Zehaztutako orduan puntuan iritsi da Beatriz Larrageta zinemagilea (Iruñea, 1999); irribarretsu agertu da kafetegian, goiz samar izan arren. Kafesneari lehen zurrupada eman aurretik, argazkilariarekin aritu da kamerei eta pelikulei buruz hitz egiten. Emakumeak dokumentala prestatzen ari da, Ezkabako elkartasun sareko andreen inguruan.
Kamera digitalak bazter utzi, eta analogikoaren alde egin duzu Emakumeak filmatzeko. Zergatik?
Bai, hamasei milimetrotan filmatu dugu. Errumaniara bidali behar izan dugu pelikula, han errebela dezaten. Nire hautua izan da. Ez da beti eskura duzun aukera bat; aurrekontua izan dugulako erabaki dut analogikoaren alde egitea. Irudiari dagokionez, uste dut pelikulak aukera ematen digula iragan hori hobeki islatzeko. Ehundurak berak eramaten gaitu iraganera, eta, gainera, lanari eman nahi nion kutsu poetikoa islatzen lagundu dit. Erronka handi bat izan da, aldi berean.
Erronka, zergatik?
Ezin duzulako nahi adina ordu filmatu. Ezin duzu pelikula xahutu; beraz, aurretik ongi jakin behar duzu zer egin nahi duzun. Planoak buruan ongi irudikatu behar izan ditut, filmatzerakoan pelikula alferrik ez galtzeko. Gauza on bat izan da hori niretzat, behartu nauelako ongi zehaztera dokumentalean zer islatu nahi nuen.
«Ezkabako presoen inguruan asko dakigu, baina emakumeek egin zutenari buruz askoz gutxiago»
Ezkabako presoak laguntzeko sortutako sareko emakumeez ari zara, zehazki. Noiz izan zenuen zuk haien berri?
Arrotxapean bizi izan naiz, Ezkaba menditik hurbil. Halere, duela gutxi arte ez nuen emakumeon berririk izan. Ikasketak amaituta, kanpora joan nintzen lanera, eta duela bi urte itzuli nintzen Iruñera. Liburutegi batean topo egin nuen Memoriaren Autobusa elkarteak Ezkabako gotorlekuari buruz egindako liburu batekin; nik ezagutzen nuen gotorlekutik ihes egin zuten presoen istorioa, baina deus gutxi gehiago. Liburuak jakin-mina piztu zidan, eta hariari tiraka hasi nintzen.
Emakumeek osatutako elkartasun sareen berri jaso arte?
Bai. Ezkabako gotorlekuari buruzko beste liburu bat erosi nuen, Iñaki Alforjak eta Felix Sierrak idatzitakoa; presoen istorioen artean, presoak laguntzera Ezkaraba igotzen ziren hiru emakumeren testigantzak aurkitu nituen, eta erabat harrituta gelditu nintzen. Haien kontakizuna ezagutu bezain pronto, neure buruari galdetu nion zergatik ez ote nuen haien berri lehenago izan.
Emakumeak zirelako?
Bai; historiak, oro har, isilpean gorde ditu emakumeen istorioak. Ezkabako gotorlekuari buruzko kontakizunak, oro har, gizon aurpegia izan du; presoen inguruan asko dakigu, baina emakumeek egin zutenari buruz, askoz gutxiago. Niri berehala sortu zitzaidan haien inguruan zerbait egiteko gogoa. Elkartasun sare bat osatu zuten, eta Ezkabako presoen sostengu izan ziren.
Amaia Kowasch historialariak Sareak ehotzen liburua idatzi zuen emakumeoi buruz. Zu dokumentala filmatzen ari zara. Irudiek bertze zerbait eskaini dezaketelako?
Liburua irakurri nuen, eta informazio asko jaso. Baina kontua zen ikus-entzunezkorik ez zegoela emakumeon inguruan, eta haien istorioa kontatu nahi izan nuen.
Ezkabatik hurbil bizi izan zara. Zure leiho aurreko paisaiaren zentzua aldatu al da zuretzat?
Bai. Emakumeon historian sakontzen hasi nintzenean, Ezkaba mendira igotzen segitu nuen. Beti ibili izan naiz inguruan mendian, baina, emakumeon historia ezagutu eta gero, nire asmoa zen haiek mendian gora egiten zuten bide bera egitea. Azken bi urteotan, mendira igotzen nintzenean, neure buruari galdetzen nion handik pasatu izanen ote ziren, zer lore ikusiko zuten inguruan. Ikerlari edo bilatzaile bilakatu nintzen, nolabait.
Zeren bilatzaile? Memoriarena?
Bai, baina hori baino gehiago ere bada: emakume haiekin bat egin nahi izan dut espazioaren eta zentzumenen bidez. Toki berera joateak indar handia du niretzat; uste dut airean gelditu dela haien arrastoa.
«Egia da dokumentala, nolabait, emakumeok omentzeko modu bat dela, baina helburua ez da zor bat kitatzea»
Naturari garrantzi handia eman diozu zure proiektuan, ezta?
Bai, naturak garrantzi handia du, eta nabarmendu nahi izan dut. Paisaia bera, Ezkaba mendia, dokumentaleko protagonista nagusietako bat da. Dokumentala, finean, oso nirea da, badu kutsu poetiko nabarmen bat, eta esperimentala ere bada, neurri batean. Ezkabako loreak, lurra, landareak dira emakumeok eta ni batzeko elementuak.
Bazenuen lotura hori egiteko beharra? Gizarteak emakumeokin zor bat duela uste duzu?
Ni zinemagilea naiz; egia da dokumentala, nolabait, emakumeok omentzeko modu bat dela, baina helburua ez da zor bat kitatzea. Memoriaren Institutua eta gisako erakundeak eta historialariak daude horretarako. Nik emakumeon istorioak hartu ditut oinarri film eder bat egiteko asmoz. Nahiko nuke, noski, jendeak emakumeon berri izatea eta, filma ikusi eta gero, informazio gehiago lortzeko gogoa izatea. Filma ate bat izatea Ezkabako emakumeen historian sakontzeko.
Filmatzeko lana amaitzekotan zara, ezta?
Bai; lanaren zatirik handiena eginda dago jada. Azken bi urteotan, kamera zahar eta txiki batekin filmatzen aritu naiz ni Ezkaba inguruan; irudi traketsak nahi nituen, iraganeko arrasto hori emanen zidatenak. Kamera hori aukeratu nuen begia jarri behar duzulako zulotxoan filmatu nahi duzuna ikusteko. Beraz, hor dago nire begirada zuzena. Ezkabak toki nabarmena du lanean, eta elkartasun sareko emakumeen senideek ere bai. Badira elementu disruptore batzuk ere, baina horiei buruz hobe da deus ere ez aurreratzea eta pantailan ikustea.