1.260 korrikalari ariko dira Ehunmiliak probaren 14. ekitaldian

Uztailaren 11, 12 eta 13an egingo dira hiru lasterketak: Ehunmiliak, G2H eta Marimurumendi maratoia. Emakumezkoen partaidetzan izan den gorakada azpimarratu dute antolatzaileek, eta atzerritik ere inoiz baino gehiago datozela azaldu dute.

Mikel Ierobi Ternuako ordezkaria, Azahara Dominguez Mugikortasun eta Turismo diputatua, Leire Artola Beasaingo alkatea, Andoni Zubeldia probaren zuzendaria eta Mireia Trigueros EMFko ordezkaria aurkezpen ekitaldian. EHUNMILAK
Mikel Ierobi Ternuako ordezkaria, Azahara Dominguez Mugikortasun eta Turismo diputatua, Leire Artola Beasaingo alkatea, Andoni Zubeldia probaren zuzendaria eta Mireia Trigueros EMFko ordezkaria aurkezpen ekitaldian. EHUNMILIAK
ramon olasagasti
2025eko uztailaren 3a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur aurkeztu dute Ehunmiliak ultratrail proba Beasaingo Igartza jauregian; 14. ekitaldia izango da aurten. Uztailaren 11 arratsaldeko 18:00etan hasi eta hilaren 13ra arte, 1.260 korrikalari lehiatuko dira hiru probetan: Ehunmiliak ultratrailean (171 km / D+ 10.500 m), Goierriko bi Handiak trailean (90 km / D+ 5.500 m) eta Marimurumendi maratoian (42 km / D+ 2.300 m). Distantzia luzeenean 360 partaide ariko dira; G2Hn, 550 korrikalari eta Marimurumendi maratoian, 350 lasterkari.

Andoni Zubeldiak, lasterketaren zuzendariak, emakumezkoen partaidetzan urtez urte izaten ari den gorakada azpimarratu du aurkezpenean. «Egia da distantzia luzean oraindik ere gutxi direla, 28 emakume aurten, baina G2Hn 56 izango dira eta Marimurumendin 64. Hau da, maratoian, partaideen %18 emakumeak izango dira, eta bagoaz pixkanaka ehunekoa handitzen». Atzerritarren parte hartzea ere inoiz baino handiagoa izango da aurten: 13 herrialdetako korrikalariak ariko dira hiru lasterketetan, horietatik 51 kanpotarrak.

Irabazteko hautagaien zerrenda zabala da aurten ere. Besteak beste, hauek aipatu ditu Zubeldiak: Marimurumendi maratoiaren kasuan, emakumezkoetan, Ainhoa Intxausti, Henar Lazaro, Isabel Sandoval, Lorea Totorika, Elena Calvillo eta Alba Loras; gizonezkoetan, berriz, Asier Azkarate, Endika de las Heras, Markel Urigoitia, Ruben Ruzafa, Jacob Pinazo, Gaizka Lasa...

Goierriko Bi Handiak proban, hauek izango dira aurreko tropelean lehian ibiliko direnetako batzuk: emakumezkoetan, Olatz Azazeta, Ane Zabala, Leire Martinez, Raffaella Ciavola, Davinia Corrales, Oihane de los Ojos; eta gizonezkoetan, berriz, Ander Iñarra, Mikel Auzmendi, Iñigo Arantzamendi, Iraitz Legorburu, Javier Manuel Pena eta Mikel Insausti.

Ehunmiliak lasterketa luzean, azkenik, izen hauek aipatu ditu lasterketaren zuzendariak: emakumezkoetan, Martina Poelzelbauer, Chelo Velasco, Miriam Llop, Maria Victoria Soler, Severine Duhalde eta Cristina Bataller; eta gizonezkoetan, Fidel Fernandez, Igon Manzisidor, Jesus Gil, Unai Dorronsoro, Jean-François Cauchon eta Christophe Cantanheira.

Ehunmilak probaren aurkezpena
Antolatzaileak eta babesleak probaren aurkezpeneko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU

Esker ona 1.600 boluntarioei

Korrikalariak izango dira «protagonista», baina Zubeldiak 1600 boluntarioen lana eskertu nahi izan du —«ziur aski, munduko trail ekitaldi garrantzitsu bakarra izango da korrikalari baina boluntario gehiago dituena»— baita korrikalarien segurtasuna zaintzen ariko diren Gurutze Gorriko 150 kideen eta larrialdietako 24 mediku eta erizainen laguntza ere.

Ehunmiliak probako partaideak ostiralean 18:00etan abiatuko dira Beasaingo plazatik; G2Hkoak, ostiralean, 23:00etan, eta Marimurumendikoak, igandean, 08:00etan. Bi lasterketa luzeetako korrikalariak txip bidez geolokalizatuta egongo dira, eta, beraz, ikusleek, lagunek eta senideek aukera izango dute unean berean non dabiltzan jakiteko probaren webgunearen bidez. Autobus zerbitzuaren ordutegiak, pasaera denborak eta bestelako informazio praktiko guztia ere probaren webgunean kontsulta daitekeela azpimarratu du Zubeldiak.

«Gure ingurunea pribilegiatua da, ibilbidea Aralar eta Aratz-Aizkorri parke naturaletatik igarotzen da. Zain dezagun natura, zain ditzagun gure altxorrak, utz dezagun mendia garbi-garbi»

ANDONI ZUBELDIAEhunmiliak probaren zuzendaria

Eusko Jaurlaritzarekin eta Ihoberekin iaz martxan jarritako Erronka Garbia ekinaldiari jarraipena emanez, jasangarritasunaren eta ingumenaren aldeko aldarria egin du probaren zuzendariak: «Jarraitu behar dugu garraio publikoa erabiltzen, hondakinak bereizten... Edalontziak berrerabilgarriak izango dira, eta, bestela, konpostagarriak. Korrikalariei ere ahalegin berezia eskatu nahi diegu hondakinak bereizteko. Gure ingurunea pribilegiatua da, ibilbidea Aralar eta Aratz Aizkorri Parke Naturaletatik igarotzen da. Zaindu dezagun natura, zaindu ditzagun gure altxorrak, utz dezagun mendia garbi-garbi».

Leire Artola Beasaingo alkateak, beste behin, «ilusioz eta harrotasunez» daudela nabarmendu zuen, Ehunmiliak proba ez delako kirol ekitaldi huts bat, «bihotzetik ateratzen den herri ekimena baizik, gure komunitatearen indarra eta babesa adierazten duena». Hori dela eta, eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta boluntario guztiei; alkatearen hitzetan, «haiek gabe proba honek ez lukeelako zentzurik». Probaren kalitatearen eta korrikalariei egiten zaien harreraren azpimarra ere egin du Artolak. «Udaletik gure konpromisoa berretsi nahi dugu beste behin, Ehunmiliak lasterketaren asteburuak eragin onuragarria baitu eskualdean, bai komunitatea sendotzeari dagokionez, bai bertako merkataritzan eta ostalaritzan duen eraginari dagokionez ere. Azkenean, aukera paregabea da zer garen eta nolakoak garen adierazteko».

Mikel Ierobi Ternua Groupeko ordezkariak Ternuak probarekin aspalditik duen konpromisoa azpimarratu eta berretsi du, «lasterketa bat baino gehiago ekitaldi ikaragarri bat delako», Ierobiren hitzetan. «Komunitatea, inguruko jende askoren atxikimendua eta laguntza, boluntarioen emana, naturarekiko errespetua... balio asko ditu Ehunmiliak lasterketak, eta horiekin guztiekin bat egiten du Ternuak ere. Menditik gatoz gu ere, eta gogoko dugu elkarlana, bidelagun eta sokalagun izatea. Horregatik, gure esker ona adierazi nahi dugu honen parte izateagatik».

Mireia Trigueros Euskal Mendizale Federazioko mendi lasterketen arduradunak azpimarratu du Ehunmiliak «erreferentziazko proba eta ultratrailaren festa» dela. «Euskal Herrian horrelako proba bat izatea handia da. Euts diezaiogun horri antolatzaileek, markek, federazioek eta babesleek». Azkenik, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako diputatuak proba honek Gipuzkoako turismoan duen eragina azpimarratu zuen. «Mugarri turistiko nagusietako bat da Goierrin; horrela adierazten dute datuek. Kanpotik jendea asko dator, eta horrek bultzada handia ematen dio eskualdeari, eta aberastasun handia sortzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.