Erritualak gure esku?

Ote Lore elkartea
2025eko uztailaren 18a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela zenbait hilabete gure elkartea handizki inarrosia izan da, gutariko bat, elkartearen lehen sortzaileetakoa, berrogei urteko adiskide fidela, zendu delako.

Segidan bildu ginen gure usaiako Debrutegia lokalean, malkoak begi izkinan, kolpe handi hori elkarrekin hartzeko, eta orduan zer egin aipatzeko.

Ehorzketak laster heldu ziren eta egon ginen pentsaketan, jakinez elizako eta hilarrietako momentuetan hain segur izanen zirela hitz hartze, kantu eta beste adierazpen, familiakoen eta hurbilekoengandik bereziki. Baina nahi genuen parte zerbait hartu, galdu genuen lagunari eta haren familiari gure atxikimendua eta pena erakutsi. Elizkizunetan nola parte bat hartu neurri on batean egonez eztabaidan ari ginela, norbaitek honela bota zuen: «Gero ere, omenaldi zerbait egiten bada...». Hitza eta ideia gelditu zitzaizkigun buruan.

Ehorzketak iragan ziren, biziki hunkigarri, familia trinko baten inguruan. Nunbre handian etorriak ziren adiskideak eta ezagunak  —horien artean Leaburutik (aspaldian Ote Lorekoekin senidetuak) andana bat— familiak errezibitu zituen etxondoan, bihotzak berotzen dituen elkarretaratze horietako batean.

Elkartekideak berantago bildu ginen berriz omenaldi hitzaren inguruan, dozena bat jende, beti Debrutegi gure xokoan. Nehork ere aitzin ideiarik ez zuela zer-nolako ekitaldia izan behar zuen ospakizun horrek, zafra-zafra proposamenak atera ziren: arbola (tokiko motako haritza) baten landatzea gune berezi batean, dantzak, bertsoak, kantuak, hitzak ere bai.

Kantuz, dantzan, bertsotan aritzea ez da denei emana. Pentsatzeko da gauzak ontsa eta molde ederrenean egiteko, arte horietan hobekienik ari direnak ekarrarazi behar direla. Eta dudarik gabe baziren gure inguruan aurresku bikain emateko dantzari trebatuak, eta bertsolari puntakoak. Baina ez da hola hartu asmoa: denek nahi zuten egin, ez bakarrik behatu. Orduan bai, bertsolari (eta adiskide) xoragarri bati galdegin, herriko dantzari gazteak eta auzoko musikariak deitu, hitzak asmatu aire ezagunaren gainean, errepikak egin, eta gogoa zuten guziak sartu dira dantzan, kantuan, errondan.

Hori izan da (enetzat hasteko) irakaspena: momentuak badira bizitzan, ederrak edo latzak, inportanteak beti, elkarrekin bizi behar ditugunak. Gutarteko baten heriotzaren inguruan obratzen ditugun ospakizunak erritu sozial bat dira. Eta gure gizartean, aspaldian, erlijioak du kargu hori betetzen: egoitza bada jendea biltzeko (eliza), zeremonia kodifikatu bat (meza), ekitaldiaren eramaile bat (apeza), ohiturek finkatutako egin moldea.

Elizaren funtzio tradizional hori auzitan ezartzea ez da hemen xedea, baizik eta ohartzea euskal kultura herrikoiarekin hainbat baliabide ere badugula, guztien eskura. Pertsona edo gertaera baten ohoratzeko, edozer ospatzeko momentuan, osagai guziak hor ditugu, maisu edo zeremonia buruzagi beharrik gabe, nahiko emozioa, solemnitatea, duintasuna sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.