Mendia

143 kilometro Antartikan

Julen Urdaibaik helburua bete du Antartikako maratoian eta 100 kilometrokoan, 5. eta 3. postuak lortuta

Julen Urdaibai Antartikako lurzoru izoztuan, lasterka. JULENURDAI.
2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Julen Urdaibai bermeotarrak mota guztietako lurzoruetan egin du lasterka. Amazoniako Jungle Marathon lasterketan eta Saharako Sables maratoian tenperatura altuak jasan ostean, beste muturrera egin du salto oraingoan, Antartikako tenperatura baxuetara. Ordura arte, ez zuen izotzean lasterka inoiz egin, baina lurzoru horretan ere ederki moldatzen dela erakutsi du parte hartu duen bi probetan: Antartic Ice Marathon izenekoan —5. postua lortu du— eta 100 kilometrokoan —3. izan da—.

Bi proba horietako bat bukatzeak meritua badu, zeresanik ez biak egiteak; are gehiago bien artean soilik 17 orduko atseden tartea izan zuela kontuan hartuta. «Lo egiteko dendaren barruan0 gradu genituen une oro, eta horrek asko moteltzen du osatzea. Hasieratik konturatu nintzen hotzak asko eragingo ziola organismoari», dio lasterkariak. Urdaibaik eta britainiar batek soilik lortu zuten bi probak bukatzea; aurretik egindako prestaketa landua nabaritu da.

Maratoian, 16 jatorritako50 parte hartzailek eman zuten izena. Ikuspegia mugatzen zuten haize boladak gelditu eta probari hasiera eman ziotenean, zero azpitik 16 graduko tenperaturak jasan behar izan zituzten korrikalariek. «Haizea izan da gogorrena, zalantzarik gabe. Tenperatura baxuak, haizerik gabe, eramangarriak dira; haize pixka bat altxatzen denean zeharo gogortzen dira baldintzak», onartu du. Urdaibaik 4 ordu eta 46 minutu behar izan zituen proba bukatzeko, eta 5. postua eskuratu zuen.

Hori gutxi balitz bezala, eta soilik 17 orduko atsedenaldiarekin, Antartikako 100 kilometroei ekin zien bermeotarrak. 13 ordu eta 8 minutu behar izan zituen Urdaibaik proba amaitu eta hirugarren postua eskuratzeko. Are balio handiagoa hartzen du hirugarren postu horrek, kontuan hartuta lehenengo bi sailkatuek maratoian parte hartu ez zutela eta indar guztiak proba horretarako gorde zituztela. «Abentura aberasgarria izan da hainbat arlotan, ez bakarrik kirol arloan. Antartikako ingurua zoragarria da, gogorra bezain ikusgarria», adierazi du bermeotarrak.

Azken erronka berezia izan dabermeotarrarentzat, 1921ean Kantauri itsasoan egondako galerna batetan hildako arrantzaleak omendu nahi izan baititu.143 arrantzale bizkaitar hil ziren, horietatik 116 bermeotarrak. Bi proben arteko kilometroak batuta, 143 kilometro izan dira guztira, hildako arrantzale bakoitzeko kilometro bana. Aurten 100. urteurrena izaki, omenaldi berezia eskaini die Urdaibaik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.