Toloño itzalpean, kolore pintzelkadak

Mendilerroaren magalean mahasti, haitz eta ubideek paisaia koloretsua osatzen dute; Erdi Aroko gotorleku garrantzitsua bisitatzeko aukera eskaintzen du Bastidak.

ANAKOZ AMENABAR BASTIDA
2007ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Horixka, gorria, berdea. Toloño gailurretik (1.271m) ubide eta mahasti sailek kolore anitzeko lurraldea osatzen dute Arabako Errioxan. Haren maldetan ikusgarriak dira bertako iturburuetatik Bastida herria hornitzen zuten ubidearen arrastoak, eta elurzuloak ere ikus daitezke inguruetan, antzina elurrez bete eta inguruko herrietan saltzeko erabilitakoak. Euskal Herriko mendilerro luzeenetarikoan urte osoan bisitarien joan-etorria handia bada ere, ekaineko lehenengo igandea berezia izaten da Toloñon, inguruetako herrietako jendea igotzen baita orduan. Txorizoa, odolkia eta inguruetako ardo ona ez dira falta izaten jaialdian.

Erdi Arora atzera egingo dugu, Toloño mendilerrotik Buradon Gatzagara zuzentzen badugu begirada. Garaiko ate eta dorreak nagusi, XIX. mendera bitartean ustiatu zituzten gatzagek ematen diote izena herriari. Hiribildua da Buradon, eta bertara gazteluko bi ateetatik sartu ahal izango gara. Ipuinetako herrien moduan, kale estuen artean osteratxoa egitea da gomendagarriena herri txiki honetan. Oñatiko kondeen jauregia, Sortzez Garbiaren parrokia eta Santa Anako erromes ospitalea ezin dira ikusi gabe utzi.

Bastida ere Toloño magalean kokatzen da, gastronomia, paisaia ederra eta historiaren gotorleku. Buradon Gatzagatik bi orduko ibilaldia eginda helduko gara bertara. Conchas de Haro izeneko haizpitarte ikusgarria eta Briñas (Errioxa) igarota aurkituko dugu Bastida.

Aste barruan herri lasaia den arren, asteburu eta oporraldian hamar aldiz handitzen da biztanleria. Izan ere, gustu beste aukera eskaintzen ditu Araba Errioxako txoko honek. Menditik txangoa egin, ondo bazkaltzeko aukera, eta historian atzera murgiltzeko aitzakia perfektua.

XVII eta XVIII. mendeetan izan zuen loraldiari esker, jauregi eta armarri etxe ugari daude Bastidan. Borroka leku (Bastio) izan zenaren arrastoak ere oraindik mantentzen dira, harresiz inguratuta. Larrazuriko arkutik sartu eta hirigune historiko interesgarria aurkituko dugu, monumentu izendatutakoa.

Kalerik kale, eraikin eder ugarirekin egingo dugu topo. Egungo kultur etxea den Salazartarren jauregia, Quintanotarren etxea eta Arteagarena, besteak beste. Estilo greko-erromatarreko altxor arkitektonikoa da herriko udaletxea ere, eta Jasokundeko Andre Maria elizak ere merezi du bisitatxo bat. Ia hiru mende iraun zuten eliza eraikitzeko lanek. Musika zaleek organo baliotsua ikusi ahal izango dute bertan. XVII.mendeko pieza hau Euskal Herriko baliotsuenetakoa da.

Hiriaren sorleku izan zen malden gainean dago Kristo Santuaren baseliza. Aipatzekoa da haren ate ederra, erromanikoaren erakusle. Gotorleku ezaugarriak dituen eraikin horretatik ikuspegi bikainak daude herri osora. Izan ere, bertatik, Ebro ibaia baino harantzago dagoen lautada guztia ikusten da. Barrualdean erromaniko aurreko eliza baten arrastoak eta haitzean zulatutako hainbat hilobi ere badaude. Eta herriko inguruetan ere, haitz garaietan eta ubideetatik gertu, IX. eta X. mendeetako nekropoliak ikus daitezke, mila inguru. Hilobi antropomorfo horien artean Erremelluriko Andre Mariaren basetxekoak dira aipagarri, gaur arte ondo mantendu direlako.

Herri barrenetik bisita egin ostean, harri eta eraikinak alde batera utzi eta kanpoaldean dagoen San Gines parkean lasaitasunerako tartea izango dugu, herrigunetik bi kilometrora. Izen bereko baselizaren inguruan, hamaiketakoa egin edo haurrekin jolasteko aukera ona izan daiteke.

Eta mahastien lurraldean ezin ardorik falta. Toloño mendilerroaren eta Ebro ibaiaren arteko klima bereziari esker, kalitate bikaineko muztioak eskaintzen dizkigu. Bastidako kaleetan barrena, upategi ugarirekin egingo dugu topo, antzinako lurpeko zuloetatik egungo upategi modernoetara. Bisitatu nahi dugun upategian aurrez izena emanda, hainbat ardo mota izango dira dastatzeko prest.



GOTORLEKUTIK GAILURRERA BIDEAN. Bastidatik iparralderantz abiatzen bagara, Erremellurira helduko gara. Mahats bilketa garaian ikuskizun ederraz gozatzeko aukera izaten da inguruko lurretan. Bertako upategi ezagunean osteratxoa egin eta maldan gora, berriz ere, Toloñoko gailurra egingo dugu. Bastidatik Calvario izeneko bidetik abiatuta, baita ere, Kantauriko mendilerrora iritsiko gara.

Bidean hainbat ezustekorekin egingo dugu topo. San Gines baseliza ederra ikusiko dugu, bertan San Lorentzo eta San Joanen irudiak gordeta dituela. Tabuernigako dorrea ere bidean topatuko dugu, basoaren erdian bakarti. Toloño gailurrera abiatu aurretik, atseden hartzeko Humilladero baselizan ere geldiunea egin daiteke. Ikuspegi ederra dago bertatik. Gaur egun saien bizileku den paraje honetan, harkaitzen artean, monjeen eta gerlarien aztarnak ikus daitezke. Toloñoko santutegiko elurzuloa dago bertan. Bideari jarraituta, Andra Maria komentua ere ikusiko dugu. Bertako hondakinetik gertu zegoen Toloñoko gaztelua, lautadako mugimendu guztiak zaintzeko gotorlekua. Zorte pixka batekin, gainera, zaldi basatiekin ere egingo dugu topo, zelaietan belarra jaten.

Iparralderantz begira, beste gotorleku bat ere ikusiko dugu, Urizaharra. Zaldunen garaiak gogora, gerra garaiko armarri eta etxeak ikus daitezke bertan. Bidean Bergantzu eta Ocio herriak ere ezagutuko ditugu. Ibilbideari jarraituta, Bergantzu atzean utzi eta Errege bideari segika, Inglares ibaiaren ezkerraldetik abiatuko gara. Larreko Andra Maria baseliza ere bidean izango dugu zain. Hiru kilometroko ibilbidea eginez, beste gune estrategiko batera helduko gara, Ocioko gaztelura. Izen bereko herrixkaren zaindari dago, haitz gainean. Hondatutako hormak zeharkatuta sartu ahal izango dugu barrura. Burdin Aroko jendeek bertan hartu zuten aterpe, muino garaienean, herria baino 110 metro gorago baitago kokatuta.

Egun-pasa egiteko proposamen ugari eskaintzen du Toloño magalak. Bastidan eta Buradon Gatzagan historia, gastronomia eta aisia tartekatzeko, edota mendi txangoak egiteko aukera bikaina.

 

JAKINGARRIAK

 


Nola iritsi: Gasteiztik barrena N-1 errepidea hartu behar da 327 kilometrora heldu arte; orduan, N-124 errepidea hartu beharko da Guardia eta Logroño (Espainia) bidean. Beste aukera A-68 autobidea izan daiteke, Logroño norabidea hartuta.

Non jan: Ondo bazkaltzeko aukera ugari eskaintzen ditu Bastida inguruak. Patatak errioxar erara, baratxuri zopa edo txuletak dastatzeko aukera eskaintzen dute, esaterako, Petralanda, Ariño eta Jatorrena jatetxeek. Azken horretan, gainera, ostatu hartzeko aukera dago (0034) 945 331050.

Argibide gehiago: Bastidako turismo bulegoa (0034) 945 331015.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.