Karrerako lagun batek duela hamar urteko Nafarroa Oinez-eko bideoa bidali dit watsapetik. «Nagore, zu zara?», dio barre-emoji askoz lagundurik. Segundu gutxiko agerpena da, eskerrak, baina noizbehinka izaten da bideoklipa bilatu eta gogorarazten didan lagunen bat, ondo dakite ni lotsarazten.
Zangozako Ikastolaren Oinez da bideo hartakoa; inguruko gehienok bertan egiten dugu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Datorren urtean, laugarrenez hartuko dute lekukoa zangozarrek, eta jada hasi dira lehen pausoak ematen. Pasa den astean festaren aurkezpena izan zen, unea helburuak zeintzuk diren azaldu eta bertaratutako ehunka lagunei urte osoan zehar lan egiteko gogoak pizteko baliatu zuten, holako festa batek aurretiazko ardura handia eskatzen baitu.
Urte kopuru bikoitza, hogei, igaro dira euri zaparrada izugarri batek Irunberriko Ikastolaren Oinez zapuztu zuenetik. Duela gutxi, egun hartako argazkiak ikusten ibili ginen familian, ni oso txiki harrapatu ninduen, 5 urte besterik ez nuen, baina irudietan direnen aurpegiak ikustearekin nahikoa da egun hartan bizitakoa ulertzeko, benetan gogorra.
Festa horrek guztiz baldintzatzen zuen herriko ikastolaren etorkizuna, eta bertan behera utzi behar izanak asko zaildu zuen egoera. Gerora jasotako laguntza izan zen hondamendiaren konponbide, ekaitzaren osteko argi-izpi. Ama oraindik hunkitzen da jendearen konpromisoaz oroitzean: «Erantzuna izugarria izan zen, ez genuen halakorik espero, beti egongo gara eskertuta».
Egun, badira ikastolak elitistatzat hartzen dituztenak, edo zuzenean, eskola publiko euskaldunak izanda ikastolen beharra ezeztatzen dutenak. Baina ez ditugu zertan aurrez aurre jarri behar, ez dira muturrekoak. Gure errealitate soziolinguistikoak, gainera, hegoaldean zein iparraldean, eredu honen beharra du.
Ikastolek ibilbide luze eta emankorra egin dute, gogoratu eta goratzekoa. Frankismo garaian, eta ondoren ere, euskara berreskuratzeko eta euskal nortasunari eusteko gako izan ziren. Hezkuntza eredu ezberdin bat jaio zen orduan, mantendu eta denborarekin, hobetu egin dena.
Zailtasunak zailtasun, eskerrak ikastolen ereduan sinetsi zuten lehen guraso talde horiei; baliabide oso gutxi baina ilusio handiarekin, honen guztiaren motorra izan baitziren.
Irunberrin 1980-81eko ikasturtean jarri zen martxan ikastola, bost matrikulaziorekin. Eta hala, beste hainbat herritan ere bai. Hamaika finantzazio eta azpiegitura arazori aurre eginez, familiak izan dira proiektu txiki horien sarea ehuntzen joan direnak, zona batzuetan beste batzuetan baino traba gehiagorekin, badakigu. Zailtasunak zailtasun, eskerrak ikastolen ereduan sinetsi zuten lehen guraso talde horiei; baliabide oso gutxi baina ilusio handiarekin, honen guztiaren motorra izan baitziren.
Argi dago sorrera une horretako premiak eta egungoak ezberdinak direla, eta testuingurua erabat aldatu dela, baina muinean helburu berak segitzen du, eta horri jarraikiz dihardute ikastolek, aurrekoek egindako lanari eutsita, eta datorrena, orain Zangozan, indarrez hartuta.