Giltzurruneko gaixotasunek gora egin dutela ohartarazi du Alcer elkarteak

Kalera atera dira martxoaren 14an, Giltzurrunaren Munduko Egunean. Prebentzioa garrantzitsua dela nabarmendu dute. Herritarrak organo emaile izatera deitu dituzte.

(ID_13701373) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-03-14, Iruñea. Giltzurrunaren egunaren harira mahai informatiboa jarri dute Alcer elkarteko...
Nafarroako Botikarien Elkargoko kide bat herritar bati tentsioa neurtzen, martxoaren 14an, Giltzurrunaren Munduko Egunean, Alcer elkarteak Iruñean jarritako mahaian. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Azken hamarkadan, %30; Alcer elkarteak ohartarazi du giltzurruneko gaixotasunek gora egin dutela, eta prebentzioa lantzera deitu ditu herritarrak, dialisirako makina bati lot ez daitezen. «Gaitz isilak dira giltzurrunekoak, konturatzen garenerako laugarren edo bosgarren fasean baitira, hau da, dialisia behar dugunean aurrera egiteko», azaldu du Alcer elkarteko presidente Gema De la Navak. Giltzurrunaren Munduko Eguna izan da martxoaren 14a, eta Alcer elkarteko kideak karrikara atera dira, giltzurruneko eritasunen berri ematera.

Alcer elkarteak Nafarroako Botikarien Elkargoa izan du lagun martxoaren 14ko ekitaldietan, eta karrikan aritu dira botikariak ere herritarren tentsioa neurtzen. «Garai batean kreatininaren proba egiten genuen, zehatzagoa delako, baina orain erabiltzen diren tresnak karrikara ateratzeko aukerarik ez dugu. Tentsioa ez da kontuan hartu beharreko auzi bakarra, baina tentsio altua dutenak ohartaraztea da gure asmoa», kontatu du botikarien elkargoko Ana Conchillok.

Ezkerrean, Alcer elkarteko lehendakari Gema de la Navara, erakunde horretako bertze bi kiderekin, martxoaren 14an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ezkerrean, Alcer elkarteko lehendakari Gema De la Navara, erakunde horretako bertze bi kiderekin, martxoaren 14an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Herritar anitzek egin dute Alcer elkarteko kideek Iruñeko Mendebaldea auzoan jarri duten mahaira hurbiltzeko urratsa. De la Navak artatu ditu, ederki baitaki giltzurruneko eritasunek izan ditzaketen ondorioak: duela hamalau urte, transplantea egin zioten, eta dialisia bazter utzi ahal izan zuen, azkenean. «Anaiak eman zidan bere giltzurrunetako bat; ederki gaude biok, zorionez».

Dialisia hartzeko unea ahalik eta gehiena atzeratzea da Alcer elkarteko kideen helburua; hori lortzeko ari dira prebentzioak duen garrantzia nabarmentzeko kanpainak egiten. «Ohitura dugu azukrea, kolesterola edo tentsioa neurtzeko, baina ez gure giltzurrunak lanean ongi ari ote diren begiratzeko; analisi baten bidez egin dezakegu», nabarmendu du De la Navak.

«Tratamendu gogorra»

Faktore anitzek eragin dute giltzurruneko eritasunek gora egin izana, De la Navak azpimarratu duenez. «Diabetesak edo mugimendu gutxiko bizimoduak zerikusirik izan dezakete», erantsi du. Edonola ere, giltzurruneko gaitz bat duten herritarren %40k ez dakite, Alcer elkarteko lehendakariaren arabera.

Gaitzaren berri izan bezain pronto dialisia hartu behar izatea ez da samurra gaixoentzat. «Tratamendu gogorra da», nabarmendu du De la Navak. Dialisia behar duenak, hain zuzen, astean hirutan joan behar izaten du ospitalera, tratamendua jasotzera. «Lau orduz edo lau ordu eta erdiz egon behar duzu dialisian», zehaztu du Alcer elkarteko lehendakariak. Gauzak aldatzen hasi dira, eta gero eta gehiago dira tratamendua etxean hartzen duten gaixoak. Denek, baina, ezin dute, eta batzuek halabeharrez joan behar dute ospitalera.

«Ohitura dugu azukrea, kolesterola edo tentsioa neurtzeko, baina ez, ordea, gure giltzurrunak lanean ongi ari ote diren begiratzeko; analisi baten bidez egin dezakegu». 

GEMA DE LA NAVAAlcer elkarteko lehendakaria

Etxean edo ospitalean, dialisia hartzeko bi modu daude: «Hemodialisia da bat; kateter baten bidez hartzen duzu. Etxean hartuz gero, astean sei aldiz jaso behar duzu tratamendua, bi ordu eta erdiz. Kontuz ibili behar duzu, eta tresneria ongi zaindu, baina erosoagoa da etxean egin ahal izatea. Bertze dialisi mota peritoneo bitartekoa da; zunda bat jartzen dizute dialisia peritoneoaren bidez jasotzeko. Gauez egin daiteke hori».

Dialisiak giltzurrunak egin beharko lukeen lana egiten du, baina tratamendu horrek badu muga bat, eta, azkenean, gaixoak transplante bat behar izaten du. Gema De la Navari anaiak eman zion bere giltzurrunetako bat. Gisa horretako transplanteek gora egin dutela aipatu du Alcer elkarteko buruak, hain zuzen. Aitortu du «kezkaz» bizi izan zuela egoera hori hasieran: «Nire gorputzak giltzurruna ez onartzeko arriskua bazen, eta nik beldur handia nion horri». Ez da halakorik gertatu, ordea: «Hagitz ongi gaude biok. Transplantea jaso izanak ez du erran nahi neure burua zaindu behar ez dudanik, halere. Kontuz ibili behar dut, baina giltzurrunak erabat aldatu du nire bizitza; onerako, noski». Organoak ematera deitu du.

Anbulantzia zerbitzu egokia eskatu dute

Dialisiahartu behar duten gaixoek behin eta berriz salatu dute, azken hamar urteotan, ospitalera joateko anbulantzia zerbitzua «kaskarra» dela. Osasun zentrora iristeko edo handik etxera itzultzeko zenbait orduz zain egon behar izaten dute anitzek. Anbulantzien egoera ere «txarra» dela salatu dute. 

Alcer elkarteak bilera egin berri du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko arduradunekin, eta egoerak «hobera» egin du. Nafarroako Gobernuak Bidean enpresa publikoa sortu zuen iaz osasun garraioa kudeatzeko, hain zuzen.  «Adi» jarraitzeko beharra nabarmendu du Alcerrek, halere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.