Frantses nazioa «fabrikatu»* egin da menpe hartu dituen herrien mintzairak suntsituz eta bere legeak inposatuz. Hala jarraitzen du, bere erabilera udaletxe (katalana), legebiltzar (korsikera), azterketa edo auzitegietan (euskara) debekatuz. Euskararen gaia osoki politikoa da, beraz: pairatzen duen larrialdia ez da halabeharrez gertatzen, gure mintzaira ezabatu nahi duten politika kolonialisten ondorio zuzenez baizik.
Berdin gertatzen da EAEn, koofizialtasun faltsuaren eremuan: euskara jakitea eskubidea da; espainola, aldiz, obligazioa. Euskararen aurkako oldarraldi judizial-politiko euskarafobo betean gaude, jadanik eskasak ditugun eskubideak are gehiago murrizteko, ustezko diskriminazioaren aurka aritzeko aitzakian. Okerrago Nafarroan, euskaraz ikasteko eskubidea nafar guziei bermatua ez zaielarik.
Hemen kanpoko legea da nagusi, batzuetan ahanzten baitugu lortu porroska bakanek anestesiaturik: gu hobeki asimilatzeko, euskara desagerrarazi nahi dute, hizkuntzak egiten gaituelako herri.
Horregatik diogu: euskaraz bagara.
Euskaraz ari garen bakoitzean, gure herria egin eta biziarazten dugu; euskaraz mintzo garen guzietan, asimilazioari erresistentzia menderakaitza altxatzen diogu; euskaraz gure hitzak, eleak eta berbak, esaldi eta gogoetak moldatzen ditugun ber, euskaldun garela ozen bezain alai berresten dugu; euskaraz ari garen orotan, globalizazioari ezetz, logika kontsumitzaile indibidualistari uko eta elkartasun eta auzo lanak lehenesten ditugu. Euskaraz ari garenean, erdaren uhin, tirain eta tiraniari oldartzen garen harkaitz suntsiezinak gara.
Euskarak egiten gaitu herri, euskaraz bagara. Euskara hutsez bete ditzagun Ziburuko plazak ekainaren 7an, eta gure solas eta biziak urte osoan.
* «Gure nazioa estatuak eta hizkuntzak eratu dute. Hizkuntza izan dugu gure herriaren batasunaren arragoa [...] Nazio baten fabrika izan da, hau bestenaz galtzen baitzen bere dialekto, eskualdeko eta tokiko hizkuntza ezberdinen artean [...] hauek, funtsean, nazioaren zatitzeko tresna baitziren.» Emmanuel Macron Frantziako lehendakaria, 2024ko azaroaren 14an, Frantses Akademian.