Arberoako Joaldunak taldea Artetxea proiektuan barna ibilki diren elkarteetarik bat da. Gure joaldun taldea konfinamendu denboran sortu zen, etxe bateko supazterrean. Supazterretik mendira, menditik noiztenka plazara... Eta oraingoan egunkarira gure asmoaz eta izaeraz mintzatzera.
Tulun tulun tulun...
Erritmoan doazen gure larru, jats eta joareak ez dira huskeria folklorikoak, baizik eta herri baten oroimen bizia.
Gu ez gara ustekabetarik janzten. Ez da «gauza tipikoa», ezta ikusgarri huts bat ere. Jantzi honek usaina du: sustraiena, lehengo erritualen eta herritarren arteko loturarena. Eta bai, noizean behin Izturitzeko edo Donamartiriko kaskoetan ibiltzen gara, baina ez desfile gisa, baizik eta bihotzen inarrostera!
Tulun tulun tulun...
Iaz Bilbo Zaharreko bestetara joan ginen karrikaz karrika ibiltzera, eta han, gure joareak baino gehiago entzuten ziren argazki tresnen klikak. Bat-batean, exotiko bihurtu gintuzten. Turistak hurbiltzen ziren: «Argazki bat zurekin?». Bai, maite dugu jantzirik agertzea bestara, baina ez gara zooko ziminoak! Ez gara heldu espantuka agertzera, baizik eta bazterren mugitzera eta oroimenaren piztera.
Ohitura zaharren atxikitzea eta erakustea ez da txarra baina ez genuke museo bateko pieza bilakatu nahi! Erritualak bizirik dagoenean baizik ez du zentzurik, eta bizia herritarrek eta herriak ematen dizkiote, ez argazki tresnek. Bai, harro goaz karrikan barna joareak harrotuz, baina ez gaitzatela soinurik gabeko zarata bihurtu!
Tulun tulun tulun...
Egia erran, batzuetan guhaurek ere ez dakigu zertan ari garen. Batzuetan sineste zaharretan bermatzen gara; beste batzuetan, besterik gabe, adiskideen artean intuizioz eta atseginez mugitzeko elkartzen gara. Gertakari txarren usaina senti dugunean, gure herrietako muturretara igotzen gara, garai bateko errogazioetan bezala, harresi sinbolikoak eraiki nahian. Ez dakigu beti zer uxatzen dugun, baina zerbaitek bultzatzen gaitu atera eta joareak astintzera aldarrikapen gisa.
Bihotzak eramaten gaitu. Eta bihotzetik datorren azantzak zerbait harrotzen duke. Ez dea hala?
Tulun tulun tulun...