Arteak bainoago, adiskidetasunak lotu ditu Variopintas kolektiboko kideak. «Lagunak gara», erran du Rebecca Gil kideak. Laguntasun horretatik abiatuta piztu zaie beren lan artistikoak partekatzeko eta obren inguruko gogoeta elkarrekin egiteko gogoa; modu erabat naturalean, alegia. Horregatik, pentsatutako erabaki bat izan ez den arren, ateak itxiak dituen talde bat da Variopintas. Kolektiboak Bertizko jaurerrian zintzilikatu du Ars Naturae, Natura Artis bere azken erakusketa, abuztuaren 31ra bitarte.
Gilekin batera, Leire Olkotzek, Idoia Iribertegik, Berta Sueskunek, Mila Garciak, Gabriela Barriok, Itziar Goñik eta Concha Pasamarrek osatzen dute Variopintas. «Nork bere lan egiteko modua du, eta bere nortasuna; askotarikoak gara, eta hori da interesgarriena», adierazi du Gilek. Artisten arteko solasaldi bat dago elkarrekin ondu dituzten proiektuetan, eta hausnarketa kolektibo horrek balio erantsi bat ematen die haien obrei. Pinturaren esparruan ari dira batzuk, eta ilustrazioarenean bertze batzuk; eskulturak ere badu toki bat Variopintas taldeko kideen artean, eta diseinuak eta idazketak ere bai.

Iruñeko Lezkairu auzoko Aitzindarien bidea izenburuko murala da Variopintas taldeko kideek elkarrekin egindako proiektuetako bat; Korrespondentzia izenburuko erakusketa da bertze bat; horrek pandemia garaiko konfinamendua du abiapuntu.
Gilen obrek irudiak eta hitzak lotu ohi dituzte; halaxe egiten dute Bertizen zintzilikatu dituenek ere. Gilek esplikatu du urte hasieran Iruñeko Ormolu galerian egindako bertze erakusketa bat izan dela Bertizko jaurerrikoa osatzeko abiapuntua. Naturaren inguruko gogoeta egin zuten lan horretan, eta hari segida eman diote Nafarroako Gobernuaren Kultur programarako prestatu duten proiektuan. Natura hartu dute abiapuntu, eta artistek naturarekin duten harremana landu, baina ez hori bakarrik. «Gure lanen bidez, artearen nondik norakoak jorratu nahi izan ditugu, artearen muina», azpimarratu du Gilek. Artistak gehitu du tokiak ere sortu duela nolabaiteko elkarrizketa bat obrekin eta erakusketarekin. «Bertizko jaurerria toki ederra da; naturak inguratzen du, eta horrek eragina du bisitariarengan».
Bisita eta tailerrak
Abuztuaren 8an bisita gidatua eginen dute. Variopintas kolektiboko artistetako batzuk ariko dira gidari lanetan, 12:00etan hasita. Gainera, tailerrak antolatu dituzte haurrentzat: abuztuaren 9an hiru dimentsioko txartelak egiten irakasteko bat eginen dute; eta abuztuaren 23an, Bertizko jaurerriko lorategia abiapuntu hartuta, paperezko loreak egitekoa antolatu dute.

Variopintas taldekoen asmoa da tailerron bidez haur eta nerabeei artearen esparruan murgiltzeko aukera ematea. Bertizko erakusketaren bidez, berriz, bisitarien parte hartzea sustatu nahi dute, oro har. Artistek lan guztiak lotzen dituen fikziozko istorio bat asmatu dute, eta bisitariek istorio horren amaiera asma dezakete. «Maleta bat jarri dugu erakusketaren erdian, bisitariek beren ideiak paper batean idatzi eta han gorde ditzaten. Ikusleak inplikatu nahi ditugu, haiekin elkarrizketa bat sortu», erran du Gilek.