Iñaki Arrizabalaga Nafarroako Osasun Mentaleko zuzendari kudeatzailea da (Pasaia, Gipuzkoa, 1962), eta hari egokitu zaio Iruñean elkarri laguntzeko agenteen inguruko jardunaldia amaitzeko hitza hartzea. Eredua aldatzeko beharra onartu du, baina «zaila» dela erantsi.
Nafarroako Gobernua prest da elkarri laguntzeko agenteak kontratatzeko?
Oraingoz, ez dago gai horri buruzko inolako plangintzarik. Buruan dugu, baina denbora behar da. Prozesu oso bat antolatu behar da.
Osasun Mentaleko Zuzendaritzak uste du eredua aldatzeko beharra badela?
Nire ikuspuntutik, urratsak egin behar dira, eta uste dut ari garela urratsak egiten eredu berri horretara hurbiltzeko.
Indarrean dagoen ereduari buruz, ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan jendea ohera lotzen segitzen dutela salatu dute Mejorana elkarteak eta Giza Eskubideen eta Buruko Osasunaren Plataformak. Noiz utziko diozue hori egiteari?
Oso zaila da hori esatea.
Hamaika erakundek erran dute gisa horretako neurriek ez dutela laguntzen; alderantziz, kalte egiten dutela.
Ados nago. Baina ezin da horrelako aldaketa bat egin bat-batean.
Neurri horien kontrako aldarria ez da oraingoa herrialdean. Zergatik segitzen dute indarrean?
Egiturak oso zurrunak direlako.
Jendea lotzen segituko duzue?
Saiatuko gara ahalik eta gutxien egiten hori. Baina aldaketa asko egin behar dira egituran neurri horiek bazter utzi ahal izateko.
Osasun mentalari buruzko azken planean, helburutzat hartu zenuten inor ez lotzea. Noiz beteko duzue?
Ezin dugu data jakinik esan. Plana aurten amaituko da, eta egia da ez dela urrats handirik egin helburu hori lortzeko. Pauso batzuk eman dira; adibidez, erregistro bat sortu da. Lehen, hori ere ez zegoen. Informazioa dugu, eta
zabaltzen dugu. Ez gara deus ezkutatzen ari.
2022an 190 pertsona lotu zituzten ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan. Kopuruak behera egin du, baina lotuta egon diren denborak, berriz, gora.
Egia da. Halere, bada beste errealitate bat: egiturak egokitu behar ditugula. Helburu nagusia da inor ez lotzea, baina zailtasunak ditugu. Ikuspegi ezberdinak daude, gainera, eta osasun mentalari buruzko begiradan ere aldaketak lortu behar ditugu.
Elektroshocka ere erabiltzen dute herrialdeko ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan, oraindik ere. Torturatzat daukate Mejoranak eta gisako hamaika elkartek.
Erabiltzen da Nafarroan, bai eta beste leku askotan ere. Gaur egun, estrategia terapeutikotzat hartzen da. Arlo horretan ere egin beharko dugu azterketa sakon bat. Giza eskubideen arloan asko dago egiteko.
Giza eskubideen urratzea ahalbidetzen du egungo ereduak?
Asko dago aldatzeko. Eta premiazkoa da. Baina egiturak zurrunak dira, eta zailtasunak daude. Hasi gara lanean, baina asko dago oraindik egiteko.