Abenduaren 1etik, Baztango Udalaren Zaintza Lanak enpresa publikoak kudeatzen du, zuzenean, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea: publikoa da, berriz ere. Urrats hori eginez, maiatzeko udal hauteskundeetarako kanpainan agindutakoa bete du EH Bilduk; koalizio horretakoa da Fernando Anbustegi alkatea, eta kontent da herritarren eta langileen aspaldiko eskaera bati erantzun ahal izan diolako: «Zaintza lanak duindu nahi ditugu». 2009tik orain arte, hain zuzen, Idea enpresak kudeatu du Elizondoko zahar etxea, eta urte horretatik, zerbitzuak publikoa behar zuela aldarrikatzen aritu dira egoitzako langileak, Baztango gizarte eragile anitzen babesarekin.
Azken urteotako bidea ez da erraza izan, eta 2020an piztu zen osasun krisiak agerian utzi ditu Elizondoko zahar etxeko arazoak eta zailtasunak. Datozen urteak ere «zailak» izanen direla garbi dute Baztango Udaleko agintariek eta zahar etxeko langileek, eraikina zaharberritzeko obrak hasi behar baitituzte apirila bukatu baino lehen. Lan horiek amaituta, egun baino toki gutxiago izanen ditu Elizondoko egoitzak, eta, ondorioz, egun dituen hainbat egoiliar tokiz aldatu beharko dituzte. Egoiliar gutxiago izanik lantaldea ere egokitu beharko dutela onartu du Baztango alkate Anbustegik. Udalak «kalitatezko zerbitzua» eskaintzea eta langileei, egoiliarrei eta haien senideei «ahalik eta kalterik txikiena» eragitea hartu du helburu.
Lau milioi euro
XIX. mendean sortu zuten Elizondoko zahar etxea. Baztango Udalak XX. mendean hartu zuen egoitzaren ardura bere bizkar, eta hainbat hamarkadaz, patronatu bat arduratu zen zahar etxea kudeatzeaz. Kudeaketa publiko hori 2009. urtean utzi zuen bazter orduko Baztango Udalak, eta Idea enpresa hasi zen egoitzaz arduratzen. 2009an, bost urterako kontratu bat sinatu zuten orduko udalak eta enpresak; 2014an berritu zuten, lehendabizikoz, eta 2019an bigarrenez.

2019an berritutako kontratua 2024ko ekainarekin batera bukatuko zen. Joan den maiatzean, EH Bilduk Baztango alkatetzari eutsi zion hauteskundeetan. Koalizioaren hasierako asmoa zen ekainean, kontratua amaitzen zenean, Elizondoko zahar etxeko kudeaketa bere esku hartzea. Azkenean, baina, urrats hori lehenago egitea erabaki du Baztango Udalak, eta udan eten du Idearekin zuen kontratua, bere kabuz —61.600 euroko kalte ordaina ordaindu dio enpresari—.
Egoitza zaharberritzeko beharrak baldintzatuta eman du udalak pausoa, Anbustegik onartu duenez. Izan ere, Baztango agintariek Espainiako Gobernuaren lau milioi euroren diru laguntza lortu dute —EH Bilduk eta PSOEk iaz Madrilen egindako akordioaren bidez— , eraikina zaharberritzeko obren lehen fasea egiteko. «Diru hori jasotzeko, lanak apirilaren 30ean hasi behar ditugu, beranduenez», zehaztu du Baztango alkateak.

Eta obrak hasteko, egun Elizondoko zahar etxean dauden hainbat egoiliar tokiz aldatu behar dituzte; eraikinak 155 toki ditu egun, eta 99 izanen ditu obrak egin eta gero. «Legeak agindutako kopurua da». Anbustegik azaldu du eraikina «zaharkitua» dagoela, eta anitz zailtzen duela egoiliarrei behar bezalako arreta ematea: «Pasabideak estuak dira, eta bainugela gehienak egokitu gabe daude».
Langileek, udalak bezala, garbi dute Elizondoko zahar etxeak zaharberritzeko «behar handia» duela. Garbi dute, halaber, prozesu horrek guztiak haiei ere eraginen diela, baina «kontent» dira zerbitzua hobetzeko aukera emanen duelako. «Kalitatezko zerbitzua eman nahi dugu, eta orain arteko baldintzetan zaila da», erran du Elizondoko zahar etxeko langile eta langile batzordeko kide Itziar Ortuostek.
Pandemiaren eragina
Ortuostek lankide eta batzordekide ditu Mila Amiano, Inma Gandullo eta Izaskun Irisarri. 2009ko protestak oroitu dituzte laurek, Elizondoko zahar etxeko kudeaketa pribatizatzeko urratsaren aurka, eta oroitu dituzte, halaber, 2019an egindakoak, udalak Idea enpresarekin zuen kontratua berritu ez zezan. 2020an, pandemiak agerian utzi zuen langileok zahar etxe barruan begi bistan zuten errealitatea: nekez ematen ahal zutela kalitatezko zerbitzua enpresak ezarritako baldintzetan. Ratioak kezkatu ditu hasieratik, eta egoiliarrei «merezi duten» arreta emateko izan dituzten zailtasunak nabarmendu dituzte. «Gaizki zegoenak okerrera egin zuen pandemiarekin. Egoerak gainezka egin zien zahar etxeko arduradunei; Nafarroako Gobernuak bere esku hartu behar izan zuen ardura. Gurea izan da hildako eta gaixo gehien izan duen zahar etxea Nafarroan», azaldu du Ortuostek, tristuraz.
Langileek zaintzaren garrantzia jarri nahi izan dute beti erdigunean. «Garairik zailenetan ere, egoiliarren alde egin dugu. Ahalik eta arretarik onena ematen saiatu gara beti», erantsi du Imna Gandullok. Irisarrik onartu du, halere, egoerak egoiliarrei ere eragin diela.
Zahar etxeko langileek 2020ko abenduaren 19an egindako protesta bat aipatu dute euren borrokaren mugarri nagusi gisa: Elizondoko egoitza inguratuko zuen giza kate bat antolatu zuten. «Baztango bertze gizarte eragile anitzekin jarri ginen harremanetan: pentsiodunekin, feministekin, gazteekin... Berrehun pertsona espero genituen, eta laurehun etorri ziren. Babes hori gabe, segur aski amore eman izanen genuke egun hartan», erran du Mila Amianok. Mobilizazioen ondorioz, gainera, lan hitzarmen berria sinatu zuten langileek, 2022ko martxoan.

Langileek aitortu dute etorkizunak kezkatzen dituela. Batetik, badakitelako berrogei egoiliar inguru tokiz mugitzeko prozesua «gogorra» izanen dela. Horixe nabarmendu du Izaskun Irisarrik: «Egun, egoiliarretako 59 dira Baztangoak; ingurukoak ere badira, bai eta Iruñerrikoak eta Sakanakoak ere, bertzeak bertze». Bertzetik, lantaldean egon daitezkeen aldaketek eragin dute langileen kezka. Anbustegik ez du ukatu aldaketak izanen direla; zehaztu du, halere, saiatuko direla lantaldea ahalik eta gutxien murrizten, eta egin beharreko murrizketak langileak erretiroa aurrez hartuta eta gisako neurriak sustatuz eginen dituztela. Udalak langileekin hitz egin nahi du; langileek eskertu dute udal agintariekin orain arte izan duten harremana. Kalitatezko zaintza bermatzea dute helburu, eta «adi» egonen direla erran dute, argi eta garbi.