laura peganos rodriguez

20a, Gorraizko billabesa

2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

«Nork zainduko du Keparen aita?», galdetzen zion bere buruari Aurora Mora pertsonaiak; emakume indigena zen, exotikoa zen, basatia bezain hauskorra, arrotza, kolonbiarra zen eta arrazializatuta zegoen.

2021ean eta 2022an Atzerrian lurra garratz antzezlana sortu genuen, nire lehen aukera antzezle profesional gisa. Artedramak ekoiztu zuen, Amancay Gaztañagak zuzendu zuen, eta Ander Lipusek eta biok oholtzaratu genuen.

2008an ailegatu nintzen hona bizitzera, Euskal Herrira; zehazki, Iruñera. Dena utzi nuen Kolonbian, den-dena. Besteak beste, gogoan dut zer gogorra egin zitzaidan Iruñeko emakumeen artean izatea, egia esan. Garai horretan, emakume zuriek eta burgesek erakutsi nahi zidaten emakumearen askatasunaren bidea. Feminismoa. Badakizue, kolonbiarra naizenez... Baina hori beste upeleko sagardoa da.

Etorri berria nintzenean, hemen aurkitu nuen lehenengo lana oinetako denda batean izan zen, Itaroa saltokigunean. Gogoan dut hara joateko, batzuetan Gorraizko billabesa hartzea tokatzen zitzaidala, 20a. 08:30ean hartzen nuen eta beti emakume migratzailez beteta egoten zen. Europako ekialdeko emakumeak: errusiarrak eta Errumaniakoak bereziki. Haiek emakume zuriak eta ilehoriak ziren, eta horrek harritu egiten ninduen. Hegoamerrikarrek ere erabiltzen zuten autobusa. Baina nire sudaka memorian, hori «normala zen». Guk, hegoamerikar emakumeok, Estatu Batuetara edo Europara migratzen dugunean, etxeak garbitzea edo adineko pertsonak zaintzea izaten da gure patua. Eta hori nabaritu egiten da gure azalaren kolorean, gure «estatus soziala». Baina haiek europarrak ziren. Eta berehala ulertu nuen egoera; kontua pobrea eta emakumea izatea da, berdin da jatorria.

Beti izango gara kanpotarrak garbitzen dugunok, atzerritarrak, 'las de fuera'. Sozialki hori da espero dena.

Isil-isilik bidaiatzen genuen, batzuek zutik eta beste batzuek eserita. Elkarri begira, baina elkarri hitzik egin gabe, ezta hitz bat ere. Bat-batean gogora etortzen zaizkit haien gorputz tristeak eta deserrituak. Nirea ere bai, garai hartan horrela sentitzen nuen-eta. Gure artean ez genuen harremanik, batzuek ez zuten gaztelaniaz ongi hitz egiten. Ni, ordea, Errumaniako emakume batekin adiskidetu nintzen eta beti elkarrekin esertzen ginen, ez naiz oroitzen haren izenaz, baina bai gure elkarrizketez. Hura Gorraizko etxe batean aritzen zen garbitzaile eta umeak zaintzen zituen. Oso esker oneko zegoen lanarengatik, baina beti esaten zidan: «Laura, Itaroako dendaren batean lanean aritzeko zerbaitetaz enteratzen bazara, esan mesedez».

Zenbat Aurora Mora ari dira Euskal Herrian zaintza eta garbiketa lanetan baldintza negargarrietan? Zaintza, hori da tokatzen zaiguna, lehenik emakume izateagatik eta gainera migratzaileak garelako. Hori da gure lekua, sukaldeko txoko ilun batean egotea, betiko, ez dugu besterik merezi, ez gara duinak beste deuserako hemen jaio ez garelako.

Beti izango gara kanpotarrak garbitzen dugunok, atzerritarrak, las de fuera. Sozialki hori da espero dena. Esplotazioak zeharkatzen gaitu. Oroitu, Europara etortzen bazara, eta pobrea bazara, hau da ordaindu beharreko prezioa hemen, «bakean» bizitzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.