Aizperrotik Hiru Erregeen Mahaira erromes

Intzeko Dorrea igo, eta Aizperroko Zulora jaitsi dira Urmugako partaideak. Trikuharri eta mairu baratzeen artean, txalapartaren, harparen eta panderoaren soinuan murgiltzeko aukera izan dute.

Aizperrotik Hiru Erregeen Mahaira erromes.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Aralarren bihotzean ibili da asteartean Urmugako mendizale taldea. Lizarrusti-Baraibar etapa egin dute; hain zuzen ere, duela urte batzuk, orain baino elur gehiago egiten zuen garaietan, iraupen eskiko martxa herrikoi jendetsuak egin zuen ibilbide bera. Lizarrustiko parketxetik abiatu, eta, pagadi artean, bide markatuari jarraitu diote. Alleku eta Putxerri mendiak utzi dituzte alde batera. Azken mendi hori Nafarroako Sakanarengainean agertzen da zintzilik,eta jentilen bizitokia izan da euskal mitologiaren arabera, Txindoki bezala; hau Mariren bizitokia izan zen, aurretik pasatutako Anboto eta Aizkorriren antzera.

Aralar natur parkeak 200 km karratu ditu, Gipuzkoan eta Nafarroan banatuta. Sarbide nagusiak Larraitz, Guardetxe eta Lizarrusti dira. San Migel santutegia da monumentu nagusia, fededun asko bildu dituena aspalditik. Historiaurretik datozen trikuharri, mairu baratze eta zutarri ugari aurki daitezke han. Mendiaundiko arkuak dira beste eraikuntza bitxi batzuk, ate koxkorra duten etxetxo kupuladunak, kareharrian ezkutatuak, sabai gangaduneko babeslekuak. Ardiak eta, batez ere, arkumeak otsoetatik babesteko eraiki zituzten inguruko artzainek. Artzainak ere bizi ziren bertan. Berriz ere otsoen istorioak, bigarren egunean pasatutako Santiago mendian bezala. Tuturretik Artubira eta Belokiko maldetan ere arku asko dago. Euskal Herriko beste lekuetan ere bai, eta baita hemendik kanpora ere.

Ur mugaren bitxikeria

Ur mugarekin zerikusia duen bitxikeria bat dago han. Pagomari eta Desao inguruan sortutako ur korronteak Ataungo Aia-Iturrietan isurtzen dira, eta, handik, Bizkaiko golkora, Agauntza eta Oria ibaien bitartez, geografikoki isurialde mediterraneoan egon arren.

Igaratzako ermitara eta Aralarko Adiskideak elkarteak duen aterpera iritsi eta indarrak hartu ondoren, Errenaga putzutik pasatuta, Aralarko mendirik altuenera jo dute, ur mugatik zertxobait apartatuz: Hirumugarrieta edo Intzeko Dorrea (1.430 m). Ondoan ditu Malloak, eta, azpian, Araitz bailara osoa ikus daiteke, ikuspegi ederra.

Handik aurrera, dena behera da bidea, Baraibarreraino. Lekunberrin dutxatu eta zerbait jan ondoren, arratsaldeko kontzertura abiatu dira Aizperrora, Pago Maritik gertu. Kontxa modukoa den anfiteatro natural hori jada aurreko mendeko 60ko hamarkadan erabili zuten mendizale tolosar batzuek Kike Ugarte munduko akordeoilari txapeldun gaztearen kontzertu bat antolatzeko. Urte askoren ondoren, beste musika emanaldi bat izango da, baina interprete ugarirekin, eta ideia tolosar baten buruan sortua: Migel Zeberio Et Incarnatus orkestraren zuzendaria.

Bertsoa eta orfeoia

Hari orkestra izan da Aizperroko kontzertu horren ardatza, baina beste elementu askoren laguntzaz. Enrike Solinis gitarra jotzailearen musika intimoarekin hasi da emanaldia, agertoki naturalerako oso egokia, haren oihartzun ederrari esker. Et Incarnatusen Norvegiako doinu parea, mantra tibetarra eta erlijio doinuak ere izan dira Donostiako Orfeoiarekin batera, errepertorio anitza eta zabala duela erakutsiz. Inguruan zebilen Aitor Mendiluze, eta ondoan txabola duen Julio Soto ere bertsotan jarri dituzte antolatzaileek, ustekabean. Estalpetik artegira begira bezala sentitu dira, eta ikusleak, harkaitzetatik zintzilik dauden putre gisa. Giroa ikusita, akelarrea proposatzera ere ausartu dira.

Kantari ugari pasatu dira oholtza berdetik: Txomin Artola, Maddi Oihenart, Xendarineko ahizpak, Kristina eta Leire, Leturia... Bakoitza bere estiloko kantuak eskainiz, orkestrarekin batera. Horietako pieza askotan, lagun izan dituzte Juantxo Zeberio, tekletan, eta Gorka Benitez, saxoan eta flautan, lan ederra eginez beti, Dimako, Urbiako eta Lareoko emanaldietan bezala. Oreka TX bikotea izan da sorpresa zoriontsua, harrizko txalapartaren soinu magikoak sortuz antzoki magikoagoan.

Eta, jaialdia bukatzeko, Kristina eta Leirek eta Leturiak jarri dute festa giroa, orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera. Santiago de Compostelara eraman dituzte entzuleak erromes. Urmugalariak, erromesak bezala, Orreagatik pasatuko dira, Hiru Erregeen Mahaian bukatzeko. Abestiak dioen moduan: ┬źNor edukiko dute zain, zein santu?┬╗.

BIHARKO ETAPA:

12. Etapa: Belate-Urkiaga(Uztailak 25)

19 km; 1.262 m igo, 1.172 m jaitsi; 7-8 ordu; Kintoa ingurua, Belateko galtzada, Okolin eta Saioa, Artesiaga, Artsal, Enekorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.