Amaia Razkin bigarren eta Asier Labairu hirugarren HOKA Val d’Aran by UTMB proban

Uharte Arakilgo korrikalaria «dena emanda» aritu zen 103 kilometroko proban, eta «ondo» atera zitzaiola dio. Mundu osoko 83 herrialdetako 6.000 korrikalari lehiatu dira zazpi distantziak kontuan hartuta.

Amaia Razkin bigarren Val d'Aran by UTMB proban
Amaia Razkin helmugako kanpaia jotzen, bigarren postuan. VAL D'ARAN BY UTMB
ramon olasagasti
2025eko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bost ekitalditan, trail running-eko nazioarteko lasterketarik entzutetsuenetakoa bihurtu da UTMB zigiluaren pean egiten den Aran ibarreko proba. Mundu osoko 83 herrialdetako 6.000 korrikalari baino gehiago lehiatu dira ostegunetik igandera bitartean probaren zazpi distantzietan. Eta horietako bitan, podiumera igo dira bi euskal korrikalari: Amaia Razkin Uharte Arakilgo (Nafarroa) korrikalaria bigarren izan da CDH proban (103 km, 5.775 m+), eta Asier Labairu iruindarra (Nafarroa) hirugarren EXP distantzian (32 km, 2.000 m+).

Ostegunean, uztailaren 3an, hasi zen Aran ibarreko proba, PDA lasterketarekin (52 km eta 2.950 m+). Emakumezkoetan, Miao Yao txinatarra izan zen irabazle (05:31:39) Sylvia Nordskar norvegiarraren (05:36:29) eta Ikram Rharsalla (05:47:02) marokoar jatorriko espainiarraren aurretik. Gizonezkoetan, Nadir Maguet italiarra gailendu zen (04:52:06), Leonard Mitrica izan zen bigarren (05:00:16) eta Pablo Bautista hirugarren (05:05:19).

Ostiralean egin zen CDH lasterketa. Hasieran, 110 kilometroko ibilbidea egitekoa zuten, baina, ekaitzen ondorioz, ibilbidea zazpi kilometro laburtu behar izan zuten antolatzaileek (103 km, 5.775 m+). Mari Klakegg Fenre norvegiarra izan zen irabazle (12:31:45) eta, aipatu bezala, Amaia Razkin bigarren (14:12:08), Elodie Pierre frantsesaren aurretik (14:24:05). Helmugan pozarren zen Razkin, aurtengo bere lehen lasterketan: «Dena ondo atera da. Urrian egin nuen azken lasterketan, uzkurrago ibili nintzen, eta oraingo honetan dena ematera atera naiz. Neure buruari esan diot: ‘lehertzen banaiz, lehertuko naiz, baina probatu egin behar dut’. Eta ondo atera da. Izan ditut tarte txarrak ere: azken igoera, adibidez, oso gogorra egin zait, eta uste nuen atzetik zetorrenak harrapatuko ninduela, baina ez da horrela izan. Eutsi diot, eta gustura amaitu».

Gizonezkoetan, Baptiste Coatantiec frantziarra nagusitu zen (10:53:36) CDH proba horretan, Manuel Anguita espainiarra izan zen bigarren (10:57:16) eta Oriol Barbany kataluniarra hirugarren (11:13:12).

Asier Labairu hirugarren Val d'Aran by UTMB proban
Asier Labairu (ezkerrean) hirugarren izan da EXP proban (32 km, 2.000 m+). VAL D'ARAN BY UTMB

Ostiralean bertan abiatu zen proba luzeena ere, VDA (142 km, 7.250 m+). Azken bi ekitaldietan bertan behera geratu eta gero, aurten egin ahal izan da, azkenean, baina aurten ere zertxobait laburtu behar izan dute ibilbidea. Emakumezkoetan, Laura van Vooren belgikarra izan zen garaile (20:26:37), Yuanyuan Wu txinatarra bigarren (20:38:22) eta Anva Cinde errumaniarra hirugarren (22:11:23). Gizonezkoetan, Arthur Joyeux-Bouillon frantziarrak jo zuen kanpaia beste inork baino lehen (16:25:48), eta haren ondotik helmugaratu ziren Santos Gabriel Rueda argentinarra (16:53:56) eta Arnau Segui kataluniarra (17:13:03).

Larunbatean, SKY Master bizia (15 km eta 800 m+) jokatu zen Pla de Bereten. Emakumezkoetan, Rosa Lara espainiarra izan zen garaile (01:24:43), Nuria Tarragoren (01:33:17) eta Cristina Garciaren aurretik (01:34:19). Gizonezkoetan, berriz, Alex Garcia Carrillo valentziarra (Herrialde Katalanak) gailendu zen (01:11:30); Adrian Ivars valentziarra, izan zen bigarren (01:15:52) eta Andres Garcia Blanco espainiarra hirugarren (01:17:30).

Igandean, azkenik, EXP proba jokatu zen (32 km, 2.000 m+), eta harta ere euskal herritar bat izan zen podiumean: Asier Labairu iruindarra hirugarren helmugaratu zen. Proba Dominik Tabor poloniarrak irabazi zuen (02:28:18), Bruno Arguelles espainiarra izan zen bigarren (02:36:08) eta Labairu hirugarren (02:41:45). Emakumezkoetan, Moana Lilly Kehres alemaniarra gailendu zen (03:01:00), Aina Cusi kataluniarraren (03:02:33) eta Rebecca Kohne hegoafrikarraren aurretik (03:03:49).

Distantzia guztietako sailkapenak, probaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.