goratuko eta uharte batzuk desagertuko direla, beren biztanleak bizitokirik gabe utziz. Baina zenbaitzuek oraino ukatzen dute gertakizun hori, beren bizi moldea ez dutelakoz aldatu nahi edo diru anitz irabazten dutelakoz energia fosilekin.

Baina guk, erlegintzaren munduan, azkar sentitzen dugu hori, bereziki ofizio horretan ari garenok berrogei urteotan. Beraz, zer aldaketa nabarmen da?

Batetik, negu epelak. Negu hotzak, karroinarekin, beharrezkoak dira erleentzat. Biziki hotz delarik, erleak biribildurik jartzen dira, anderea erdian ezarriz. Borobil horren erdian direnak 27 gradu inguruan dira, aski negua pasatzeko, baina kanpoko aldean direnak hiru edo lau gradutan dira. Beraz, erregularki, barneko erleak aski berotu direlarik, kanpoko aldera joaten dira eta bazterrekoak barnera pusatzen dituzte. Borobilaren erdian eztia badute jateko, baina molde horretan biziki elikadura guti behar dute. Horrela, negua pasatzen ahal dute gosetirik ezagutu gabe.

Baina negu hotzik edo aski hotzik ez dugu gehiago, eta erleak, negua biribildurik pasatzeko orde, kanpoan ibiltzen dira eta ez dute deus biltzen, nektarrik eta polenik ez delakoz sasoi horretan. Energia anitz gastatzen dute eta eztia falta izaten zaie udaberrira heltzeko. Beraz, goseak hiltzen dira erlezainak ez baditu bazkatzen.

Hotzarekin, anderea gelditzen da errutetik eta hori beharrezkoa du pausatzeko zenbait astez, ezti sasoia akigarria baita beretzat. Andereek bizpahiru urte irauten dute, lehen bost urte irauten ahal zutelarik.

Bada parasito bat biziki kaltegarria erleentzat, varroa deitzen dena, erleen arroltzetan garatzen dena. Errutea geldituz, beraz, parasito horren zikloa ere mozten zen. Orain ez dugu gehiago ziklo murrizte hori eta varroaren kasatzea erlezainen lehen arrangura bilakatu da; orain beharrezkoa da erleak tratatzea horretaz zaintzeko.

Bestetik, idorteak eta ur eskasa gertatzen dira. Ura beharrezkoa da erlauntzen hezetasuna atxikitzeko. Gehienetan, ur xirripa bat baliatzen dute, baina horiek dira lehenik agortzen idorteak irauten duelarik. Orain, udan, ikusten ahal dira ontziak urez beterik erlategietan. Baina idorteak batzuetan behartzen ditu erlezainak transhumantzia egitera mendira buruz; idortea delarik, loreek ez dute gehiago nektarrik egiten eta erleak etortzearekin, ez dute deus xurgatzeko lili horietan: nektarrik ez, eztirik ez.

Azkenik, landaretza aldatzen ari da. Jadanik hasia da. Badakigu mediterraneoko landareak emendatuko zaizkigula, baina hori ez da kaltegarria izanen erleentzat. Bertze ezti klaseak eginen dituzte, eta gure euskal erle beltza jarriko zaio horri.

Orokorrean, klima aldaketa horretan, negua murriztea eta epeltzea da momentuan kaltegarriena, zuhaitz fruitudunetan ere ikusten dugun bezala. Eta badakigu egoera horretatik ateratzeko lekuko erlearekin behar dugula segitu, horrek azken 10.000 urte hauetan erakutsi baitigu aldaketa guztien gainditzen bazekiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.