Xaboia ez da nahikoa arropa garbitzeko

Marokoko Attawasol elkarteko Lamia Azuz eta ehungintzako langile Nadia Ahesbi Nafarroako Parlamentuan izan dira. Salatu dute enpresa handiek erabiltzen dituzten tailerretako baldintzek ez dituztela errespetatzen langileen eskubideak.

Marokoko ehungintzako langileen lan baldintza kaskarrak salatzeko lan saioa Nafarroako Parlamentuan.
Attawasol elkarteko Lamia Azuz, ehungintzako langile Nadia Ahesbi, Setem elkarteko Jose Luis Mariñelarena, Reas sareko June San Millan eta Fatima Lansari kultur bitartekaria, hilaren 20an, Iruñean. NAFARROAKO HITZA.
edurne elizondo
Iruñea
2024ko martxoaren 30a
05:00
Entzun

Marokotik etorri dira Iruñera, Marokon gertatzen denari buruzko ardurak mugak zeharkatzen dituelako: AEBetako eta Europako ehungintzaren arloko enpresa handiek herri horretan ekoizten dituzte euren arropak, prozesua merkatzeko, eta, horretarako, langileen eskubideak kontuan hartzen ez dituzten baldintzak ezartzen dituzten tailerrak erabiltzen dituzte. Nadia Ahesbi marokoarra da, ehungintzaren arloko langilea, eta Nafarroako Parlamentuan izan da —martxoaren 20an—, Marokoko Attawasol elkarteko kide Lamia Azuzekin batera, tailer horietan gertatzen denaren berri emateko. Ahesbik eta Azuzek nabarmendu dute enpresek erantzukizuna dutela.

Ahesbi eta Azuz Setem elkartearen Arropa Garbia kanpainaren barruan etorri dira Iruñera. Kanpaina horren bidez, Setem elkarteak agerian utzi nahi izan du kontsumitzaileek duten erantzukizuna ere. Izan ere, Nafarroako dendetan saltzen da Marokon eta bertze hamaika herritan baldintza hagitz prekariotan ari diren langileek egindako arropa, eta Nafarroako Parlamentuan ere janzten dute: Azuzen eta Ahesbiren agerraldian, PSNko parlamentari Inma Jurio izan da onartzen lehena Inditex, Mango eta halako enpresa handiek Marokon-eta egiten dituzten arropak erabiltzen dituela. Juriok PPko Isabel Garcia Malori eskatu dio, bost minutuko atsedenaldian, bere jaka urdinaren etiketa begiratzeko; Zarakoa dela berretsi dio Garcia Malok parlamentari sozialistari.

2013an Bangladeshko Rana Plaza eraikinean hildako 1.138 langileen aldeko omenaldia, iaz, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
2013an Bangladeshko Rana Plaza eraikinean hildako 1.138 langileen aldeko omenaldia, iaz, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Arropa merkearen prezioa langileek ordaintzen dute, lantegiak dauden herrietan. Horixe salatu du Setem elkarteak. 2013ko apirilaren 24an, Rana Plaza eraikina erori zen Bangladeshen, Dhaka hiriburuan. Nazioarteko marken arropa egiten zuten 1.138 pertsona hil ziren, eta 2.000 lagun baino gehiago zauritu. Marokon, Tanger hirian, 28 langile hil ziren 2021eko otsailaren 8an, urak haien lantegia hartuta.

Sindikatuen zailtasunak

«Lantegia soto batean zegoen; ezin izan ziren handik atera», oroitu du Lamia Azuzek. Tangertik etorri da Iruñera, Nadia Ahesbirekin batera. Azuz lan eskubideen aldeko Attawasol elkarteko idazkari nagusia da, eta azaldu du lan eskubide horien berri emateko eta betearazteko ari direla lanean. Ez da lan erraza, ordea, nabarmendu duenez: «Sindikatuek zailtasun handiak dituzte lantegietan sartzeko; sindikatu batekin bat egiten duten langileak kaleratu egiten  dituzte, eta zerrenda batean sartu, bertze inon kontrata ez ditzaten».

Elkartearen bidez, zailtasun horiek gainditzeko urratsa egin nahi dute: langileei informazioa ematea da haien helburu nagusietako bat; bertze bat, berriz, langile horiek trebatzea. «Ehungintzan ari diren langile anitzek ez dakite idazten eta irakurtzen; alfabeta daitezen ari gara lanean, langileok ahalduntzeko asmoz», erran du Azuzek, Iruñean.

Nadia Ahesbik ongi ezagutzen du Tangerko lantegietako errealitatea: haurdun zegoelako bota zuten lantegi batetik, eta, bere eskubideen alde borrokatzea erabaki eta gero, zailtasun anitz izan ditu bertze lan bat lortzeko. Orain, kontraturik gabe ari da, eta orduko 1,6 euroko soldata jasotzen. Arabieraz mintzatu da Ahesbi parlamentarien aurrean, eta Fatima Lansari kultur arteko bitartekariak itzuli ditu haren hitzak.

«Sindikatuek zailtasun handiak dituzte lantegietan sartzeko; sindikatu batekin bat egiten duten langileak kaleratu egiten dituzte, eta zerrenda batean sartu, bertze inon kontrata ez ditzaten». 

LAMIA AZUZMarokoko lan eskubideen aldeko Attawasol elkarteko idazkari nagusia

Ahesbik azaldu du zortzi edo bederatzi orduko lanaldiak maiz bilakatzen direla hamabi, hamahiru edo hamalau orduko lanaldi. Fabriken egoera latza da: «Ez dago batere garbitasunik, eta jateko toki bat ere ez dugu. Karrikan bazkaldu behar izaten dugu, kartoi baten gainean eserita». Emakumeak dira ehungintzaren arloan ari diren langile gehienak, eta lantegietako arduradunen —horiek gizonak dira— sexu erasoak sufritzen dituzte maiz.

Hamazazpi herritan

Setem elkartearen Arropa Garbia nazioarteko kanpaina bat da; berrehun elkartek baino gehiagok egin dute bat egitasmoarekin, eta Europako hamazazpi herritan garatzen dute. Nafarroako Reas ekonomia sozial eta solidarioko sareko kide da Setem, eta, herrialdean, sare horren bidez bideratzen dituzte arropa garbiaren aldeko aldarriak. «Munduan, ehungintzarena da giza eskubideak urratzeko arrisku handiena duten alorretako bat; adingabeak ere aritzen dira, egoera erabat zaurgarrian», salatu du Nafarroako Setemeko kide Jose Luis Mariñelarenak.

Martxoaren 20an, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin eta gero, Iruñeko Geltokin antolatutako mahai inguru batean parte hartu zuten Lamia Azuzek eta Nadia Ahesbik, Marokoko eta bertze hamaika herritako lantegietan gertatzen dena salatzeko. Enpresek fabrika horietan gertatzen denaren gainean erantzukizuna dutela berretsi dute bi emakumeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.