Lanak etenik izan ez dezan

Baso suhiltzaileek urte osoan egin nahi dute lan, eta horri bide eman diezaiola eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Egun, gehienez zortzi hilabetez ari dira.

baso suhiltzaileen agerraldia urte osorako kontratua aldarrikatzeko
Nafarroako baso suhiltzaileen agerraldia, otsailaren 29an, Cordovillako parke nagusian. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Aukera balia dezala. Horixe eskatu diote Nafarroako baso suhiltzaileek Nafarroako Gobernuari: aprobetxa dezala langile talde organiko publikoa egonkortzeko abiatu duen prozesua, baso suhiltzaileek urte osoan lan egin dezaten. Egun, urtean zortzi hilabetez aritzen dira gehienez, eta gehienak, lau hilabetez. «Egoera prekario» hori salatu dute herrialdeko baso suhiltzaileek, Cordovillako parke nagusian otsailaren 29an egin duten agerraldian. Klima aldaketaren jokalekuan suhiltzaileon lana «gero eta beharrezkoagoa» dela nabarmendu dute, eta administrazioari eskatu diote «prebentzioaren alde» egin dezala.

Legeak behartuta  hasi du Nafarroako Gobernuak lantalde organiko publikoa egonkortzeko prozesua. Legez, egonkortu egin beharko dira hiru urtez baino gehiagoz aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren lanpostuak. Prozesu horren barruan sartzen dira baso suhiltzaileen lanpostuak ere. «Oraingoa aukera ezin hobea da baso suhiltzaileen lanpostu guztien kontratazioa urte osora luzatzeko; egin dezatela urrats hori Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko arduradunek, eta has dezatela auzi hori jorratzeko negoziazioa. Bertzela, mobilizazioak egiten hasiko gara», ohartarazi dute suhiltzaileek.

Suhiltzaileek agerraldia egin eta gero, Nafarroako Gobernuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuko kabineteak eman du lehen erantzuna: kontratazioak «zerbitzuaren beharren arabera» egiten direla erran dute. Oroitu dute urtarrilaren 5ean hasi zela suteen aurkako neguko kanpaina, eta apirilaren 30ean amaituko dela. Barne Departamentuko arduradunek erantsi dute 42 suhiltzailerekin sendotu dutela aurten neguko lantaldea, eta kanpaina luzatu egin dutela, gainera: 95 egun iraun zuen iaz, eta, aurten, berriz, 127.

2012ko sententzia

Nafarroako Gobernuak, beraz, asmoa du baso suhiltzaileen lana kanpainaka antolatzeko aurrerantzean ere, oraingoz bederen. Egun, 42 baso suhiltzailek dituzte bi kanpainak hartzen dituzten lanpostuak —hau da, neguan eta udan aritzen dira—, eta, denera, zortzi hilabetez egiten dute lan. «Bertze 117 suhiltzaile, berriz, udako kanpainan aritzen dira bakarrik; horiek lau hilabete inguru egiten dute lan», zehaztu du Iñaki Lizarbe suhiltzaileak.

Baso suhiltzaileak lanean, iazko neguko kanpainan. NAFARROAKO GOBERNUA
Baso suhiltzaileak lanean, iazko neguko kanpainan. NAFARROAKO GOBERNUA

Lizarbe baso suhiltzaileen ordezkarietako bat da administrazio nagusian. Rafael Aullo da bertzea. Aullo da baso suhiltzaileen artean beteranoena, hain zuzen. Duela 42 urte hasi zen lanean, eta, orduan, suhiltzaileak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren menpe ziren. «Departamentuko Mendien Zerbitzuan geunden», erran du. Egun, Barne Departamentuko Suhiltzaileen Zerbitzuaren barrenean daude. Aldaketa hori 1986. urtean gertatu zen: «Aldaketa horrekin batera, suhiltzaileen parkeetara mugitu ginen», azaldu du Aullok.

2012an, bertze aldaketa bat gertatu zen. Urte hartan, hainbat langilek jo zuten auzitara —22k denera, lehen aldian— lan baldintzak salatzeko, eta epaileek ebazpen batean jaso zuten baso suhiltzaileak aldizkako langile finkoak zirela. «Sententzia horren eta gisako bertze hainbaten ondorioz, Nafarroako Gobernuak 150 lanpostu sortu behar izan zituen», erran du Aullok. Horiek dira orain egonkortzeko prozesuan daudenak. «Arazoa da lanpostu horien ezaugarriak zehazteko daudela; guk urtean hamabi hilabetekoak izan behar dutela helarazi diogu Nafarroako Gobernuari, orain arteko prekaritatea bazter utzi ahal izateko», berretsi du Gorka Bidarte suhiltzaileak.

«Arazoa da lanpostuen ezaugarriak zehazteko daudela; guk urtean hamabi hilabetekoak izan behar dutela helarazi diogu Nafarroako Gobernuari, orain arteko prekaritatea bazter utzi ahal izateko».GORKA BIDARTEBaso suhiltzailea

Lau edo zortzi hilabetez lan egiten dute orain baso suhiltzaileek, eta, ondorioz, urteko gainerako zortzi edo lau hilabeteetan langabezia kobratzen dute —ahal dutenean—, edo bertze lan bat bilatu. Bidarte administrari lanetan aritzeko zerrendetan dago, suhiltzaile lana osatzeko. Horri esker, hain zuzen, aitatasun baimena jaso ahal izan du urtarrilean, haren semea jaio zenean: «Urtarrilaren 7an jaio zen, nire azken lanegunean; hurrengo egunean jaio izan balitz, baimenik gabe geldituko nintzateke. Kanpainen arteko lanik gabeko denbora horrek eragiten digun prekaritatearen adibide bat bertzerik ez da hori».

Prebentzioaren alde

Cordovillako parke nagusian egin dute baso suhiltzaileek otsailaren 29ko agerraldia. Parke horretan aritzen da Ana Paz Aullo, Rafael Aulloren arreba. Berrogei urte inguru egin ditu lanean; urte horietako anitzetan, helikopteroan. «Helikopteroaren helburua da suhiltzaileok ahalik eta azkarren uztea sua piztu den tokian, ahalik eta azkarren itzaltzeko, eta ahalik eta azkarren jakiteko suak zer bide eginen duen. Eraginkorrak izatea da kontua», kontatu du Ana Paz Aullok.

«Helikopteroaren helburua da suhiltzaileok ahalik eta azkarren uztea sua piztu den tokian, ahalik eta azkarren itzaltzeko, eta  ahalik eta azkarren jakiteko suak zer bide eginen duen. Eraginkorrak izatea da kontua».ANA PAZ AULLO Baso suhiltzailea

Sumatzen zaio bokazioa hitz egiteko moduan. Ana Paz Aullok garbi du gero eta sute gehiago eta handiagoak pizten direla, eta baso suhiltzaileek urte osoan egin beharko luketela lan. Prebentzioa funtsezkotzat jo du, eta suhiltzaile beteranoenen esperientziak duen balioa nabarmendu. «Oraingo lanpostuak egonkortzeko prozesuak balio beharko luke urte osorako lanpostu finkoak sortzeko, langile taldea egonkortzeko eta profesionalizatzeko», berretsi du Txumari Hurtadok.

Neguko kanpaina martxan da, apirilaren 30era bitarte; Cordovillan, Oronozen eta Auritzen dira suhiltzaileak; udakoa, berriz, ekainean hasiko da; Cordovillakoa izanen da udan baso suhiltzaileen erreferentziazko parkea, baina Lizarran, Zangozan, Lodosan, Azkoienen, Tuteran eta Tafallan ere egonen dira. Baso suhiltzaileek etenik gabe egin nahi dute lan: parkeetan urte osoan egon, eta neguan hasi udako suak itzaltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.