Uztailaren 3an, Mauleko Chaumes gasnategiko langile ohi bat auzipetua izanen da. Lau salaketa dira haren kontra. Bost, lekukotasun ofizialak. Parada ona da eraso sexualen gaia aipatzeko.
Zenbat gara, isil-isilak, jazarpenak jasan ditugunak? Lanean edo etxean pairatzen diren bortizkeriak ez dira aise aipatzen. Baserrian bizi izanez, denek elkar ezagutuz, oraino gogorrago da mintzatzea. Erasotzailea denetarik hurbil da: lagun baten etxekoa, kusi baten lagun ona, auzo bati lotua... Halako leialtasun sentimendu batek isilarazten gaitu. Bortizkeria onartzen dugu, baztertuak ez izateko; maite dugun pertsona bati minik ez egiteko. Harremana ez galtzeko. Gure sufrimenduak isilarazten ditugu.
Holako istorioetan, biktimek denbora hartu dute itzaletik jalgi baino lehen. Uste ukaiten ahal dugu ondorioei pentsatu dutela. Duda. Hitz erdika errana, galdekatzen da ez ote dutenetz amiñi bat probokatu. Mintzatzeagatik kaka nahasteaz akusatuak dira, beren ingurumenetik baztertuak, beren zintzotasuna dudan ezarria. Zenbat galdera? Zenbat aholku? Zenbat negar malko isuriak? Hori oro bizi izan duten zapalkuntza baino arinago baitzen mintzatu dira halere.
Zerendako biktimen hitza beti dudan ezartzen dugu? Zerendako mintzo denak du gaizkia pairatu behar eta ez min egiten duenak? Zerendako, orokorki, nahiago dugu beste norabait ere so egin? Jazarpena eta sexu erasoak izan, edo intzestuak... Nork ez du halako egoera bat ezagutu non denak isilik egon diren eta biktima bakarrik sufritzen egon den?
Bortizkeria onargarriago da salaketa baino! Mekanika sozialak ordena atxikitzen du isiltasuna inposatuz. Erasotzailea lasaiki jazartzen ahal zaio biktimari, baitaki eskandaluaren lotsak denak isilaraziko gaituela.
Gasnategiko egoera berriz aipa dezagun. Biktimak mintzatzera ausartu direlarik, sostengu handiena tipoaren aldekoa izan da. Zuberotarra baita. Fama ona baitu. Emazte gazteak, berriz, baztertuak. Geroz eta haboro. Haboroxeek lana utzi behar izan dute. Prekaritate tzar batean sartzeko, gainera. Lan ikuskaritza pasatuta, tipoak lana utzi behar izan zuen. Ez du zailtasunik ukan beste bat atzemateko... eta gero beste bat oraino. Haren egungo enplegatzaileek egoera kontuan hartu dute? Ez luke iduri. Azkenean, zerbait gertatzen bada, aski dute erratea ez zekitela. Praktikoa.
Istorio honek gordeak egoten diren anitzi egite die: zenbat biktima ez dira mintzatzera ausartzen? Zenbat erasotzaile ez dira sekula arranguratuak? Uste dugu isiltasunak babesten gaituela, eta bake soziala atxiki. Baina babestua dena erasotzailea da, gaztigurik ezari esker. Gure isiltasunak gaitu egiazki arriskuan jartzen. Gure jokamoldeak ikus ditzagun: denok bortizkerian parte hartzen dugu, egiten edo isiltzen dugunarekin.