Ozen entzun da eroen garrasi politikoa

Katakrakek zapalkuntza psikiatrikoari buruzko jardunaldiak egin ditu Iruñean; sistema psikiatrikoaren «egiturazko indarkeria» salatu dute, eta nabarmendu erantzun kolektiboak behar direla.

HARROTASUN EROA - MANIFESTAZIOA
Iazko Harrotasun Eroaren Eguneko manifestazioa, Iruñeko Sarasate pasealekuan. AITOR KARASATORRE / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

Hamarkada luzez psikiatrikoetako pareten artean gelditu diren oihuek lortu dute hormak zeharkatzea, eta sufrimenduak eragindako oihu horiek garrasi politiko bilakatu dira; eroek —irain gisa erabilitako hitz hori bere egin dute, eta esanahi politikoz bete—, sistema psikiatrikotik bizirik atera direnek, neurodibergenteek, desgaitu psikosozialek, pertsona psikiatrizatuek —anitz dira mugimendu eroaren barruan batzuek eta bertzeek euren buruaz aritzeko erabiltzen dituzten hitzak— urratsak egin dituzte antolatzeko, eta haien kontrako indarkeria salatzeko. Joan den asteburuan Iruñeko Katakraken egin dute bat, Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa jardunaldietan.

Elisenda Tuneu izan da jardunaldien antolatzaileetako bat. Katakrakek argitaratutako Judi Chamberlinen Por nuestra cuenta liburuaren itzultzaileetako bat ere bada. Tuneuk 1970ean Ameriketako Estatu Batuetan hasitako mugimendu bat aipatu nahi izan du, osasun mentaleko gaixoen askapenerako mugimendua, eta, jardunaldien bidez, mugimendu horren parte izan zirenak omendu. 

Madrilgo Harrotasun Eroa eta La Porvenir, Kataluniako Insania eta Activament, Bizkaiko Zoroa, Nafarroako Mejorana...; hainbat izan dira Iruñeko jardunaldietan parte hartu duten elkarteak eta proiektuak; Mexikoko Harrotasun Eroaren Sareko kideak ere aritu dira jardunaldietan, bai eta Kolonbiako ALCE egitasmokoak ere. Zigortze eta giltzapetze logikak ezabatzearen aldeko proiektua da azkena, eta horixe izan da Katakraken gehien entzun den mezua: badela garaia sistema psikiatrikoak bazter utz ditzan bere zigortze eta giltzapetze logikak. Sistema psikiatrikoaren «egiturazko indarkeria» salatu dute parte hartzaileek, eta «justizia eroa» aldarrikatu dute indarkeria horri aurre egiteko.

Latinoamerikan sortutako kontzeptu bat da justizia eroarena, «intersekzionalitatearen, eraldatze sozialaren eta burujabetzaren ikuspuntutik», Mexikoko Harrotasun Eroaren Sareko kide Victor Lizamak Iruñean azaldu duenez. Hegoalde globaletik, osasun mentalaren egungo paradigma apurtu nahi du justizia eroak, eta eromena aldarrikatu giza dibertsitatearen parte gisa, eromenaren patologizazioa, kriminalizazioa eta medikalizazioa salatu, eta eldarniorako eskubidea aldarrikatu.

«Osasun mentalari buruz hitz egiten da, baina ez da deus erraten indarkeria psikiatrikoei buruz; psikiatria patriarkatuaren, kapitalaren eta kolonialismoaren zerbitzura dago». FATIMA MASOUD

 Madrilgo Harrotasun Eroko kidea

Justizia eroak giltzapetze zentroak suntsitu nahi ditu, eta sistema psikiatrikoa behartu eragin duen sufrimendua eta kaltea ordaintzera. Sistema psikiatrikoak torturatzen duela errepikatu dute, behin eta berriz, jardunaldietan hitza hartu duten ekintzaileek, baina indarkeria hori guztia gizartearen gehiengoarentzat, oraindik ere, ikusezina dela: «Eroen hitza ez da kontuan hartzen», salatu dute.

Indarkeria psikiatrikoak

Ohera lotzea, botikak erruz ematea, elektroshock metodoa baliatzea... Sistema psikiatrikoaren lan egiteko moduak dira horiek, eta sufrimendu psikosoziala dutenen elkarteak dira jarduera horiek agerian utzi eta salatzen dituzten bakarrenetakoak. Mejoranak lortu du Nafarroako Gobernuak ohera lotzen dituztenen erregistroa egitea eta ezagutaraztea. 2023an, 171 aldiz lotu zuten norbait ohera, Osasunbidearen Iruñeko eta Tuterako ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan. Adingabeak ere lotzen dituzte: iaz, denera, hemeretzi.

«Osasun mentalari buruz hitz egiten da, baina ez da deus erraten indarkeria psikiatrikoei buruz; psikiatria patriarkatuaren, kapitalaren eta kolonialismoaren zerbitzura dago». Madrilgo Harrotasun Eroko kide Fatima Mosoudenak dira hitzak. Bat egin du Madrilgo La Porvenir proiektuko Crisek, eta aitortu du kezkatzekoa iruditzen zaiola mugimendu libertario anitzetan indarkeria psikiatrikoari buruz gogoetarik ez izatea: «Ez dugu espetxerik nahi, baina inor ez da psikiatrikoetan daudenekin kezkatzen; alderantziz, jendea harat bidaltzeko arazorik ez dute».

La Porvenirren sistematik at dagoen sarea sortu dute, pertsonen sufrimenduari aurre egiteko. «Egunerokoan sortzen diren egoerei aurre egiten diegu, denen artean biderik egokiena bilatuz». Kolektiboak eta komunitateak neurri handi batean sistema kapitalistak eragindako ezinegona eta sufrimendua arintzeko duten gaitasuna nabarmendu dute jardunaldietako parte hartzaileek. Komunitatetik sufrimendu horri aurre egitea dela erronka.

Iruñeko Katakraken martxoaren 2an eta 3an egindako 'Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa' jardunaldien hasiera. KATAKRAK
Iruñeko Katakraken martxoaren 2an eta 3an egindako Zapalkuntza psikiatrikoa eta eromenaren autogestioa jardunaldien hasiera. KATAKRAK

Entzuleen artean psikologoak eta psikiatrak egon dira, eta galdetu dute profesionalen eta mugimendu eroaren arteko aliantzak garatzeko aukeraz. Mugimendua askotarikoa dela erantzun diete, baina anitzek garbi dute aliantza horiek «ezinezkoak» direla: «Ez dut torturatu nautenekin hitz egin nahi», erran du Marikarmen Freek. Activament elkarteko Beatriz Perezek bertze bide bat eskaini die  profesionalei: «Jo dezatela estatuarengana, eta garbi erran dezatela ez dutela bertze inor indarrez giltzapetu nahi, ez dutela bertze inor ohera lotu nahi».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.