Herrialdeko sagarrak balioesteko

Nafarroako sagardo sagarren ekoizleek Sagarrica elkartea sortu dute, elkar laguntzeko, elkar informatzeko eta indarra batzeko. Hilaren 13an dute lehen bilera.

Olletako Sagarraleku etxeko sagarrak.
Olletako Sagarraleku sagastiko aurtengo uzta. AINGERU LARRASOAÑA
edurne elizondo
Iruñea
2023ko abenduaren 4a
05:00
Entzun

Nafarroa ere bada sagar eta sagardo herrialde bat. Horixe nabarmendu nahi izan dute Sagarrica elkartea sortu berri dutenek: herrialdeko sagardo sagarren ekoizleek egin dute bat elkartean, elkar ezagutzeko, elkarri laguntzeko, elkar informatzeko eta indarrak batzeko. Elkartea han eta hemen aurkezten eman dituzte azken hilabeteak Sagarrica sustatu duten nekazariek; lauk egin zuten bat hasieran, eta jada 30 inguruk badute elkartean sartzeko interesa. Hurrengo urratsak zehazteko, abenduaren 13an eginen dute lehendabiziko bilera orokorra, Oskotzen (Imotz).

Indarrak batuz, Sagarrica elkarteko kideen helburua da administrazioarekin eta administrazioko organismo teknikoekin elkarlana sustatzea, ekoizleek euren fruta arbolak eta euren sagarrondo barietateak hobetzeko, produkzioa handitu ahal izateko. Intia Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak elkarte publikoarekin bilera egin dute jada, eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin ere aritu nahi dute elkarlanean. Bertze asmo nagusi bat ere badute: Euskal Sagardoa sor-markan sartzea.

Sagarrica elkartearen logoa
Sagarrica elkartearen logoa

Lander Sagaseta (Donamariako nekazaria)

«Nafarroako sagardo sagarra duindu nahi dugu»

Lander Sagasetak (Donamaria, 1975) kiwiak biltzen eman ditu azken egunak. Baztan-Bidasoan ditu bere lurrak, eta han ekoitzitako kiwiak saltzen ditu. 2010etik, sagarrak ere baditu. «Lursail bat alokatzeko aukera sortu zitzaidan; ez nuen egokia ikusi kiwientzat, eta sagarrondoak jartzea bururatu zitzaidan. Gipuzkoako Zelaia eta Zapiain sagardotegietako kideak ditut bazkide; sagarrak haiek hartzen dituzte, sagardoa egiteko». 200.000 kilo sagar jaso ditu aurtengo uztan lursail horretan.

Sagarrak ekoizten hasi zenean, Nafarroa ere sagarrondo herrialde bat dela ohartu zen Sagaseta; izan zela, behintzat. «Tradizioa bada; batez ere, Nafarroako iparraldean. Kontua da garai bateko sagastiak galdu egin direla. Ni dibertsifikatzeko asmoz hasi nintzen sagarrekin, eta uste dut aukera polita dela baserritar anitzentzat». Intia elkarte publikoak jasotako datuen arabera, iaz 385 hektarea sagasti baziren herrialdean, eta sagasti horiek 5.907 tona sagar ekoitzi zituzten.

Sagaseta Gipuzkoako fruta ekoizleen Fruitel elkartean aritu da, bertzeak bertze. Sagardo sagarren arloan sakondu ahala, baina, herrialdekoa balioesteko gogoa sortu zaio, eta grina horrek eraman du Sagarrica elkartea abian jartzeko prozesuan parte hartzera. «Ni bakarrik sentitzen nintzen, hemen ari garenok ez baikenuen elkarren berri. Hori aldatu nahi dugu».

Sagasetak Euskal Sagardoa sor-markan sartzeko urratsa egin ahal izatea du helburu nagusien artean. «Elkartea sortzeko arrazoietako bat ere hori izan da. Urrats hori egin ahal izateko baldintzak betetzen ditugu; erabakia politikoa da, baina uste dugu laster lortuko dugula. Nafarroako sagardo sagarra duindu nahi dugu», azaldu du.

Leire Iribarren (Ekosagar etxeko arduraduna)

«Aurten, 40.000 sagar kilo inguru hartu ditugu»

Leire Iribarren (Orkoien, 1978) zerealak ekoizten dituen Iruñerriko familia bateko alaba da; orain Oskotz du bizitoki, Imotzen, eta, han, zortzi hektareako sagasti batekin segitzen du familiaren tradizioa. «Oskozkoa dut senarra; hark eta haren aitak laurogei sagarrondo zituzten». Iribarrenek kontatu du zuhaitz haiek izan zirela Ekosagar proiektuaren hazia: «Sagardo sagar gehiago ekoizteko urratsa egitea erabaki genuen, eta zortzi hektareako lursaila jarri genuen martxan; gazte samarrak dira oraindik, baina ari gara lanean; aurten, 40.000 kilo inguru hartu ditugu».

Oraingoz, sagar zuku ekologikoak egin eta saltzen ditu Iribarrenek, Ekosagar markarekin. Bide berriak probatzeko gogoa badutela azaldu du, halere, eta asmoa dute sagardoa egiten hasteko. Aurtengo uztako sagar anitz sagardoa egiteko salduko dituzte.

Sagarrica elkartearekin bat egin du Iribarrenek, eta garbi du Nafarroan sagarrondoen inguruan dagoen tradizioa eta kultura biziberritzeko bultzada bat izanen dela. Abenduaren 13an, Oskotzen eginen du elkarteak lehen bilera orokorra, eta aurrerantzean eman beharreko pausoak zehazteko gogoz da Iribarren.

Olletako Sagarraleku etxeko sagarrondoak.
Olletako Sagarraleku etxeko sagarrondoak.

Aingeru Larrasoaña (Sagarraleku etxeko arduraduna)

«Nire sagarrekin egiten dut nire sagardoa; balio erantsi bat ematen dio»

Aingeru Larrasoañak (Tafalla, 1971) 70.000 kilo sagardo sagar inguru hartu ditu aurtengo uztan. «Inoiz ez bezalakoa izan da». Sagarrondoek bi urtean behin ematen dute fruitua; hau da, urte batean anitz, eta hurrengoan, gutxi. Uzta handiko urtea izan da oraingoa, eta «pozik» da Larrasoaña. Olletan ditu sagarrondoak; sagardo tradizionala eta sagar zukuak egiten ditu, batetik, eta, bertzetik, Larrasoañaren berritzeko grinaren ondorio diren bertzelako barietateak: «Patxaka egiten dugu, patxaran edo whiski zaporea duen sagardoa, bai eta kaba bat ere, sagarrarekin», kontatu du.

Asturiasen (Espainia) izan zen azaro hasieran, Sagardoaren Nazioarteko Aretoan; 88 domina banatu zituzten aurkeztu ziren hirurehun sagardoen artean, eta haietako hiru Larrasoañak irabazi zituen; zilarrezko bi eta brontzezko bat. «Hagitz kontent nago, sagardoaren inguruko lehiaketarik garrantzitsuenetako bat baita».

Nekazaritza ekologikoa egiten du Larrasoañak; ekologikoa eta errestauratiboa, zehaztu duenez. Sagarrondoei kalte egiten ahal dieten izurriei aurrea hartzeko, adibidez, sagarrondoen inguruko belar geruza zaintzen du Sagarralekuko nekazariak. Larrasoañak uste du zaintza hori guztia sumatzen dela produktuaren kalitatean. «Nik nire sagarrekin egiten dut nire sagardoa; horrek balio erantsi bat ematen dio», erran du.

Olletan du sagarrondoa Larrasoañak, eta obrak hasi ditu orain lursailaren ondoan, egurrezko azpiegitura bat eraikitzeko. «Nire asmoa da bisitariak hartzeko toki bat egitea, Europa iparraldeko zenbait herritan dituztenen gisako bat: sagarrondoak bisitatu eta gero, zuhaitzen ondoan sagardoa hartu ahal izateko». Sagaseta bezala, Nafarroa Euskal Sagardoa sor-markan noiz sartu zain da Larrasoaña, uste baitu urrats horrek «bultzada» emanen diela herrialdeko ekoizleei. Pozik da Sagarrica elkartea sortzeko gai izan direlako, eta elkarlanak denei mesede eginen diela uste du. «Gure sagarrei eta sagardoari duten balioa eman nahi diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.