Bisitariak hartzeko prest dira Artzibarko termak, indusketak hasi eta hamar urtera

Aranzadi zientzia elkarteak zuzendu ditu 2011. urtean hasitako lanak, Nafarroako Gobernuaren eta Artzibarko Udalaren babesarekin. Adituek aztarnategia ikertzen segituko dute datozen urteetan.

(ID_13576417) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-02-07, Artzi. Artziko terma erromatarrak
Artzibarko terma erromatarrak, joan den asteko irudi batean. Bisitariak hartzeko prestatu dituzte. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Artzibar
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Burutu dute 2011. urtean hasitako lana: bisitariak hartzeko prest dira Artzibarko termak, joan den astetik. Aranzadi zientzia elkarteko adituak duela hamabi urte hasi ziren Pirinioaurreko eremu horretako arrastoak ikertzen. Erromatarren galtzada batek Pirinioak zeharkatzen ditu Ibañetako gainetik, eta bide horri lotutako azpiegitura bat dira Artzibarko termak. 

Aztarnak agerian uzteko eta gal ez daitezen lanean aritu dira Aranzadiko adituak azken urteotan, eta, lan horri esker, bisitariek Artzibarko ondarearen berri jasotzeko aukera izanen dute: informazioa zabaltzeko kartelak jarri dituzte aztarnategian, eta datozen hilabeteotan, gainera, hitzaldiak eta bisita gidatuak eginen dituzte. Artzibarko indusketen zuzendari eta Aranzadiko kide Oihane Mendizabal arkeologoak termen inguruan egindako tesia aurkeztu zuen iaz, eta testu hori aztarnategiaren inguruko monografiko gisa argitaratuko dute.

«Termak erromatarren galtzada erabiltzen zuten herritarrentzat eraiki zituzten; bide horri lotutako azpiegitura bat izan zen, eta balio izan zuen, gainera, Pirinioaurreko eremu hau erromatarren inperioarekin lotzeko», nabarmendu du Mendizabalek, termen ondoan, Nafarroako Gobernuko eta Artzibarko eta inguruko udaletako ordezkariekin batera —otsailaren 7an— egindako aurkezpenean. 2011. urtean izan zuten arkeologoek termen berri; informazioa biltzeko prozesu bat hasi zuten orduan, prospekzio geofisikoen bidez, indusketak egiten hasi baino lehen. 

Zazpi kanpaina

Zazpi indusketa kanpaina egin dituzte, zehazki. Termak bisitariak jasotzeko prestatzeaz gainera, aztarnategiko materialak jaso eta laborategira eraman dituzte, material hori ikertzen jarraitu ahal izateko. «Garaiko herritarren egunerokoarekin lotutako piezak aurkitu ditugu, batez ere», kontatu du Oihane Mendizabalek. Eraikuntzarako materialak, zeramika piezak eta bertze aurkitu dituzte, zehazki. 

Nafarroako Gobernuko, Aranzadiko eta Artzibarko eta inguruko udaletako ordezkariak, otsailaren 7an, Artzibarko termen ondoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Gobernuko, Aranzadiko eta Artzibarko eta inguruko udaletako ordezkariak, otsailaren 7an, Artzibarko termen ondoan. IÑIGO URIZ / FOKU

Artzibarko termak K. a. I. mende bukaeran eraiki zituzten; eraikina K. o. IV. mendera arte erabili zuten. Ez zituen beti termak hartu, halere, erromatarren bainuak berotzeko labea burdina lantzeko erabili baitzuten gero. «Beruna ere aurkitu dugu. Agerikoa da meatzaritzak garrantzi handia izan zuela eremu honetan», erran du Mendizabalek. Burdina lantzeko labea ehun urte inguruz erabili zutela erantsi du Aranzadiko arkeologoak.

Ideas fundazioko kide Luis Casadok eta Carla Gonzalezek ere parte hartu dute Artzibarko termak aurkezteko ekinaldian, Aranzadiko eta Nafarroako Gobernuko langileak aholkatzen aritu baitira aztarnategia bisitariak hartzeko prestatzeko prozesuan, inguru hori pertsona guztientzat irisgarria izan dadin. Egungo sarbidea moldatuko dutela azaldu dute, batetik, mugitzeko zailtasunak dituztenei bidea errazteko. Bertzalde, termen hiru dimentsiotako maketa prestatzen ari direla erran dute. «Braillez jaso ahal izanen da informazioa».

Termak ez dira Artzibarko aztarna bakarrak. «Inguruan bertze hiruzpalau eraikin daudela uste dugu; termak bezala, galtzadari lotutako azpiegiturak direla uste dugu», azaldu du Mendizabalek. Bertze eraikin horiek ere ikertzen jarraitu nahi dute Aranzadiko kideek, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio eta Jendegabetze zuzendari nagusi Jesus Mari Rodriguezek eta Artziko alkate Javier Diezek ere ondare arkeologikoak duen garrantzia nabarmendu dute termak aurkezteko ekinaldian; gisa horretako proiektuak herrien husteari aurre egiteko tresna bilaka daitezkeela erantsi du Rodriguezek. Diezek eskertu du Arazandi zientzia elkarteko kideek egindako lana.

 

Artziko jauregia eta ermitauaren etxea, berritzen

Artzibarko terma erromatarren ondoan dira Santa Maria eliza eta Ermitauaren Etxea. Elizaren babes eremuaren barruan dago Artziko Jauregia; XII. mendeko lehen erdiko eraikin bat da; u itxura duten hiru eraikinek osatzen dute. 2022ko irailean, jauregia berritzeko lanak hasi zituen Nafarroako Gobernuak, Europako funtsen bidez lortutako diru laguntzari esker. Asmoa da eraikina erabilera anitzeko gune bilakatzea. Kultur jarduerak garatu ahal izanen dituzte, bai eta aisialdiarekin lotutakoak ere. Artzibarko Udalaren aspaldiko proiektu bat zen hori. Jauregiarekin batera, Ermitauaren Etxea ere berritzen ari dira.

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.