«Garai historikoa da egungoa: inoiz ez gara mintzatu orain bezainbertze sufrimenduaz eta ondoezaz. Ezongia nonahi dago, eta, ondorioz, nonahi eragin ditzake galderak. Ondoeza topagune bat da, gogoetarako eremu bat». Javier Erro psikologoak erran ditu hitzok (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1988), Iruñeko Katakrak liburu dendan. Han aurkeztu du bere azken liburua: El malestar es otra cosa (Ondoeza bertze zerbait da, Bellaterra, 2024). Sufrimenduaren nozioa «zabaltzeko» beharra jarri du mahai gainean, egungo osasun mentalaren markoez harago, eta arlo soziala aintzat hartzera deitu.
Katakrakeko ikasketa zentroak sustatuta, herritar talde bat sufrimendu psikosozialari buruzko gogoeta egiten aritu da azken asteotan Iruñean, Erroren El malestar es otra cosa liburua oinarri hartuta. Lan horren harira antolatu zuten ekainaren 20an Erroren hitzaldia. «Duela gutxi arte, profesionalok baino ez genuen zilegitasuna sufrimenduari buruz solastatzeko; azken urteotan, eta, batez ere, pandemiaz geroztik, ondoezaren auzia alfonbraren azpitik mahai gainera atera dugu, eta hori ona da», adierazi du Errok solasaldian.
«Duela gutxi arte, profesionalok baino ez genuen zilegitasuna sufrimenduari buruz solastatzeko»
JAVIER ERROPsikologoa
Ondoezari behatzeak «hainbat aukera» ematen dituela uste du Errok; batetik, azpimarratu du agerian gelditu dela sufrimendua auzi konplexu bat dela, hamaika ertz eta helduleku dituena. Psikologoak, nagusiki, zehaztu du lotura estua duela arlo sozialarekin baina esparru sozial hori ezongia ulertzeko markoetatik kanpo gelditzen ari dela.
Bertzetik, esplikatu du sufrimendua aztertzeko egungo markoek «ikuspegi murriztailea» ematen dutela auziari buruz: «Ezein auzi ulertzeko marko oro murriztailea da. Kontua da ondoezaren esparruan ikuspuntu murriztaile hori errealitate bilakatu dela: ahaztu egin zaigu markoek funtzio sozial bat dutela, eta sortutako kontzeptuak errealitate bihurtu ditugu».
Depresioa aipatu du adibide gisa, ikuspuntu murriztaile hori azaltzeko: «Esperientzia multzo zabal bati buruz hitz egin dezakegu; mintza gaitezke tristuraz, motibaziorik ezaz, pentsamendu negatiboez, errealitateari buruzko ikuspuntu ezkor batez... Esperientzia multzo zabal horri depresioa deitu diogu, errealitate plural hori nolabait murrizteko eta maneiatu ahal izateko. Kontua da osasun mentala ulertzeko markoek alderantziz jokatzen dutela: depresioa izeneko zerbait existitzen da, eta kontzeptu horrek azaltzen du esperientzia multzo zabal bat».
Sufrimendu «handia»
Errok gogoetarako hiru ildo proposatu ditu El malestar es otra cosa bere liburuan. Lehendabizikoan, zehaztu du ondoezak baduela ezin mendera daitekeen parte bat. «Uste dut profesional orok erran dezakegula pertsona bat artatzen ari garenean beti badela ihes egiten digun zerbait haren sufrimenduari dagokionez; ezin izenda daitekeen zerbait da, ezin azal dezakegun zerbait».

Hausnarketarako proposatutako bigarren ildoan, betikotzen den ondoezarekin zer egin azaldu du Errok. Profesionalengana jo arren, eskura dituen baliabideak erabili arren, ezongiak jota jarraitzen duten pertsonen egoera jarri nahi izan du erdigunean, orain arte «ezkutuan» egon baita. «Bada garaia, gizarte gisa, sufrimendu handiko esperientzia horiei erantzun bat emateko; pentsatu behar dugu zer-nolako elkarrizketak sor ditzakegun muturreko ondoez hori sentitzen dutenekin, eta zergatik utzi ditugun bazter orain arte».
«Uste dut profesional orok erran dezakegula, pertsona bat artatzen ari garenean, beti badela ihes egiten digun zerbait haren sufrimenduari dagokionez»
JAVIER ERROPsikologoa
Gogoetarako hirugarren ildoan, Errok ondoezaren eta gizarte eraldaketaren arteko lotura aztertu du; zehazki erranda, ezongia politizatzeko aukeraz eta ondoeza eragin dezaketen baldintza sozialez hausnartu nahi izan du. Psikologoak uste du anitzek «dikotomia itxi» bat planteatzen dutela; hau da, batzuek nabarmentzen dute sufrimenduak ez duela arlo sozialarekin zerikusirik, eta desoreka kimiko batek eragiten duela ondoeza, nolabait erranda; eta bertze batzuek, aldiz, erabat lotzen dute ezongia baldintza sozialekin, eta baldintza horiek aldatuz gero sufrimendu oro desagertuko dela uste dutela. Erroren ustez, batzuek eta bertzeek auzia «gehiegi» sinplifikatzen dute.
Eragina gizartean
Psikologoak garbi du eraldaketa soziala zer den eztabaidatu behar dela. Onartu du eraldaketa soziala «iraultza politiko handi bat» dela uste duenarentzat «zaila» izanen dela ondoezaren eta aldaketa handi horien arteko lotura zehaztea. Haren hitzetan, baina, eraldaketa sozialaren nozioa murriztuz gero, ezongia eta aldaketa lotzen dituen haria aurkitu daiteke. Adibide bat aipatu du: «Ezagutu nuen ama batek bere semearen arazoen berri eman zidan; lan batean hasten zenean, gustura aritzen zen, baina denborarekin lankideak bere lepotik barre ari ote ziren pentsatzen hasten zen, eta ez zen haiekin fidatzen. Egoera horrek gatazka sortzen zuen, eta, azkenean, lana galtzen zuen». Esperientzia horiek ikusita, «zergatik ezin dira sortu edo garatu gazte horrek zituenaren gisako esperientzia psikikoak har ditzaketen lan eremuak?», galdetu du. «Lan eremu atseginak sortzea eraldaketa sozialerako tresna bat izan daiteke».
Oro har gizartea «etengabe» aldatzen ari dela erantsi du Errok, baina badirela, noski, eraldaketa hori sustatzea helburu duten kolektibo handiak. Aldaketak eragiteko taldeak «efimeroak» ere izan daitezkeela uste du psikologoak. «Imajina dezagun lagun talde bat. Batek aipatzen du antsietateak jota dagoela, azken asteetako lan kargarengatik; bertze batek bera ere halaxe dagoela gaineratzen du, eta hirugarren batek ere bai. Solasaldia hor gera daiteke, baina baliteke langile horiek lagunarteko eztabaida beren lan eremuetara eramatea eta lantegian gogoeta sustatzea. Hori izan daiteke kolektibo efimero bat». Garbi du ondoezaren eta gizarte baldintzen artean lotura badela, eta herritarrak ezongiaz eztabaidatzera deitu ditu.