Munduko eskualde gehienetan hizkuntza bat baino gehiago jakitea ohiturazkoa da. Euskara da gure herriak duen bereizgarririk ageriena, gure arbasoengandik datorkigun ontasun paregabea, euskal kulturaren oinarrizko elementua.
Espainiako Konstituzioko 3. artikuluan (1978) irakurtzen dugu: «Espainiako hizkuntza moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du» (Euskaltzaindiaren euskarazko itzulpena).
Berrikitan, Michel Feltin-Palas, Parisen Express aldizkarian den kazetari biarnesak frogatu digu zertarako balio duen euskaraz mintzatzeak. Aitzinatu dituen hainbat argumentuen artetik, bizpahiru baizik ez ditugu azalduko, indartsuak eta hegemonikoak ez diren hizkuntzen inguruko aurreiritziak hautsiz.
Hizkuntzek mundua ikusteko manerak islatzen dituzte, ideien zabaltasuna eta erresilientziarako bideak eskainiz. Hizkuntza aniztasuna eta bioaniztasuna lotuak dira. Bertako toponimiak egunero erakusten digu: Larresoro, larre eta soroz osatua dela eta zentzuduna da, Ezpeleta bezala, ezpela-tik datorkiguna. Erdaraz aldiz, Larressore, Espelette, erranahi guti.
Ondare egunak antolatzen direnean herrietan, ahazten dute gure lehen ondarea euskara dugula hemen, nahiz eta immateriala izan.
Euskarak, Unescoren arabera, oraindik arrisku egoeran jarraitzen du. Herrietan euskarari toki zentralagoa eman beharko zaio, elkarteen gain ardura osoa utzi gabe.
Nola eman euskarari funtzio azkarragoa? Transmisioa sustatuz lehenik. Eskoletan erdara inposatuz ez ote dute gure hizkuntza deuseztatu garai batez? Erabilera eta ikusgarritasuna sustatuz. Diskurtso berritzaileak sortuz, prestigioa landuz.
Euskaldunok, hizkuntza inertziak aktibatuz eta ohiturak aldatuz; «Elkar mugituz egingo dugu», dio Euskaraldia mugimenduak.
Belaunaldi berriak euskalduntzen segitzeko familiak ekarpen handia egiten du, eta zubia luzatzen du eskolatik jendartera. Burasoak sustengatu behar dira euskararen hautuan, haurrekin bide egin dezaten. Erdaldunei gure hizkuntza ikasteko gogoa sorrarazi behar zaie. Euskal Herrian bada borondatea euskara beste egoera hobeago batera aldatzeko. Herri eta instituzio horien laguntza beharko dugu horretarako, ilusioa piztu!