Martxoaren 31n abiatu zuten Bidean anbulantzien zerbitzu publiko berria Nafarroan. Orain arte, SSG eta Baztan-Bidasoa enpresa pribatuek ematen zuten zerbitzu hori. Alberto Lafuente enpresa berriaren kudeatzaileak (Iruñea, 1972) adierazi du «gutxinaka» doazela, baina dagoeneko badirela hobekuntzak.
Hilabete eta erdi igaro da Bidean abian jarri zenetik. Nolakoak izan dira lehenengo egunak?
Egonkortzeko hilabetea izan da. Zerbitzua bi alorretan oinarritzen da: premiazko zerbitzua eta zerbitzu programatua. Hilabete honetan zerbitzu osoa egonkortu dugu, eta pazientearentzat hobekuntzak txertatu ditugu. Hala ere, bide luzea dugu oraindik; batez ere, zerbitzu programatuan egin nahi ditugun hobekuntzei dagokienez. Premiazkoak oso ongi funtzionatu du lehenengo egunetik.
Zein dira hobekuntza horiek?
Tresna informatiko berriak erabiltzen ari garenez, konplikatua da, eta pixkanaka goaz. Datozen asteetan hobekuntza garrantzitsuak izango ditugu: pazientea gurekin komunikatu ahalko da, anbulantzia non dagoen ikusi ahalko du... Premiazko zerbitzuan elektromedikuntza materiala eta gailu teknologiko berriak sartu ditugu. Gehitu ditugun elementuetako bat nahiko berria da: bihotz-biriketako gelditze baten aurrean masajea modu automatikoan ematen du. Horrek, desfibriladorearekin batera, bizitzak salbatzen ditu. Jarri eta berehala erabiltzeko aukera izan zuten, eta bizitza batzuk salbatu zituzten. Beraz, salbatzen ari garen bizitza horiek erakusten dute osasunean inbertsio bat egiten ari garela, ez gastu bat.
«Salbatzen ari garen bizitzek erakusten dute osasunean inbertsio bat egiten ari garela, ez gastu bat»
Iruñeko egoitza ere berria da.
Bai. 2.500 metro koadro ditu, eta 54 anbulantzia sartzen dira. Tuteran eta Zangozan [Aragoi, Espainia] beste bi egoitza jarri ditugu, eta gainontzekoak aurreko enpresetakoak ziren.
Anbulantzien zerbitzua publiko egitearen ideia aspalditik dator. 2017an aipatu zen lehen aldiz, baina orain arte ez da abiarazi.
Hori Nafarroako Gobernuaren esku dago. Baina erabakia hartu zenetik, eta proiektuaren kudeatzailea izateko proposamena egin zidatenetik, kudeaketa eredu desberdin batera abiatu gara; publikotik kudeatuta, eta zerbitzu publikoetara zuzenduta.
Orain arte zeuden langileak, anbulantziak eta azpiegiturak mantendu al dira?
Bai. Aurretik zeuden bi enpresak —SSG eta Baztan-Bidasoa— subrogatu egin ditugu, baita langile guztiak ere. Orain 430 langile inguru gaude. 110 anbulantzia ditugu: horietatik 61 berriak dira, eta beste 49ak aurreko enpresetakoak ziren. Hala ere, subrogatu ditugun ibilgailu horiek bi urte baino gutxiago dituzte, oso garrantzitsua baita anbulantziak baldintza hoberenean egotea; pazienteen segurtasuna eta erosotasuna bilatzeko, baina baita langileena ere, haiek ere bizitza arriskuan jartzen baitute.
«Aplikazio batzuk garatzen ari gara pazienteek euren iritzia emateko eta hobekuntzak proposatzeko»
Inaugurazioan aipatu zenuen Bidean-ek kalitatezko lekualdaketa bat bermatzen duela, eraginkorra eta guztientzat eskuragarria. Nola egiten duzue lan hori betetzeko?
Garrantzitsuena da guk pazienteak ez ditugula garraiatzen; leku batetik bestera eramaten ditugu. Pertsona zaurgarriak eramaten ditugu, askotan beren bizitzetako unerik okerrenean. Lehenengo urratsa da ibilgailu eta baliabide teknologiko berriak izatea. Bigarrena, profesionalen formakuntza. Formakuntza saioak emango ditugu osasunaren ikuspegitik eta ikuspegi humanitariotik, pazienteak era egokian artatzea oso garrantzitsua da eta. Horrez gain, aplikazio batzuk garatzen ari gara pazienteek euren iritzia emateko eta hobekuntzak proposatzeko. Eredu horretara goaz, baina kontuan izan behar da hilabete bat daramagula eta egoera konplexu batetik abiatu garela.
Egoera konplexu horrek lotura dauka azken urteetan Nafarroako anbulantzien zerbitzuak izan dituen kritikekin? Sindikatuek eta pazienteek askotan salatu dute zerbitzuak gabezia asko zituela.
Bai. Guretzat lehentasuna hori hobetzea da. Enpresa honen helburu nagusia da kalitatea hobetzea eta pazientea erdigunean jartzea. Horrek esan nahi du gure baliabideek ahalbidetzen digutena eskainiko diogula; zerbitzu programatuan ezin dugu paziente bakoitzeko anbulantzia bat jarri. Baina gure helburua pazientea ahalik eta ondoen zaintzea da. Aldi berean, langileak ere zaindu nahi ditugu, profesionalik gabe ezin dugulako lanik egin.
Nola iritsi zitzaizun aukera Bidean-eko kudeatzailea izateko?
Ez dago jende asko osasun kudeaketan esperientzia edo formakuntza daukana. Aukera oso garrantzitsua eta interesgarria dela iruditu zitzaidan, nire herrian, Nafarroan, zerbait uzteko; lehenago edo beranduago nik neuk ere erabiliko dudan zerbitzua, gainera. Eta aukera ona da, era berean, erakusteko enpresa publikoa oso tresna baliagarria dela osasun sailean; batez ere, gauza asko egin daitezkeela. Demostratu nahi dut enpresa publiko batek pazientea erdigunean jartzen duela eta kalitatea hobetzen duela.
Mediku izateaz gain, klaseak eman dituzu Nafarroako Unibertsitatean. Alor akademikoa ere disfrutatzen duzu?
Bai, asko. Orain ez ditut klaseak ematen, baina egunen batean gustatuko litzaidake ematen jarraitzea. Hondamendien kudeaketa eta Osasun kudeaketa ikasgaiak eman ditut, besteak beste. Jendea osasun kudeaketan trebatzen ez badugu, etorkizunean ez dugu profesional prestaturik izango, ez baita nahikoa esperientzia izatea soilik.