Margolaria eta zinemagilea

Mikel Belaskoain: «Kulturak eraldaketarako indar handia du, eta baliatu behar dugu»

Mikel Belaskoain sortzaileak 'Arte berria' izenburuko proiektuaren inguruan garatu du bere lana azken hamabi urteotan. Uste du artea eta gizartea erabat lotuta daudela.

Mikel Belaskoain artista, uztailaren 18an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Belaskoain artista, uztailaren 18an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko uztailaren 28a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Mikel Belaskoainek (Iruñea, 1978) Arte berria izeneko proiektuaren inguruan garatu ditu azken hamabi urteotako egitasmoak. Artista plastikoa da, baina bertze diziplina anitzeko sortzaileekin aritu da elkarlanean. Belaskoainek erran du «arte hibridoa» maite duela, eta kulturak gizartea eraldatzeko duen ahala nabarmendu.

Artista, sortzaile, zinemagile… Zein da zure berezko espazioa?

Nire ustez, artea poliedrikoa da. Ni margolaria naiz, baina ez dut nahi etiketa hori mugatuko nauen zerbait bilakatzea. Margolaria naiz, baina zinema erabiltzen dut, proiektu kolektiboak sustatzen ditut, eta abar. Jakin-mina interesatzen zait, lan egiteko gogoa eta ilusioa, obra bera baino gehiago. Obra, finean, langaia da. Pinturak duen onena zera da, hitzak ailegatzen ez diren tokira iristen dela.

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendari Oskia Ugartek orriotan erran zuen xede duela azaltzea zergatik ez den pieza sorkuntzaren helburu. Ados zara?

Bai. Obra, finean, zerbait materiala da, objektu bat, baina objektu horrek bertze balio bat izan dezan, objektu hori lortu arteko prozesuaz hitz egin behar du artistak, atzean dagoen historiaz. Modu mistikoago batean erranda, artistok energia bildu eta bide bat eman behar diogu. Energia horiek garrantzitsuak dira, irudi batek garai bat irudika baitezake.

«Artista gizartetik at irudikatzen dute batzuek; hori aspaldiko mito bat da, eta gezur galanta»

Artista batzuek, baina, ez dute gustuko beren obrari buruzko azalpenak ematea. Zer deritzozu?

Aukera bat da hori, eta, neurri batean, enpatia ere sentitzen dut. Uste dut jarrera horrek segurtasunik eta profesionaltasunik eza islatzen duela. Artista batek erran dezake bere obra azalpenik gabe uler daitekeela, baina badu aukera ikusleari obra ulertzeko prozesu hori errazteko: jendearekin hitz egin dezake, azaldu. Kazetariekin izan ditzakegun solasaldiak ere garrantzitsuak direla iruditzen zait. Finean, hori guztia bada artista profesionalon lanaren zati bat. Prozesuan jende anitzek parte hartzen du, eta iruditzen zait artistaren mezua bertzeena baino garrantzitsuagoa delako usteak baduela klasismo puntu bat. Artista gizartetik at irudikatzen dute batzuek; hori aspaldiko mito bat da, eta gezur galanta. Artea eta gizartea erabat lotuta daude.

Hain zuzen, elkarrizketaren ideia ardatz nagusi bat izan da zure obran. Ikuslearen eta artistaren arteko elkarrizketa garrantzitsua da zuretzat?

Hagitz interesgarria da. Behin, obra handi bat jarri nuen upategi batean. Milaka pertsonak ikusi zuten. Egun batean, obraren ondoan eseri nintzen, aulki batean, eta jendeak zer erraten zuen entzuten aritu nintzen. Egoa apaltzeko ariketa hagitz baliagarria izan zen! Gainera, ohartu nintzen anitzetan jendeak arteari buruz duen ideia zurearen hagitz bertzelakoa dela; jendeak prezioari buruz hitz egiten zuen, eta dirutza balioko zuela aipatzen zuen. Ariketa hura hagitz interesgarria izan zen niretzat. Dagokizun garaia kontatzeko, dagokizun garaia bizi egin behar duzu. Gizartearekiko elkarrizketa hori sustatu behar duzu.

Egun, ordea, gorroto mezuak gailentzen dira elkarrizketen gainetik?

Nik uste dut gure begirada aldatzeko gaitasuna dela gizakion ahalik handiena. Bertzeak epaitu ordez, bertzeei bertze modu batean begiratzeko ahalegina egin beharko genuke. Eskuin muturraren goraldia izan dugu azken boladan, eta egoera hagitz kezkagarria da. Uste dut gizarte gisa gogoeta egin behar dugula, eta aztertu zerk ekarri gaituen oraingo egoerara eta nondik atera den eskuin muturrak mobilizatu duen jende hori guztia.

Zure lanak erakutsi dizu begirada aldatzen?

Luna negra proiektuarekin gertatu zitzaidana nabarmenduko nuke. Lan hori egiten ari nintzenean, ijitoen arteko ezkontza batera joateko aukera izan nuen. Ijitoen inguruan aurreiritzi anitz daude, eta horiek bazter uzten saiatu nintzen. Ezkontza hartan emakume lesbianak aurkitu nituen, eta jendea natural mintzatzen zen transexualitateari buruz, bertzeak bertze. Joera dugu pentsatzeko Mendebaldeko gure gizartea ez dela bertze batzuk bezain matxista.

«Gaur egun, nire proiektu guztiak hibridoak  

dira; arte hibridoa interesatzen zait, eta esparru horretan nago gusturen»

Arte berria zure proiektuaren bidez, bertze artista eta kultura anitz ezagutu dituzu. Zer garrantzi du lan kolektiboak zure ibilbidean?

Handia. Nik horrela hasi nuen bidea, bertze artista batzuekin batera lanean. Gaur egun, nire proiektu guztiak hibridoak dira; arte hibridoa interesatzen zait, nire eta bertze diziplina batzuetako jendearen artean sor daitezkeen elkarlanak. Esparru horretan nago gusturen. Persona lanean, adibidez, artearen eta neurologiaren arteko solasaldia sustatu nuen, eta esperientzia hura magikoa izan zen niretzat.

Zure hurrengo proiektuak Alemaniako Chemnitz hirira eramanen zaitu. Zeren bila?

Europako kultur hiriburu izendatu dute. Kontua da hiri hori dela eskuin muturraren goraldiaren epizentroa. Horregatik izendatu dute kulturaren hiriburu. Helburua da kultura aldaketarako motor bilakatzea. Garbi dut kulturak eraldaketarako indar handia duela, eta indar hori baliatu behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.