Bidatz Villanueva

Kultura, bidegabea

2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Urte amaiera iristear da, eta, azken hilabeteko anabasan, hamaika ekitaldi, hitzordu, bazkari, afari eta festaz josita, arnasestuka iritsi ohi gara abenduaren 31ra, sosegu izan behar zuten azkeneko egunak lanpeturik igaro ohi ditugulako. Hausnarketarako garaia da, unerik kaxkarrenak atzean uzteko nahia dugu, zorioneko gertaerak geure oroitzapenetan betikotzekoa, eta datorrena hobea izanen den konbentzimendu irmoa agertu ohi dugu, urteko azken egun horretan, sutara botatzen ditugun papertxoetan idatziriko desiretan, sinesmenagatik baino gehiago, hil diren arbasoek utzitako tradizioagatik.

Nire ametsak dezente aldatu direla pentsatzen aritu naiz papertxo horiek gogora ekarri ditudanean. Munduaren zilborra izateari uzten diozunetik, nerabezaroa igarota, alegia (nire errespetu osoarekin diot, haiek mirestu egiten baitut), izaera kolektiboagoko desirak erre ditut mahai gainean jartzen den erretiluan. Milaka kausagatik solidariza gintezke, guztietara heldu nahiko genuke, eta erantsiko nuke, baten alde ahotsa altxatzeak ez zaituela beste batzuetatik aldentzen; areago, askapen borroka guztiak loturik daudela eta bat egin dezaketela erakusten digu. 

Aurten, gertaera erdiragarri andana jazo dira hemen eta munduko gainontzeko txokotan, jasangaitzak. Gabon jaietako ospakizunetan, ordea, jai giroan, gure egoeraren arabera betiere, gozamenera bideratuko dugu gure gogoa, baina bihotzean atximur egiten jarraituko didate festa horiek. Izan ere, guretzat ospakizunerako diren mementoak kontrajartzen dira urteko azken egun horietarako hiltegietan hilko dituzten milaka arkumeren eta txerrikumeren sufrimenduarekin, besteak beste, buru eta guzti mahai gainean izanen ditugunak. 

Abenduaren bigarren astean Irungo Ficoban izan zen azokan Miriam Jimenez Lastra aktibistak zezenzaletasun amorratua izatetik begano izaterainoko prozesua azaldu zuen. Hainbat alderdi interesgarri eta eztabaidagarri aipatu zituen: alde batetik, haren kontzientzia aldaketa etxera txakur bat eraman zutenean eta mina sentitu ahal zuela konturatzean hasi zen. Izan ere, hain maite zuen txakurra toreatzeko eta hari ezpata kolpea emateko prest ez bazegoen, zergatik zezen bati bai? Bigarrenik, nola egon zezenketen aurka, baina haragia jaten jarraitu? Zezenari zer axola zaio zezen plazan ala hiltegian hil? Egin zituen hausnarketa guztien artean beste bat azpimarratuko banu, kulturaren inguruan egindako zehaztasuna aipatuko nuke. Haren ustez, akatsa da zezenketak kultura ez direla aldarrikatzea. Laburki, hark zioenez, kultura izan, badira, baina horrek ez du esan nahi kultura hori zilegi denik. 

Kritikoagoak izan gaitezke. Bistakoa dirudigu, baina tradiziozkoa eta kulturala dena ez da beti ona, batez ere sufrimendua eragiten badu.

Nire irudiz, azken hasunarketa hori beste eremu batzuetara zabal genezake, eta, batez ere, kritikoagoak izan gure ekintzek izan ditzaketen ondorioekin. Bistakoa dirudigu, baina tradiziozkoa eta kulturala dena ez da beti ona, batez ere sufrimendua eragiten badu. Jimenezek aholkatu zuen eta irakurterraza den liburuak, Why We Love Dogs, Eat Pigs and Wear Cows (Melany Joy, 2009) (Zergatik maite ditugu txakurrak, jaten txerriak eta janzten behi larrua), argiki azaltzen du gizakiok gainontzeko animaliekiko dugun disonantzia kognitiboa, hau da, eurei eragiten diegun sufrimenduaz kontziente ez izatea, esaterako.

Badakit ametsez ezin garela bizi, baina ez dakit zein sinesmenengatik pizten dugun su horretan erretzeko idatziko dudan papertxoan gogoan izanen ditut imajinatu ezinezko sufrimendua pairatzen ari diren bizitza horiek guztiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.