Urriaren 6an amaitu zen Nafarroan oreinak bakarkako zelatan ehizatzeko sasoia, eta urriaren 12tik indarrean da animaliok hiltzeko uxaldiak egitekoa eta mendi ehizan aritzekoa, otsailaren 27ra bitarte. Aurreko ehiza sasoian, Nafarroako Gobernuak 1.600 orein baino gehiago hiltzeko baimena eman zuen, eta, denera, 1.200 inguru ehizatu zituzten. Nafarroako ipar-ekialdean dago herrialdeko orein populazio nagusia, baina ipar-mendebaldean animalion arrastorik ez da. Ehiza eta N-121-A errepidea oztopo dira oreinak ipar-mendebaldera mugi daitezen.
Denera, 3.000-4.100 orein inguru daude gaur egun Nafarroan. XVI. mende inguruan, orduko populazio osoa galdu zuen herrialdeak: desagertu egin ziren animaliok; ehizak eta oreinentzat egokiak diren habitatak suntsitzeak eragin zuten desagertze hori. Egoerari buelta emateko asmoz, kanpotik ekarritako oreinak askatu zituzten Nafarroan, 1950eko urteetan. Zehazki, Kintoan eta Iratin sartu zituzten, bai eta Lantzen eta Bertizen ere. Herrialdeko ipar-ekialdeko gune nagusia osatzen dute eremu horietan askatutako populazioek. «Lantzen hemezortzi inguru askatu zituzten, baina, urte bakar baten buruan, ez zen batere gelditzen; isileko ehizak guztiak akabatu zituen», azaldu du Gorka Etxeberria ultzamarrak.
«Lantzen hemezortzi orein inguru askatu zituzten, baina, urte bakar baten buruan, ez zen batere gelditzen»
GORKA ETXEBERRIAUltzamako herritarra
Etxeberriak basogintzako ikasketak egin zituen, eta urteak eman ditu, bere kabuz eta argazki kamera baliatuz, oreinen eta bertze hainbat animaliaren egoeraren berri jasotzen. Gainera, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko arduradunengana jo du hainbat aldiz, oreinak Nafarroako ipar-mendebaldera zabaltzeko urratsak egin ditzatela eskatzeko. Garbi du ipar-mendebaldean badirela baso egokiak animaliontzat.
Hiru gune
1950eko hamarkadan askatutako oreinak dira ipar-ekialdeko egungo populazioaren jatorria; hori da nagusia, baina badira animaliok hartutako bertze bi eremu. «Hego-mendebaldeko pinudietan, Iberiar penintsulako Erdialdeko Sistematik etorritako oreinak daude; eta ehizarako erabiltzen zuten lursail batetik ihes egindako oreinek sortu zuten hirugarren eremua, Zaragozako mugan [Aragoi, Espainia]: «Eremu horretako populazioa Aragoitik lotzen da ipar-ekialdekoarekin», kontatu du Cristina Aranak, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Ehizaren Kudeaketarako atalburuak.
Etxeberriak oreina zabaltzeko aproposak diren lau eremu nabarmendu ditu: «Batetik, Belate eta Leitza artekoa; bestetik, Artikutza-Ezkurra artekoa; Aralar izanen litzateke hirugarrena, eta Urbasa-Andia, berriz, laugarrena». Eremu horietan oreinak ehizatzeko baimenik ez emateko eta oreinak askatzeko eskatu dio Etxeberriak Nafarroako Gobernuari.
Oreina eremu horietara ailegatzeko aukerari buruz, Aranak onartu du animaliok gustukoak dituzten baldintzak betetzen dituzten eremuak aproposak izan daitezkeela oreinak hartzeko: «Oreinek, nagusiki, trantsiziozko eremuak maite dituzte, hau da, basoak eta larreak tartekatzen dituztenak, zer jan eta non gorde izan dezaten», zehaztu du. Etxeberriak uste du oreinek behar dituzten baldintzak betetzen dituztela ipar-mendebaldeko eskualde anitzek.
Ehiza eta errepideak
«Arazoa da oreinei ez dietela ipar-mendebaldera ailegatzen uzten», salatu du Gorka Etxeberriak. Ekialdetik mendebalderako bide horretan, oreinek ehiza eta N-121-A errepidea dituzte oztopo nagusi. «Nafarroako Gobernuak ematen dituen ehiza baimenen helburua da animaliok ipar-mendebaldera ez zabaltzea», salatu du.
Nafarroako Gobernuko Ehizaren Kudeaketarako atalburu Cristina Aranak ukatu egin du Ingurumen Departamentuak oreina ipar-mendebaldera ez zabaltzeko «politika jakinen bat» duela. Halere, aitortu du ehiza antolatzeko planak egiten dituztenean Nafarroako Gobernuak gomendatzen duela mendebaldeko eremu horietara ailegatzen ahal diren oreinak hiltzea, «nekazaritzari eta abeltzaintzari kalte ez egiteko, eta auto istripuak gertatzeko arriskua murrizteko». Oreinek eragindako kalteei buruz galdetuta, hain zuzen, Aranak erran du «gutxi» direla.
«Oreinek, nagusiki, trantsiziozko eremuak maite dituzte, hau da, basoak eta larreak tartekatzen dituztenak, zer jan eta non gorde izan dezaten»
CRISTINA ARANANafarroako Gobernuko Ehizaren Kudeaketarako atalburua
Ehiza ez da arazo bakarra; errepideak ere muga gaindiezin bilakatzen dira oreinentzat. N-121-A errepideari buruz, Etxeberriak nabarmendu du faunarentzako pasabiderik ez dagoela. Errepide hori 2+1 bide bihurtzeko lanak egin zituztenean, errepide ondoko hesian, tarteka, harrizko paretak eraiki zituzten. «Pareta horien helburua da errepidearen eta hesiaren artean gelditzen diren animaliek kanpora ateratzeko bide bat izatea, baina, berez, ez dira faunarentzako pasabideak». Arraizko saihesbidea egiteko proiektuan jasota dago baten bat egiteko aukera, baina lanak ez dituzte hasi ere egin. Lantzera sartzeko bidegurutzearen eta Arraizko benten artean ere bada pasabide bat egiteko proiektu bat.
Leitzarango autobian ere zer hobetu badela erran du Etxeberriak: «Hesia zuloz beteta dago; berritu beharko lukete, oreinek azpiegitura horretan dauden pasabideak erabil ditzaten», erantsi du. Oreinek ipar-mendebaldea zain dutela berretsi du.