Tolosako Hamalau Orduak ibilaldiaren 17. aldia egin zen atzo, Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta. Iraupen luzeko martxen artean zaharrena –1925ean egin zuten lehen aldiz– eta entzutetsuenetakoa da Tolosakoa. Izena emandako 1.588 partaideetatik, eguraldi iragarpen txarraren beldurrez edo, 1.302 abiatu ziren azkenean Tolosatik —emakumezkoak %41—, ibilbidearen 68 kilometroak osatzeko asmoarekin. Zaparrada eta ekaitzen bat edo beste gorabehera, eguraldia azkenean ez zen hain makurra izan, eta partaide gehienak pozik heldu ziren Berazubiko helmugara.
Nolanahi ere, aurreko egunetan eta egunean berean izandako zaparraden eraginez, lokatz handia zegoen ibilbidean, eta horrek ohi baino gogorragoa egin zuen martxa. Oro har, mendizaleak beste aldi batzuetan baino atzerapen handiagoarekin heldu ziren Berazubiko estadiora. Ateratako guztietatik 1.161 heldu ziren Tolosara; hau da, arrazoi bat edo beste zela medio, %10 pasatxo erretiratu ziren.
Parte hartzaileen artean denetarik izan zen: ibilaldia ederki ezagutzen zutenak eta maiz egin izan dutenak, lehenengo aldia zutenak, bakarka egin zutenak, familian edo lagunekin osatu zutenak, eta entrenatzeko baliatu zutenak. Ohiko moduan, lokaztua bai, baina gozatzeko eguna eta mendi festa erabatekoa izan zen atzokoa. Horren erakusgarri, Pablo Dendaluzek prestatutako laburpen bideo ederra.
Tolosaldeko Atariak luze eta zabal eman zuen atzo ibilaldiaren berri. Hona hemen ibilbideko hainbat lekutako irudi sorta.
Abiatu da Hamalau Orduak martxa.
Gorritira lanbro artean iritsi dira mendizaleak.

Lekunberrin indarrak hartzeko geldialdia.
San Migel: puntu gorenera iritsi dira ibiltariak.
Ibilbidearen bihotza: Igaratzako irribarreak.
Amezketa, arropa eta oinetako lehorrak jartzeko gunea.
Mendizaleak asebeteta iritsi dira Tolosara.