Alpinismo arkeologikoaren diziplinak ondare historikoa, arkeologia bera eta mendiko jarduna lotzen ditu, eta haien arteko zubiak sortzen. Arlo horretan ospe handia duten nazioarteko hainbat ikertzaile izan dira Azpeitiko Mendietxe museoan, jardunaldi tekniko batean. Hauek bildu dira: Denis eta Annie Pivot (Frantzia); Matthias Hofle (Alemania); Denis eta Joanne Louise Boudreau (Estatu Batuak); Maria Catalina Soto, Amparo Personal, Raul Macia Sanchez eta Jose Manuel Sanchez (Espainia). Dean Fidelman argazkilari entzutetsua ere izan da bisitan, eta paisaiaren, ondarearen eta ikerketaren arteko bat egiteei buruz aritu da.
Hala azpimarratu du Alex Txikon mendizaleak eta museo proiektuaren arduradunak: «Mendiak ez dira kirol erronken kokagune soilak; mendian hainbat istorio, memoria eta iraganeko ikasbide asko ere gordetzen dira. Hori gogorarazten digu mendiaren eta arkeologiaren arteko lotura honek. Mendietxe museoan hainbeste herrialdetako espezialistak biltzea aukera paregabea da jakintzak partekatzeko eta guztiona den ondare bati balioa emateko».
Jardunaldik izaera teknikoa izan du batez ere, eta alpinismo arkeologikoak duen ondare eta zientzia balioa aztertzeko hainbat lan saio egin dituzte bertan bildutako adituek. «Ezagutza truke horren helburua ikasketa eremua aberastea da, eta Mendietxe museoa nazioarteko erreferentzia kultural eta zientifiko gisa kokatzea», adierazi du Txikonek.
Euskal erakunde nagusietako ordezkariek ere bat egin dute egitasmoarekin, eta «topaketaren garrantzi estrategikoa» azpimarratu dute. Bertan izan dira Jakes Agirrezabal, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea; Roberto Ramajo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria; Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua; Libe Otegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Ricardo Hernani, Euskal Mendizale Federazioko presidentea; Martin Montañes, Nafarroako Mendi Federazioko lehendakariordea; Ander Larrañaga, Azpeitiko Udaleko Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Batzordeko presidentea; Jesus Mujika, Urola Erdia eskualdeko Turismo koordinatzailea; eta Oihana Aranbarri, eskualdeko Turismo bulegoko arduraduna. Mendietxe museoaren proiektuari babesa azaldu diote guztiek.
Alde horretatik, erakundeen babesak Mendietxe museoaren garrantzia «indartuko» duela azpimarratu du Txikonek, «ez bakarrik museo gisa, baita ikerketaren, ondarearen eta lurraldearen arteko topagune gisa ere».